EP TALDEAK AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRAK
EP TALDEAK I. OINARRIARI AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
1. Aldez aurreko gogoetak. Collagea eta maximalismoa.
2. Bereizten eta urruntzen gaituena
2.1. Identitatearen eta lurraldetasunaren lehenespena
2.2. Gizarte eta berdintasun izaerako edukien murrizketa
2.3. Estatus politikoa Estatutuaren bidez aldatzea
3. Adostasuna sortzen duena eta batzen gaituena
3.1. Euskadiren definizio inklusibo bat, gure berezitasunaren balioa nabarmentzen duena
3.2. Gizarte-eskubideen lehenespena
3.3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren garrantzia
3.4. Geure autogobernua babestea
4. Gure proposamena
1. Aldez aurreko gogoetak. Collagea eta maximalismoa.
Maximalismoa ez datza herri-proiektu propio eta bereizia izatean. Hori erabat logikoa eta zilegi da. Eta alderdi politiko guzti-guztiok daukagu geure herri-proiektua. Maximalismoa, ordea, proiektu guztien arteko ezberdintasunak bateratzeari uko egiten dion jarrera da. Maximalismoa gertatzen da norberaren jarrerak mugiezin bihurtzen direnean.
Hizpide dugun gaian, nabaria da desadostasunak leuntzeari uko egin zaiola, edukia egituratzeko moduari, hautatutako terminologiari eta hura erabiltzean dagoen asmoari erreparatzen badiegu. Elementu horiek guztiak EAJren hitzaurre-proposamenean aurki ditzakegu, eta denontzako tokia ez daukan herri-proiektu bat eratzen dute. Maximalismoa da, beste modu batean esateko, ez ulertzea gai honen inguruko akordio bat lortzeko ez dela nahikoa paragrafo pare bat, beren testuingurutik at, testuan txertatzea. Kontua ez da collage bat, egokiagoa edo desegokiagoa, egitea.
Mahai gainean hainbat herri-proiektu daudenean, adostasuna bilatzeko orduan onartu behar dugu besteen proiektuak zilegi eta baliodunak direla, norberaren proiektua bezalaxe. Proiektu ezberdinak ditugun talde ezberdinek parteka dezakegun oinarria denon artean eraikitzeko borondatea izatean datza hori. Maximalismoak besteen proiektuak gutxiesten ditu eta norberarena gainbaloratzen; besteak norberaren egitasmora makurtu beharko liratekeela pentsatzen du, beraien esaldi edo ideia solte pare bat itsatsiz.
Elkarrekin Podemos taldean adostasunak lortzeko benetako borondatea daukagu, baita gure hasierako jarrerak mugitzeko ere, akordio bat lortze aldera. Baina akordio horren ezaugarriak EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosen artean –EH Bilduren abstentzioarekin– ponentzia hau eratu zenean adostu genituen berberak dira, hitzez hitz:
- "ezberdinen artean ahalik eta adostasun handiena" lortzea, "euskal herritarren gehiengo zabal eta plurala" izateko.
- "autogobernua, zentzu zabalean ulertuta; besteak beste, eskubide sozial, ekonomiko edo kulturalen sendotzea eta areagotzea, belaunaldien arteko solidaritatea kontuan izanik".
- "ordenamendu juridikoa" eta "euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoa" errespetatzea.
Eta aurretiazko akordio hauek dira, EAJk aurkeztutako testuan agertzen ez direnak, hain zuzen ere, boto partikular hau gidatzen eta egituratzen duten arrazoiak.
Dokumentu hau, boto partikular konstruktibo eta propositiboa izan dadin, bereizten edo urruntzen gaituzten gaien inguruan eta batzen edo ados jartzen gaituztenen inguruan antolatu dugu. Betiere, Elkarrekin Podemosek gai guzti-guztietan bere jarrera propioa adierazteari uko egin gabe.
2. Bereizten eta urruntzen gaituena
2.1. Identitatearen eta lurraldetasunaren lehenespena
EAJk aurkeztu duen hitzaurre-proposamenaren desoreka agerian jartzen duen datu azkar bat da 23 puntu erabiltzen direla (aurrekari historikoak bazter utzita) lurralde eta identitate gaiez jarduteko, eta 9 baino ez gai sozialei heltzeko. Erkaketarekin jarraitzearren, batik bat sinbolikoa dena, 9 aldiz jarduten da eskubide historikoez, eta euskal herria 11 aldiz aipatzen da; euskal herritarrak, ordea, 5 aldiz baino ez dira aipatzen. Euskadi hitza bera –erkidego gisa dugun izena– behin baino ez da ageri, eta Euskal Herria, aldiz, 4 bider ikus dezakegu.
Datu horiek ez dute erakusten soilik identitatearen eta lurraldearen alorrak nolako pisua daukan gizarte gaien kaltetan; horrez gain, identitateari ematen zaion orientazioan bertan, gure herriaren kontzepzio nazionalistari eta, areago, ikuspegi jeltzale bati ematen zaio bidea. Testuinguru honetan nekez egingo dugu bat herri-egitasmo ezberdinak ditugun taldeok.
Izan ere, sakonean, termino batzuk edo beste batzuk erabiltzeaz haratago, herri-ikuspegi jakin bat datza barne-barnean, identifikazio bat marrazten duena: herri bat, nazio bat, hizkuntza bat, identitate bat, zuzenbide bat, historia bat… Hori bereziki nabarmena da EAJren proposamenaren 14 eta 16. apartatuetan. Soziologiaren eremuan "nazionalismo metodologikoa" esan izan zaiona da. Kontzeptu hau ez dator bat eta talka egiten du euskal gizartearen pluraltasuna baieztatzen duten beste agiri batzuetatik ateratako testuekin.
Euskal herritarrek kultur elementu bereziak eta hizkuntza eta kultura propioak dauzkatela esatea ez dago gure gizartearen pluraltasunarekin kontrajarrita, inola ere ez. Gizarte plurala gara identitateetan, kidetasun sentimenduetan, ideologietan, eta aukera eta proiektu pertsonaletan. Eta ikuspegi hori, hain zuzen ere geure identitatearen definizioan aurrera egiteko oinarria izan behar dena, erabat itxuraldatuta dago Hitzaurrearen proposamenean.
Izan ere, proposatutako testuan, aipatzen diren aurrekari historikoak berak ere modu partzialean aztertzen dira. Berriro ere, ez da nahikoa besteen edukiak, testuingurutik aterata eta itxuraldatuta, edozein modutan jasotzea. Esate baterako, 1936ko Estatutuak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lehenbiziko erakunde komunak sortu zituela ez aipatzea ulertezina da.
Beste horrenbeste Gernikako egungo estatutua ez betetzeaz aritzerakoan, gobernatzen duen nazionalismoaren erantzukizuna aipatu ere ez baita egiten: hamarkada luzez onartu dute lege organiko hori betetzea edo ez betetzea beste tankera bateko itunen mende geratzea, hala nola presidenteen inbestidurak edo Madrilgo aurrekontuetarako akordioak. Eta hori esanez ez dugu zuritu nahi PPren eta PSOEren gobernuen erantzukizun eztabaidaezina; baina azken 39 urteotan gertatu denaren kontakizun zintzoa osatu nahi genuke.
2.2. Gizarte eta berdintasun izaerako edukien murrizketa
Gizarte-eskubideetan
Dagoeneko azaldu dugu beste agiri batzuetako atalak jasotze hutsaz ez dela egitasmo partekatu bat eraikitzen. Modu berean, hori ez da bidea Elkarrekin Podemosek egin dituen planteamendu sakonak bereganatzeko. Adibidez, gizarte-eskubideak jasotzean, horiek formalki aitortu baino ez dute egin, eta ez da bermatzen eskubide horiek benetan gauzatu ahal izatea. Horrek Estatutua asmo-adierazpen huts bihurtzen du. Ez da hori eskatzen dugun jauzi kualitatiboa, gizarte izaerako edukiak akordioen muinaren barruan egon behar direla esaten dugunean.
Are gehiago, alor horretako testuak, neurri handi batean gure proposamenetik datozenak, ikaragarri itxuraldatu dira. Herritarrek beren eskubide sozial eta ekonomikoak benetan gauzatu ahal dituztela bermatzeko orduan erakunde publikoek duten erantzukizuna aipatu ere ez da egiten. Hain zuzen ere, erantzukizun hori kontzeptu lauso, eztabaidagarri eta guztiz neoliberaletara bideratzen da, hala nola, "pertsonen arteko elkarlanera".
Testu honetan bada ageriko hutsune bat, ez baita aipatzen erakundeen konpromisoa dohaineko eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalekin. Hezkuntza publikoa, osasun publikoa eta gizarte-inklusioko sistema ez dira inon ageri, gizarte-eskubideak aipatu ere ez baitira egiten. Ildo berean, deigarria da behar bezalako lanpostu bat izateko eskubidea ez dela inondik ere ageri.
EAJren proposamenean azaldutako terminoetan, itun sozialaren berritzea, hala ulertuta, atzerapauso nabaria litzateke.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean
Logika bera jarraitu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Elkarrekin Podemosen aburuz, estatutu-agiri bat egitean, uko egin ezin diogun aukera daukagu emakumeen benetako berdintasunarekin eta eskubideekin dagoen zor historikoa kitatzeko.
Itun batek, ez badu erakusten, hitzaurretik bertatik, modu zentral eta transbertsalean, euskal gizartearen eta erakundeen konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekin eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten eraikuntzarekin, herritarren erdia baztertzen ditu.
Beste behin ere, gure agirietako edukiak hartu dira, testuingurutik atera dira, eta sakontasuna kendu zaie. Hasieratik bertatik, EAJk proposatutako testuak hutsune deigarri bat du: ez du adierazten emakumeek gure gizartean pairatzen duten berdintasun eza patroi estruktural eta sistematiko baten, hau da, patriarkatuaren, ondorio dela.
Hasiera kaskarra, inondik ere: EAJren planteamenduak auzi hau saihestu duela konpentsatzeko, zenbait esaldi eransten dira, motz gelditzen direnak. Gure ustez ez dira emakumeek, mugimendu feministak eta euskal gizarteak egin dituzten aurrerapenen tamainakoak. Ez dira emakume eta gizonek lortu nahi dugun gizartearen tamainakoak.
Berdintasuna benetakoa izan dadila nahi dugu. Euskadi indarkeria matxistatik libre egotea nahi dugu. Beraz, Estatutuan, ez da nahikoa adierazpen moduko hiru paragrafo orokor, formal eta asmo oneko sartzea. Nahi horiek eta emakumeen eskubideen babesa dokumentu osoan zehar agertu behar dira, eta leku eta garapen zentral, sakon eta askozaz ere anbizio handiagokoak izan behar dute dokumentuaren hasieratik bertatik.
2.3. Estatus politikoa Estatutuaren bidez aldatzea
Testu osoan zehar termino ezberdinak tartekatzen dira, eta une batzuetan nahasmena sortzen dute; ez dakigu zein den subjektu politikoa, eskubideen eta burujabetzaren titularra. Une batzuetan, euskal herriaren eta Euskal Herriaren kontzeptuak nahasten dira. Beste batzuetan, aldiz, subjektua Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa dira.
Nolabait ere, arazoaren funtsa koherentzia eza da: batetik, baieztatzen da indarrean dagoen esparru juridikoa errespetatu egin behar dela eta, bestetik, egiten den planteamenduak hura goitik behera gainditzen du. Behin eta berriro, eta nahita, "Estatutu" terminoaren ordez "estatusa" erabiltzen da: antzekoak diren arren, erabat ezberdinak dira. Lehenak lege edo araubide juridiko bat du hizpide, eta bigarrenak, aldiz, Euskadik estatuan daukan posizio erlatiboa. Gogoan izan beharko genuke autogobernuko Ponentzia honen eratze-erabakian berariaz aipatzen dela "Gernikako Estatutuaren erreforma".
Ildo berean, nahita nahasten dira aldebiko estatus bat eta eskumenen aldebiko blindajerako mekanismoak edukitzea. Lehenengo kasuan, Euskadi estatuan txertatzeko modua aldatzeaz ari gara. Bigarrenean, nola artikula ditzakegun tresna eta neurri egokiak estatutu berria ez betetzea edo edukiz hustea saihesteko, Gernikako Estatutuarekin gertatutakoa gogoan. Bi gauza dira. Izatez, dagoeneko badira aldebiko tresnak, hala nola Ekonomia Ituna, Estatuarekin aldebiko estatusik ez daukagun arren.
Zentzu horretan, gauza bata eta bestea lortzeko bidean legezko tresna ezberdinak erabiltzeko egin dugun proposamena berretsi beharrean gaude. Kanadaren gisako gardentasun-lege edo -itun bat estatusari buruz erabakitzeko, eta Estatutu berri bat gure izaera nazionalaren aitorpenean aurrera egiteko, eskubide sozialak blindatzeko, edo olatu birzentralizatzaileen aurrean autogobernua gauzatzeko tresna juridikoak bilatzeko.
3. Adostasuna sortzen duena eta batzen gaituena
Alderdiok herri-proiektu ezberdinak (zilegi direnak) ditugun arren, erabat sinetsita gaude aukerak badaudela euskal herritarren belaunaldi oso batentzat onuragarria izango den akordio bat erdiesteko.
3.1. Euskadiren definizio inklusibo bat, gure berezitasunaren balioa nabarmentzen duena
Gaur egun, akordio zabal bat lor dezakegu gure erkidegoaren definizioaren inguruan, geure burua ulertzean dugun pluraltasun hori (euskal ezaugarria dena erabat) barnean hartzen duena eta, gainera, partekatzen ditugun berezitasun guztiekin naturaltasunez erlazionatzen dena.
Gaur egun, euskal herritarren eta alderdien artean akordio zabal, plural eta transbertsala lor dezakegu hainbat gairen inguruan, besteak beste: geure burua komunitate politiko gisa aitortzea, gure izaera nazionala, Nafarroarekin edo Iparraldearekin dauzkagun era guztietako loturak, edo gure kultur elementu berezienak, adibidez, euskara. Eta hori egiterakoan, ez dago zertan gure pluraltasuna behartu, ez lege-esparrua gainditu, hasiera batean adostu genuenez.
Are gehiago, erraza litzateke bat etortzea ideia honetan: estatutu bat baldintza hauetan adostea geure erabakitzeko eskubidea gauzatzeko modu bat dela. Batik bat, akordio hau, euskal herritarren ordezkari legitimoek berresteaz gain, herritarrek berek, erreferendum baten bidez, berretsiko luketela aintzat harturik.
Hori guztia aurrerapen nabarmena litzateke, gaur egungo egoeraren aldean. Hori lortzeko, gure ustez, zenbait klabe daude. Alderdien artean posibilismo ariketa bat egin beharko litzateke, ekintza hauen bidez, besteak beste:
- subjektu politikoa euskal herritarrei aitortzea, eta ez bestelako entitateei.
- hasiera-hasieratik, potentzialtasun eta muga gisa, adieraztea herritar horiek pluralak direla eta hala izaten segitu behar dutela.
- modu kolektiboan komunitate politiko bateko kide garela adieraztea.
- komunitate politiko honen izaera nazionala deskribatzea, kultura, historia, hizkuntza eta soziologia izaerako ezaugarriak kontuan izanik (uste dugu, aurretiazko agirian adierazi genuenez, formula hau arazorik gabe egokituko litzatekeela Konstituzioan eta Auzitegi Konstituzionalaren 31/2010 Epaian).
- geure kultura daukagula nabarmentzea. Kultura horren erakusgarri nagusia euskara da, denok partekatutako ondarea, alegia.
- Nafarroarekin eta Iparraldearekin lotura dugula aitortzea, eta indarrean dagoen legezko esparru honen barruan partekatutako erakundeak sortzeko aukera dagoela adieraztea.
Gaur, zailtasun nagusia ez datza gehiengoak Euskal Herria deritzogu errealitate hori onartzean. Auzitan dagoena da errealitate hori izatea estatutu baten subjektu politikoa. Gaur, euskal herritarren gehiengo zabal batek naturaltasunez adierazi nahi dugu lotura historikoak daudela Euskadiren eta Nafarroaren eta Iparraldearen artean. Bestalde, naturaltasun osoz planteatu gura dugu erakunde partekatuak eratu daitezkeela. Hain zuzen ere, indarrean dagoen Estatutuan bertan aukera hori ageri da. Arazoa sortzen da errealitate hori eskubideen subjektua eta abiapuntuko (eta, ia-ia, helmugako) errealitate politikoa denean. Edo beste lurralde horietako herritarren iritzia kontuan izan gabe egitea.
Gaur egun, euskal herritar gehienek argi daukate euskara geure hizkuntza dela. Eta ez dago zalantzatan, halaber, nazio izaera dugula. Arazoak sortzen dira baieztapen hori identitate bakarraren klabean egiten denean, horrek bazter uzten baitu Euskadin eta Euskal Herrian hainbat identitate daudela. Konpromisoa daukagu, ez bakarrik gure gizartearen pluraltasuna aitortzearekin, baizik eta pluralismoarekin, pluralak izaten jarraitzearekin.
3.2. Gizarte-eskubideen lehenespena
Herritarren kezka nagusiak enplegua, haren urritasuna eta kalitatea, hezkuntza eta osasun publikoak, etxebizitza, gizarte-inklusioa eta diru-sarreren bermea dira. Eta kontu hauetan, estatutu bat funtsezko tresna da, dagoena sendotuz eta nabarmen hobetuz aurrera egiteko.
Gizarte-eskubideen blindajeaz ari garenean, ez gara ari soilik haien aintzatespen formalaz, baizik eta eskubide zibil eta politikoen garrantzi bera emateaz. Batzuk gauzatzea askozaz ere zailagoa da –eta, zenbaitetan, bideraezina ere bai–, besteak ez baldin badaude bermatuta. Lotura estua dago bien artean.
Baina gehiago ere esan genezake: gizarte-eskubideak bakarrik gauzatu daitezke baldin eta erakunde publikoek horiek sustatzeko konpromiso argi, erreal eta loteslea hartzen badute. Eta konpromiso hori politika publikoetan, gutxieneko aurrekontu-zuzkiduretan eta zerbitzu publiko jakin batzuk bermatzean gauzatzen da, gutxienik unibertsaltasuna, doakotasuna eta kalitatea ezaugarri izan behar dituztenak.
Klabe hauetan, eskubide sozialen garapena izango da etorkizuneko Estatutuaren atalik mardulena, alde handiarekin. Eta, dudarik gabe, alor hori izango da euskal herritarren bizi-baldintzetan eraginik zuzenekoena duena.
Baina, are gehiago, eskubide horiek eredu ekonomiko eta sozial jakin bati lotuta daude, zeinaren oinarri eta printzipioak Estatutu berrian islatu behar diren. Ziurgabetasun globaleko eta elkar-mendekotasuneko testuinguru honetan, oinarri horiek denontzako aukerak sortzearekin edo jasangarritasunarekin lotuta daudela ziurtatzea ez da gutizia. Jokoan daude gure gizartearen gizarte-kohesioa eta oparotasuna. Hori izan beharko litzateke, eta ez beste bat, indar politikoen eginkizun eta kezka nagusia: nola ezarriko ditugun garapen gizabidezko eta jasangarri baten oinarriak gure lurraldean.
3.3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren garrantzia
Gaur, Euskadin, munduko beste edozein gizartetan bezalaxe, emakumeek, biztanleriaren erdia direnek, berdintasun faltako egoera estrukturala bizi dute, beren eskubide eta askatasunak gauzatzeko orduan. Errealitate horrek indarkeria izaera jasotzen du sarritan. Errealitate honek, feminismoaren ikuspegitik, izena du: heteropatriarkatua.
XXI. mendean, edozein gizarte itunek errealitate hori elementu nagusitzat hartu behar du. Hala ez egiteak berdintasun eza betikotzea ekarriko luke.
Zentraltasun hori ez da bakarrik termino absolutuetan neurtu behar, hau da, zenbat espazio hartzen duen; hori esanguratsua izan daitekeen arren, zerikusi handiagoa dauka hasiera-hasieratik eta bere sakontasun osoan presente egotearekin. Ituna eta Estatutua planteatzen diren modua bera aldatu behar da.
Emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunarekin, gizarte-eskubideekin bezala gertatzen da. Kontua ez da soilik adierazpen formal bat egitea edo hutsik dagoen konpromiso bat hartzea; politikak, aurrekontuko zuzkidurak eta zerbitzu publikoak bideratu behar dira berdintasunaren alde eta indarkeria matxistak (hartzen duten forma hartzen dutela ere) desagerrarazteko bidean.
Euskal emakumeak, gizarte osoak lagunduta, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko borrokan aitzindari dira munduan; hori ere gure gizartearen ezaugarri berezietako bat da. Emakume hauek, gizarte honek, beren borroka, nahi eta eskubideen tamainako Estatutua espero dute. Aukera hau ezin dugu alferrik galtzen utzi.
Gaur, Euskadik, bertako herritarrek eta erakundeek aurrerapauso galanta egin dezakegu alor honetan, alderdi politikook gaiari ematen diogun garrantziaren neurrian. Gure esku dago eta konpromiso argia izan beharko litzateke, hitzaurretik bertatik hasita.
3.4. Geure autogobernua babestea
Indar politikoen artean adostasun zabala dago Estatutu berria tresna eta lanabes egokiez hornitu beharrari buruz, 1979ko testuak pairatu dituen betetze eza eta hustuketa partziala ez daitezen berriro gertatu.
Ildo berean, indar politiko gehienok uste dugu hainbat motatako mekanismoak ezartzeko aukera dagoela (besteak beste, aldebikotasuna), geure burua gobernatzeko eskubideari eusteko. Ekonomia Ituna, hain zuzen ere, aldebiko mekanismoen adibide dugu.
Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da argitzea, gorago egin dugunez, aldebiko tresna edukitzeak (gaur egun gertatzen den bezala) ez duela esan nahi Estatuarekiko harremana aldebikoa denik.
Estatuarekin aldebiko harremana izateko, geure estatus juridiko eta politikoa aldatu behar dugu, eta hori ezin daiteke estatutu-erreforma baten bidez egin, gehiagotan esan dugunez. Ezin da egin, baldin eta indarrean dagoen esparru juridikoa errespetatzen jarraitzea erabakitzen badugu.
Zentzu honetan, berriz diogu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean aurrera egiteko modurik onena, lurraldearen planoan, estatutua ez den legezko tresna bat dela. Zehazki, gardentasun-lege edo -itun batez ari gara, Kanadan eta Quebecen dagoenaren antzekoa. Bide honek eremu honetan aurrera egitea ahalbidetuko luke, gizartean hausturarik egin gabe. Horretarako, bi mahai –paraleloak eta aldi berekoak– eratzeko proposamena berresten dugu. Bata, gardentasun-itun horri dagokionari heltzeko, eta bestea, Estatutu berrian aurrera egiteko.
4. Gure proposamena
Euskadik, euskal gizarteak, frustrazioen inguruan jirabiraka ibiltzea baino zerbait gehiago nahi du. Herri-proiektu baten inguruan ilusioa piztu beharra dugu, egingarria dena, eta bizikidetzaren, identitatearen eta gizarte-aurrerapenaren alorretan aurrerapauso sendoak egiten lagunduko diguna. Eta horrek, maximalismoen ordez, posibilismo-ariketa bat eskatzen du.
Geure pluraltasunean eta berezitasunean geure burua aitortzeko aukera dugu esku artean. Naturaltasunez. Inor kanpoan utzi gabe, inor atzean utzi gabe. Pluralak gara eta berezko identitatea partekatzen dugu. Ez dago kontraesanik ez tentsiorik bi baieztapen horien artean. Gure identitatea plurala eta berezia da aldi berean.
Alderdiok adostu behar duguna da gaur egun juridikoki, politikoki eta sozialki partekatzen dugun Euskadiren ezaugarriak zeintzuk diren, bizikidetza ahalbidetzeko eta euskal herritarren bizitza hobetzeko lanean jarraitzeko. Eta Euskadi hori ez da agiri batetik eta bestetik hartutako esaldien collagea. Proiektu partekatua da.
Pisua arlo sozialean eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean jartzea emankorragoa izan daiteke helburu dugun akordioa lortze aldera, garrantzia definizio identitarioetan eta ez-inklusiboetan jartzea baino. Gizarte-eskubideak eta berdintasuna ez dira osagarri hutsa; autogobernuaren mamiaren barruan daude. Euskal herritarren kezka eta eskaera nagusia dira. Barkaezina litzateke lurraldearen eta identitatearen ardatzeko maximalismoak eragoztea Estatutu berriak gizarte eta berdintasun alorretan ekar lezakeen aurrerapena.
EP TALDEAK II. OINARRIARI AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
1. Aldez aurreko gogoetak. Aurreranzko ihesaldia
2. Bereizketan eta desakordioan sakontzea
2.1. Akats larri bat: euskalduntasun-txartelak banatzea
2.2. Eduki sozialen collagea, amaierako eranskin huts bat
2.3. Atariko tituluaren proposamen bat (eta, hedaduraz, estatutu bat) gizonentzat
2.4. "Estatutua" eta "estatusa" nahasteko berariazko korapiloa
3. Akordio zabal, plural eta transbertsal bat lortzeko gure proposamena
3.1. Etorkizuneko Euskadi: erkidego politiko ireki, plural, inklusibo eta singular bat
3.2. Aukerak sortzea eta eskubide sozialak lehenesten dituen Euskadi bat
3.3. Euskadi bat zeinean emakumeak eta gizonak egiazki berdinak diren
1. Aldez aurreko gogoetak. Aurreranzko ihesaldia
Aurreko boto partikularrean aipatzen genuen ezen EAJk aurkeztu eta EH Bilduk babestutako hitzaurrearen proposamena maximalismo-ariketa bat zela; oraingoan, berriz, haiek aurkeztu duten atariko tituluaren proposamena aurreranzko ihesaldi bat baino ez da, eta horrela esan behar da.
Aipatzen genuen ezen maximalismoa ez dagoela herri-proiektu bat izatearen egitate legitimo eta logikoan, baizik hau ulertzeko ezintasunean: besteok ere baditugula geure herri-proiektuak, berdin legitimo eta baliodunak. Maximalismoa, hain zuzen ere, horretan datza: besteen proiektuak gutxiestean eta norbere proiektua mugiezin bihurtzean.
Helarazi zaigun atariko tituluaren proposamenarekin, ez da inolaz ere zuzentzen maximalismo hori, eta, gainera, berariazko modu batean berresten da eta horrek are urrunago bihurtzen ditu akordiorako aukerak. Hala eta guztiz ere, oraindik ere badago elkar topatzeko tarterik, baina horrek eskatzen du desberdinen arteko topaketa hori gauzatu dadin borondate politikoa izatea.
Eta lerro identitarista eta lurraldetasuna lehenestekoan beste edozein gairen gainetik are gehiago sakontzeak pentsarazten digu egun ez dagoela horrelako borondaterik planteamendu horiek bultzatzen ari diren alderdietan.
Berriro ere, dokumentu hau boto partikular konstruktibo eta propositiboa izan dadin, nola bereizten edo urruntzen gaituzten gaien inguruan hala batzen gaituzten edo akordioa sortzen duten gaien inguruan antolatu dugu dokumentua. Hori guztia, Elkarrekin Podemosek gai guztietan eta bakoitzean bere jarrera propioa adierazteari uko egin gabe.
Nolanahi ere, hitzaurrearen inguruan esandako ia guzti-guztia aplikatzekoa izango litzaioke atariko tituluaren proposamen honi ere. Hori dela eta, berriak diren gaietan zentratuko gara.
2. Bereizketan eta desakordioan sakontzea
2.1. Akats larri bat. Euskalduntasun-txartelak banatzea
Kasu honetan ez da beharrezkoa kontatzea zer termino erabiltzen diren EAJren eta Bilduren testuan, beste termino batzuen kaltetan, proposatzen den testuaren kutsu identitarista argia antzemateko. 2.8 apartatuan, zeinean euskal herritartasunaren eta naziotasunaren artean bereizten den, ia hitzez hitz berreskuratzen da Ibarretxeren 2004ko testua, eta horixe da EAJren eta EH Bilduren arteko ituna hartzen ari den jito baztertzailearen erakusgarri argiena, eta nazionalista ez den indar politikoren bat batzeko borondate eskasarena.
Gauza positiboa da eskubideak herritartasunari lotzea (administrazio-auzotasun moduan ulertu behar da hura), baina hori ere berehala lehertzen da, herritartasunaren eta naziotasunaren arteko bereizketa eransten denean. Kontua ez da zertarako irispidea ematen duen balizko naziotasun horrek; euskal herritarren beraien artean desberdintasunak ezartze hutsa da funtsezko akatsa. Akats horrek, edonola estalita ere, arazo bat erakusten du argi eta garbi: txartelak banatu nahi direla, nor den euskalduna edo nor ez. Eta hori, inondik ere, onartezina da.
Euskal herritar gehien-gehienek ez dituzte onartzen horrelako planteamenduak, guztiz baztertzaileak baitira, eta, hain zuzen ere, haien erreferentzia bezala (handik atera baitira hitzez hitz), iraganeko elementu bat dira.
Eta egitate horrek, hitzaurrean nonahi ageri den ikuskeraren ondoan jarrita, baieztatzen du proposamenak ez duela bilatzen euskal gizartearen pluraltasun agerikoa kudeatzea, baizik eta hura galbideratu egiten du; izan ere, ikuskera horrek identifikazio bat marrazten du hauen artean: herri bat, nazio bat, hizkuntza bat, identitate bat, zuzenbide bat, historia bat...
2.2. Eduki sozialen collagea, amaierako eranskin huts bat
Elkarrekin Podemosen proposamenen testu ebaki eta deskontestualizatu batzuk eransten saiatzeko maniobrak, EAJren eta Bilduren proposamenei ustezko berniz soziala emateko, ez du ondoriorik; izan ere, beste behin ere, proposamen horiek modu partzialean eta beheratuan aurkezten dira, baina ez dira nabarmentzen testu osoan: proposamenok ez dira iragazten eta ez daude transbertsalizatua aurkeztu duten testuan. Are gehiago, aipatu ere ez dira egiten; proposatzen dituzten printzipio orokorren artean, ez dago berdintasunari, justiziari edo elkartasunari lotutako alderdirik…
Baina ez hori bakarrik; gainera, eskubide sozialei ematen zaien tratamenduak orientazio erabat eta sakonki neoliberala dauka. Zerbitzu publikoei ez zaie inolako erreferentziarik egiten, eta hori ere adierazgarria da zentzu horretan.
Are gehiago, kapitulu horiek (zeinak herritarren eskubide diren) atariko titulu osoaren azken puntuak dira, are sinboloei, "diaspora"ri edo hiriburutzari dagokien guztiaren atzetik, eta horrek ongi baino hobeto adierazten du zer leku betetzen duten eskubide sozialek EAJren eta EH Bilduren lehentasunen artean.
2.3. Atariko tituluaren proposamen bat (eta, hedaduraz, estatutu bat) gizonentzat
Tradizionalki, kutsu historizistako nazionalismoek saihestu egin dute genero-ikuspegia historizaziotik eta herri-proiektutik. Horren ondorioz, emakumeen zeregin soziala eta politikoa salbuetsita geratu da hainbat prozesuren analisitik: botere-harremanen eraikuntzatik, harremanok birsortzen eta betikotzen dituzten elementuetatik, eta emakume eta gizonek herri-proiektuen definizioan duten parte-hartze desparekotik.
Atariko titulua zein hitzaurrea saihespen historiko horren erakusle argiak dira, bai eta modu puntual batean konpontzen saiatzearen erakusle ere, Elkarrekin Podemosek eremu horretan izan duen ekiteak eraginda… baina gaiak eskatzen duen eta proposatzen dugun sakontasunik gabe. Hori dela eta, berriro adierazten dugu erabat desados gaudela emakume eta gizonen arteko parekotasunak jasotzen duen trataera ia anekdotikoarekin. Herri-proiektua eta Estatutua egituratu behar duen gai bat.
Nazioak, nazio-proiektuak edo herri-proiektuak –era guztietako antolakunde sozial eta politikoek bezala– zeharkatuta daude egituraketa jakin baten bidez, genero-harremanen egituraketa baten bidez. Eta atariko titulu horretan egiten den planteamenduarekin arrisku handia dago botere-harreman desparekoak, genero-rol tradizionalak eta diskriminazioa birsortzeko, legitimatzeko eta indartzeko.
Gure errealitatearen parte bateko ikuspegi horren aurrean, premisatzat proposatzen dugu Euskadi plurala dela, eta emakume eta gizonek, pluraltasun horretan, sistema patriarkal batek zeharkatuta, herria eraikitzen dute, desparekotasuneko egiturazko egoera bat egonik aukera- eta eskubide-irispidean, zeina modu egituratuan ebatzi eta tratatu behar den proiektuaren eta dokumentuaren hasieratik.
Estatutu androzentriko batetik abiatzen gara (1979kotik), zeinean emakumearen eskubideak aipatu ere ez diren egiten eta "emakumeen egoera"ra murrizten den. Estatutu berri bat 39 urteren ondoren, zeinean bai aipatzen diren emakumeak, baina hori, aipatuak eta alde batean; hori dela eta, benetako arriskua dago kutsu androzentrikoak iraun dezan. Hau da, jarrai dezagula estatutu batekin zeinean emakumeak eta haien eskubide, beharrizan eta interesak puntu batzuetara atzeraturik geratuko diren, promesa honekin: Legebiltzarrak garatuko duela ondoren egoki den legedia. Izan ere, EAJk eta EH Bilduk emakume eta gizonen parekotasunari buruz aurkeztutako atariko tituluaren proposameneko 2.8 puntuan, dauzkan hiru paragrafoetatik (dokumentuaren luzapeneko zazpi orrialdeen aurrean), haietako hirugarrenak, hain zuzen ere, horixe baieztatzen du: emakume eta gizonen arteko benetako parekotasunaren sakontze-lana aurrerago egingo dela. Garapen hori atzeratzea, "orain ez dagokio" hori, inondik ere, onartezina da 2018. urtean.
Euskal emakumeek ez dute itxaron behar herri-proiektua definitzen den arte, gero konpon daitezen beren eskubideen urraketak. Euskal emakumeek indar handiz aldarrikatu dute garaia dela beren eskubide, interes, beharrizan eta proposamenak nabarmen eta lehentasun egin daitezen hasieratik eta gure jendartearen erdiari dagokion protagonismoarekin.
Gainera, bereziki larria iruditzen zaigu hau: EAJren eta Bilduren proposamenak, emakumeek jasaten duten desparekotasuna aipatzean, ez du esaten desparekotasuna egiturazkoa denik eta, are larriagoa dena, indarkeriaren bidez mantentzen eta birsortzen denik. Atariko tituluaren proposamenak, estatutu baten arimak, ahaztu egiten ditu indarkeria matxistak, euskal biztanleriaren erdia jasaten ari den funtsezko eskubideen urraketa sistematiko eta egiturazko nagusia, eta hori onartezina da. Ez dago behar den mailan. Inondik ere, onartezina da saihespen hori duen herri-proiektu bat.
Hori nabarmentzen jarraituko dugu, eta herri-proiektu feminista bat eta ikuspegi feminista duen estatutu bat aldezten segituko dugu.
2.4. "Estatutua" eta "estatusa" nahasteko berariazko korapiloa
Deigarria gertatzen den lehen gaietako bat da termino-erabileran dagoen koherentzia-falta, hitzaurrearen eta atariko tituluaren artean dagoena. Baina, horrezaz gain, badago errepikatzen den sakoneko beste gai bat, eta ez da anekdotikoa, baizik erabat nahitakoa.
Behin eta berriro eta berariaz ordezten da "estatutu" hitza "estatus" hitzagatik, eta bi hitzok, antzekoak izan arren, erabat desberdinak dira. Lehenak lege edo araubide juridiko bati egiten dio erreferentzia; bigarrenak, berriz, Euskadik Estatu osoan duen posizioari egiten dio erreferentzia. Bidezkoa da gogoraraztea autogobernu-ponentzia hori eratzeko akordioan berariaz aipatzen dela "Gernikako Estatutuaren erreforma bat" garatzea, eta hori "ordenamendu juridikoa errespetatuta" egitea. Gai horiek sobera gainditzen ditu planteamendu horrek.
Zentzu horretan berean, beste nahasmendu interesatu bat dago bi aldeko estatus baten eta eskumenen bi aldeko blindajerako mekanismoak edukitzearen artean. Lehenak Euskadi Estatuaren multzoan txertatzeko modua (bere estatusa) aldatzea esan nahi du; bigarrenak, berriz, nola egituratu ditzakegun tresna eta neurri batzuk ekiditeko gure autogobernua bete ez dadin edo edukiz hustu dadin, gertatutakoaren harira (eta hori bai badagokio estatutu bati). Gauza desberdinak dira. Izatez, gaur egun ere badaude bi aldeko hainbat tresna, hala nola kontzertu ekonomikoa, baina horrek ez du esan nahi bi aldeko estatus bat dugunik Estatuarekin.
Bi kasuotan, sakoneko arrazoia berbera da: erabakitzeko eskubideari eta autogobernuari buruzko eztabaidak batzeko asmoa, nahiz eta gai desberdinak izan. Elkarrekin Podemosek baieztatzen du erabakitzeko eskubidea bere lurralde-alderdian jorratzeko tresna naturala kanadar inspirazioko argitasun-itun edo -lege bat dela; aldiz, estatutu berriak gure autogobernua sakontzeko eta babesteko tresna bat izan behar du, autogobernu hori zentzu zabal batean ulertuta. Izan ere, autogobernu horren muinean, lehentasunez, eskubide sozialen edo emakume edo gizonen blindajea egon behar dira.
Hori dela eta, gure asmoa berresten dugu: ponentzia horren lanak koherenteak izan daitezen 2017ko urtarrileko akordio parlamentarioarekin (haren bidez eratu baitzen), hau da, "estatutu berri" batez hornitzeko geure buruak, "ordenamendu juridikoa" eta "euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoa" errespetatuta, ezinbestekoa da bi lan-mahai paralelo eta aldibereko egituratzea: bat argitasun-itun bati buruzkoa lantzeko, eta bestea autogobernua eguneratzeko.
3. Akordio zabal, plural eta transbertsal bat lortzeko gure proposamena
3.1. Etorkizuneko Euskadi: erkidego politiko ireki, plural, inklusibo eta singular bat
Euskal gizarteak asmo handiagoa dauka, ezen ez frustrazioen inguruan bueltaka ibiltzea. Ilusionatu beharra daukagu herri-proiektu egingarri baten inguruan, bizikidetzaren, identitatearen eta aurrerabide sozialaren arloan funtsezko aurrerapena ekarriko duena. Eta horrek, maximalismoen aurrean, posibilismo-ariketa bat eskatzen du. Hau duela astebete baieztatu genuen, eta gaur are indarrekoago da.
Ez da norabidea zuzendu, eta akats berean erortzen ari gara berriz: etorkizuneko Euskadi gizartearen zati batentzat bakarrik marraztea. Eta, aukera horren aurrean, Elkarrekin Podemosen esaten dugu gure esku dagoela geure buruak gure pluraltasunean eta gure singulartasunean aitortzeko ahalbidea. Eta hori naturaltasunez egitea. Eta hori inor kanpoan utzi gabe eta inor atzean utzi gabe egitea. Pluralak gara, eta berezko identitate bat partekatzen dugu. Ez dago kontraesanik edo tentsiorik bi baieztapenen artean. Gure identitatea plurala eta singularra da aldi berean.
Izan ere, mugarri bat litzateke gure erkidegoarentzat geuri buruzko definizio bat egitea zeinean denok, emakume eta gizon guztiok, salbuespenik gabe, interpelatuak sentituko garen. Estatutu-erreformarako lau saio frustratu daramatzagu 15 urtean baino gutxiagoan, eta hori, hain zuzen ere, ez da gutxi. Porrot errepikatu horrek erakutsi nahi digu definizio baztertzaileak edo gure Euskadiren zati batenak egitea, zalantzarik gabe, irtenbiderik gabeko bidea dela. Beharbada, irakasbidea hau izan beharko litzateke: Euskadi ez daiteke inoren kontra eraiki, eta are gutxiago haren zati baten kontra.
Gure esku dago gure erkidegoaren definizioaren inguruko akordio anbiziotsu eta ezezagun bat lortzea, zeina ez den soilik izango pluraltasun –intrintsekoki euskaldun– horren inklusibo, geure buruak ulertzeko modu horrena, baizik eta, gainera, akordio hori naturaltasunez erlazionatuko da partekatzen ditugun alderdi singular guztiekin.
Etorkizuneko Euskadi, euskal gizarte oparo bat, zeina demokratikoki eta bakean bizi den, zeina munduko abangoardian kokatzen den emakume eta gizonen parekotasunaren aldarrikapenean, pluraltasun eta pluralismo hitzetan definitzen da, bai eta irekitasun, inklusio eta singulartasunean ere. Beharbada erkidego gisa dugun gauzarik singularrena da pluraltasunaren, irekitasunaren eta singulartasunaren artean dugun elkarrizketa osasuntsu eta emankor hori.
Elkarrekin Podemosek bere burua berresten du aurreko dokumentuetan jada adierazitako terminoetan, hau da, zein oinarriren gainean den posible geure buruen aitorpen hori egitea, aitorpen horren inguruko akordio zabal eta transbertsal bat sortuz.
3.2. Aukerak sortzea eta eskubide sozialak lehenesten dituen Euskadi bat
Euskal gizarteak salto kualitatibo bat eskatzen du eskubide sozialen aitorpena planteatzeko moduan. Jada ez dute balio eskubide-deklarazio formal hutsek. Blindaje eraginkor bat bilatzen du, zeinak bermatuko dion eskubide horiek egiazki egikaritu ahal izango direla.
Gaur, estatutu berria, zeina bere artikulatuaren erdian baino gehiagoan izaera sozialeko gaietara orientatuta egon beharko lukeen, oso gauza desberdina izan behar da, EAJk eta EH Bildu planteatzen dutenaren aldean. Herritarren kezka-iturri nagusi direnak gailendu egin dira, beste gai-agenda batzuen aurrean. Izan ere, atariko tituluaren proposamenak ia ez ditu aipatzen hezkuntza eta osasun publikoak, etxebizitza duina edo enplegua; horren aurrean, beharrezkoa da beste ikuspegi bat, beste ikuskera bat, beste herri-proiektu bat, zeina bai prest egongo den euskal gizarteak egunerokotasunean aurrean dituen oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzuna emateko.
Eskubide sozialen egikaritza bakarrik da posible baldin eta erakunde publikoek haiek sustatzeko konpromiso argi, benetako eta loteslea hartzen badute. Eta konpromiso hori honetan gauzatzen da: politika publikoak, gutxieneko aurrekontu-zuzkidurak eta zerbitzu publiko batzuen bermea, eta ezaugarri hauekin: unibertsaltasuna, doakotasuna eta kalitatea, gutxienez. Hori guztia ez da ageri EAJren eta Bilduren proposamenean, nahiz eta horrek izan beharko lukeen etorkizuneko estatutuaren muina.
Herritarren kezka-iturriak lehenestea, eskubide sozialekin erlazionatutako gaiak lehenestea, horrek gaur akordio zabal, plural eta transbertsal bat errazten du, alderdi politikoek helburutzat markatuta daukaguna bezalakoa. Hori ez egiteak, identitariotasuna eta lurraldetasuna lehenesteak, sozialtasuna baztertzeak, muturreraino zailtzen du posizioak hurbildu ahal izatea ere.
3.3. Euskadi bat zeinean emakumeak eta gizonak egiazki berdinak diren
Talde guztiek halabeharrez partekatutako abiapuntua izan behar da ezen Euskadin, munduko beste edozein jendartetan bezala, emakumeak, biztanleriaren erdia, desparekotasuneko egiturazko egoera batean bizi direla beren eskubide eta askatasunen egikaritzeari dagokionez. Desparekotasun hori emakumeenganako indarkeriaren bidez sostengatzen eta aldi berean birsortzen da, zeina modu askotan eta bizitzako eremu guztietan egikaritzen den.
Herri-proiektuak eta estatutu berriak, betiere, euskal herritarren gehiengo zabal baten xede eta asmoen isla izan behar dute, hainbat bideren bitartez erakusten ari baitira beren parekotasun-irrika eta indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat izatekoa.
Errealitate horren eraldaketa sakonarekiko benetako konpromiso bat honetan gauzatzen da: estatutu bat zeinean, hitzaurretik eta atariko titulutik beretik, herri-proiektuaren ardatz eta hezurdura direla islatzen duten oinarriak finkatuko diren. Estatutu berrian, hitzaurretik azken artikuluraino, presente egon behar du emakumeen perspektibak.
Lehenik eta behin, errealitate hori bisibilizatzea eta onartzea proposatzen dugu, bai eta emakumeekiko zor historikoa aitortzea ere. Izatez, beharrezko deritzogu desparekotasuna sostengatzen duen sistema izendatzeari: heteropatriarkatua. Eta emakumeenganako indarkeriarik gabeko herri-proiektu feminista batekin dugun konpromisoa adieraztea.
Funtsezkoa da, era berean, emakumeek eta feminismoak jendarte hobe, zuzen, demokratiko, berdinzale eta solidarioago baten eraikuntzari egin dioten ekarpena aintzat hartzea.
Estatutuan perspektiba feminista edo generokoa transbertsalizatzea hemendik hasten da: ulertu behar da generoagatiko desparekotasunak sakondu egiten direla beste diskriminazio-kategoria batzuekin gurutzatzen direnean, hala nola klasea, etorki nazionala, sexu-orientazioa, genero-identitatea, adina, arraza edo dibertsitate funtzionala.
Premisa horiekin batera, bost ardatz nagusi ezar daitezke, zeinak zabaldu, garatu eta sakondu egin beharko diren dokumentuan zehar: emakume eta gizonen aukera-berdintasunaren printzipioa; ekitate-printzipioaren gaineko jarduketa; oztopoak kentzeko eta zuzentzeko egintza positiboak; indarkeria matxistako egoerei arreta, babesa eta konponketa ematea eta horrelako egoerak ez direla errepikatuko segurtatzea (eta hori funtsezko elementu bat da indarkeria matxistarik gabeko Euskadi batentzat), eta, azkenik –eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa–, jar dezagun prozesu horren agendan bizitzaren jasangarritasunerako eta edozein herri-proiekturako funtsezkoa den gai bat, hala nola zainketak.
EP TALDEAK III., IV. ETA V. OINARRIEI AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
1. Aldez aurreko kontsiderazioak. Hitzaurrearen eta atariko tituluaren akatsak arrastatzen
2. Boto partikular bat estuki lotuta dauden hiru tituluri
3. Lege-esparruaren gainezkatzea eskumenen eremuan: lehia elkarlanaren ordez
4. Lege-esparruaren gainezkatzea botereen eremuan
4.1.Herrialdeko barnekontinuismoa
4.2. Euskal BJKNa Euskal Justizia Kontseiluaren ordez
5. Lege-esparruaren gainezkatzea Ogasunaren eremuan
1. Aldez aurreko kontsiderazioak. Hitzaurrearen eta atariko tituluaren akatsak arrastatzen
Aurreko boto partikularretan ere adierazten genuen ezen estatusa eta Estatutua edo aldebiko harremana eta aldebiko tresnak modu interesatuan nahasteko jokoa intentzio politiko baten ondorioa dela. Intentzio politiko hori premisa oker batetik abiatzen da, zeinaren arabera estatutua berrituz alda baitaiteke Euskadik Estatuaren gainerakoarekin duen lotura-mota.
Horri dagokionez daukagun jarrera argia da: Estatutua gure autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko lanabesa da; gardentasun-itun bat edo lege bat estatusaren aldaketak proposatzeko legezko tresna da. Bi arazo horiei heltzeko bi mahai paralelo eta aldiberekoak ezartzeko eskaintza egin izan dugu behin eta berriz, baina ez da onartu, eta ondorioz gertatu den kontzeptu eta asmoen nahaspilak hondatu egin du Eusko Legebiltzarrean bertan duela urte bat baino gehiago erabakitako akordio zabalak eta transbertsalak erdiesteko aukera.
Nahaspila horri gehitu zaio herrialdeari buruzko ikuskera zorrotz eta baztertzailea, erretorikoki pluraltasunaz ari dena, baina Bildu eta EAJ adosten ari diren proposamenak orientatzen dituzten oinarrien artean inoiz txertatu gabe.
Hala, kalkulu-akats horrek alderdi horiek bultzatu zituen hitzaurre eta atariko titulu maximalistak inposatzen saiatzera, gainerako alderdi politikoren hurbilketa oro eragotziz, eta oraingo lege-esparruaren gainezkatze etengabe eta planifikatua eragin zuen. Gainezkatze horrek ezeztatu egiten zuen EAJk eta PSEk zein Elkarrekin Podemosek hasiera batean onartu genuen lege-esparruarekiko errespetua.
Gainezkatze hori ez da zehaztu, birbideratu edo konpondu, eta, gainera, Estatutu berriaren hurrengo tituluetara ere hedatu da, hau da, Eskumenei, Botereei eta Ogasunari buruzko tituluetara. Eta modu berean hedatu dira desadostasunak eta orain arte existitzen ez zen blokeen dinamika baten fabrikazioa.
Hitzaurrearen eta atariko tituluaren osotasunari boto partikularrak ematera eraman gintuzten argudio eta arrazoi berberak indarrean daude oraingo boto partikularrean ere. Beste batzuetan bezala, boto partikular honetan saiatzen gara doinu propositibo eta konstruktiboa erabiltzen, baina uko egin gabe EAJk eta Bilduk orain arte lortutako akordioen hutsak eta defizitak gordintasun osoz adierazteari.
Izan ere, beste batzuetan jorratutako gaietako asko, hala nola beste indar batzuen proposamenak (bereziki gurearenak) testuingurutik ateratzea eta edukirik gabe uztea, foraltasunari buruzko aipamen gehiegi erabiltzea edo eduki sozialik eza, errepikatu egiten dira osoko zuzenketaren izaera daukan boto partikular honen gai diren titulu hauetan.
Ironikoa da, gutxienez, gertatzen dena: Euskadiren eta Estatuaren gainerakoaren arteko harremana azaltzeko garaian neurriz gainekoak diren testu berak eskasak dira Euskadiko barne-arkitektura instituzionala jorratzeko garaian. Botereei eta ogasunari buruzko proposamenean, bitxia bada ere, mantendu egiten da aldundien eta foru-ogasunen egungo statu quoa eta ez da zehazten ezein motatako hobekuntzarik udal instituzioentzat, herritarrengandik hurbilago daudenentzat. Horrelako zerbait da: "alda dadila dena, ezer alda ez dadin" gure lurraldearen mugen barruan.
Deigarriagoa da, bestalde, ogasunei heltzen zaienean ezein momentutan ez direla jasotzen politika fiskalen printzipio inspiratzaileak. Hau da, ez dira aipatzen oso oinarrizkoak diren gai batzuk, esaterako, zerga-sistema progresista bat ziurtatzea, ingurumen-arloko alderdiak edo generoari buruzkoak kontuan hartuz edo gaitz sozial handia den iruzur fiskalaren aurkako jardueraren bat ezarriz.
Beste behin ere, EAJren eta Bilduren proposamena zentratzen da, ia esklusiboki, eskumen-arloko gaietan, baina ez orientazio politiko bat ematen eskumen horiek baliatzeko erari. Autogobernuaren kontzepzio hori aurkezten da boterea lortzeko botere-pilaketa gisa, eta ez herritarren bizimodua hobetzeko lanabes gisa.
2. Boto partikular bat estuki lotuta dauden hiru tituluri
Aurretik adierazi denez, boto partikular hau EAJk eta Bilduk Estatutu berriaren hiru titulurentzako egindako eduki-proposamenari aurkezten zaio. Hiru tituluak elkarren artean estuki lotuta daude. Ia ezinezkoa da hiru gaiak banatzea: zein eskumen esleitzen zaizkien euskal instituzioei, zelan antolatzen diren gure instituzioak eta botereak, eta Ogasunari dagokiona. Hori dela-eta, boto honen ikuspegian, nahiz eta titulu horietako bakoitza azpimarratzen duen, dena estuki lotuta dago, aldez aurreko kontsiderazioetan azaldu denez.
Hala, esate baterako, Eskumenei buruzko tituluan, EAJk eta Bilduk euskal instituzioei justizia arloko eskumen esklusiboak ematen dizkiotenean, horrek eragin zuzena dauka Botereei buruzko tituluan, Botere Judizialaren Euskal Kontseilu Nagusia proposatzen dutelako. Edo irakurketa hain hedakorra egiten denean zerga-sistemaren eta kontzertu ekonomikoaren gaietako eskumenei buruz, kasu horretan Ogasunari buruzko titulua baldintzatzen da. Ondorioz, Bilduk eta EAJk gainerako indarrak kanpoan uzten zituen akordioa itxi zutenean Eskumenei buruzko tituluaren inguruan, inplizituki, Botereei eta Ogasunari buruzko tituluetatik kanpo ere uzten ari ziren.
3. Lege-esparruaren gainezkatzea eskumenen eremuan: lehia versus elkarlana
EAJk eta Bilduk eskumenei buruzko titulurako onetsitako eduki-proposamenean, dokumentu osoan barneratzen den filosofia lehiarena da, alegia, eskumen gehien eta esklusibotasun-esparru batean izateko lehiatzea, erabat baztertuz elkarrentzako aberasgarriak diren beste ikuspegi batzuk, adibidez, lankidetzarenak edo kooperazioarenak.
Izan ere, gobernantzarena edo gobernu onarena bezalako kontzeptuak, neurri handi batean XXI. mendeko erreferentziak direnak gai hauek aztertu eta definitzeko, ez dira ageri. Gobernantzak eta gobernu onak berekin dakarte, nahitaez, instituzio ezberdinen arteko, administrazio-maila ezberdinen arteko kooperazioa eta elkarlana, xede batekin: herritarren bizimodua hobetzea.
Ahalik eta botererik handiena lortzeko beste instituzio batzuekiko lehia izugarri horretan iristen dira Euskaditik kanpo ere jarduten diren instituzioen egitekoak eta funtzioak birdefinitzera, Konstituzio Auzitegiaren kasuan gertatzen den bezala. Horretarako, argudiatzen den legezko oinarri bakarra Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria da, eskubide historikoei buruzkoa. Ildo horretatik, deigarria da xedapen hori izatea Konstituzioari buruzko aipamen bakarra. Izan ere, ez da VIII. titulua aipatzen, non lurralde-eredua eta Estatu autonomikoa definitzen baitira, hain zuzen ere.
Gure iritziz, eta hala adierazi genuen gure eduki-proposamenean, VIII. titulu horrek, 145.2, 149.3, 150.1 eta 150.2 artikuluetan, esploratu beharreko bideak irekitzen ditu euskal instituzioen eskumen-zerrenda zabaltze aldera, baina horrek ez du esan nahi egungo lege-esparrua kaltetuko denik, ezta instituzioen artean enfrentamendua gertatuko denik ere.
Hala, konfederalitateari buruzko aipamenak saihestu egiten du apartatu honen hasieran aipatzen den funtsezko gai bat, erdietsi nahi den lurralde-ereduarekin berarekin zerikusia duena, hain zuzen. Gure iritziz, aukera galtzen da izaera dualeko (eskumenak esklusibotasun-erregimenean) zein mota kooperatiboko etorkizuneko eredu federal baten oinarriak definitzen saiatzeko. Beharbada, bide hori esploratzea izango zen adostasun zabala, plurala eta transbertsala lortu ahal izateko formula.
Eskumenak blindatzeko mekanismoei dagokienez, berriz ere aukera galdu da formula eraginkorrak antolatzeko gure autogobernua pultsio birzentralizatzailetatik babesteko kontsentsu politiko eta sozial zabal batetik. Are gehiago, kontzertu politikoaren kontzeptu berak, EAJk eta Bilduk proposatutako baldintzetan, eragotzi egiten du akordiorako aukera oro. Proposamen honen aurrean, badaude kontuan hartu ere ez diren beste aukera batzuk, beste erkidego batzuetan entseatu direnak, adibidez Nafarroan, hala nola lankidetza-batzar mistoak eratzea, hau da, aldebiko tresnen arabera eta ez aldebikotasunari jarraiki egindako estatusaren aldaketaren arabera.
4. Lege-esparruaren gainezkatzea botereen eremuan
4.1. Herrialdeko barne-kontinuismoa
Estatutuaren testu berriarekin mahai gainean jartzen ziren gaietako bat da, hain zuzen, barne-arkitektura instituzionala, hau da, Lurralde Historikoen Legea sakonki berrikusteko aukera. Eta, bitxia bada ere, EAJren eta Bilduren artean adostutakoa ikusita, aukera hori desagertu egiten da.
Desagertu egiten da zeren, beren proposamenean horri dagokionez jasota dagoena lausoa den arren, proposamen horrek ez baitu ezertan aldatzen egungo eredu instituzionala. Jarraitzen du, erretorika gorabehera, bokazio munizipalistarik edo herritarrengana hurbiltzeko bokaziorik gabe. Jarraitzen du lehentasuna ematen foru-instituzioen paperari, tokikoenaren kontura, eta ez ditu zuzentzen edo sendotzen instituzioen gaineko kontrol demokratikorako mekanismoak.
XXI. mendean testu konstituzionalen edo quasi-konstituzionalen kezka da, hain zuzen, aztertzea nola eman paper handiago bat herritarrei, instituzioak gobernatzeko partaidetza zuzeneko mekanismoak baliatuta. Proposamen horretan ez da zehazten inolako ekintza berritzailerik edo instituzioen eta herritarren arteko egungo harreman-modua aldatzen duenik. Are gutxiago azken horren alde. Printzipio batzuk batzen dira, baina hain era azalekoan ezen nekez iristen diren orientazio argi bat ematera testu artikulatu berriarentzako eremu honetarako.
Instituzioak herritarrengana hurbiltzeaz ez kezkatzeaz gain, lehenago ere esan dugunez, ez da apusturik egin ere herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak, hots, udalak sendotzeko garrantzi instituzional handiago edo baliabide gehiago emanez. Egun dagoen egitura bera errepikatzen da. Aukera hori, dena berdin mantentzea, izango litzateke Konstituzioaren erreforma bat gauzatzea lurralde-eredua edo erkidegoena ukitu gabe. Gure kasuan, estatutua erreformatzen da gure herrialdeko barne-estatu autonomiko partikularra ukitu gabe, hau da, foru-instituzioak ukitu gabe.
Deigarria da ere nola alboratzen den Estatutu Bermeen Kontseilu bat eratzeko aukera, zeina Gobernua eta Parlamentua kontrolatzeko funtsezko instituzioa den beste erkidego batzuetan. Halaber, deigarria da zein garrantzi txikia ematen zaion Arartekoa edo etorkizuneko Berdintasunaren Defentsa Bulegoa bezalako instituzioen ahalmenak sendotzeari. Horietako lehenengoari dagozkion eskumenei lotutako gaiak adieraztea besterik ez da egiten EAJren eta Bilduren proposamenean, ez da inolako ekintzarik aurreikusi horien ahalmenak sendotzeko.
4.2. Euskal BJKNa Euskal Justizia Kontseiluaren ordez
EAJren eta Bilduren proposamenaren alderdirik deigarrienetako bat izan da, hain zuzen, justiziari buruzkoa, non ez den euren arteko adostasunik ere erdietsi. Nolanahi ere, eredu biek dakarte egungo lege-esparruaren erabateko gainezkatzea. Konstituzio Auzitegiaren 31/210 epaiak oso argi utzi zuen alderdi hori, zeren adierazi baitzuen ezinezkoa zela erkidegoen eremuan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak sortzea. EAJk eta Bilduk aukera hori onartu dute.
Halarik ere, aukera dago, eta beste lurralde batzuetan egiten da, justizia-kontseiluak eratzeko, Elkarrekin Podemosetik proposatzen genuen bezala. Alternatiba horrek adostasun zabala lortuko zuen eta aztertu ere egin ez da egin, EAJren eta Bilduren artean dagoen desadostasuna gorabehera. Titulu hauek idazteko eta onesteko ponentzian nagusi izan den adostasun-borondaterik ezaren adibide argi bat.
5. Lege-esparruaren gainezkatzea Ogasunaren eremuan
Lehenago ere esan denez, eskumenenen ikuspegia nagusitu da berriro izaera politikoko beste edozein gairen gainetik, beraz, Ogasunari dagokiona aztertzeko garaian enfasia jarri da euskal instituzioei eskumenak emateko zerga-eremuetan lege-esparrua gainezkatuz, baina ez da ezer aurreikusi horiek baliatzeko orientazioaz.
Ildo horretatik, gainetik aipatzen dira zerga-politikak bideratzeko printzipio batzuk, gero garatzen ez direnak. Hala, ez da sakontzen edo zehazten zerga-figurez, edo zerga-politika progresiboago egiteko moduaz, edo, adibidez, ez da ezer aipatzen ezta aurreikusten ere zerga-iruzurraren aurkako borrokaz...
Are gehiago, ez da aztertzen ere zerga-koordinazioari eta –harmonizazioari buruzko gaia 2 milioi biztanle inguru eta hiru foru-ogasun dituen lurralde batean. Ez da ezer esaten ere xede horretarako dagoen legeari buruz, 3/1989 Legeari buruz.
Ez da ezer esaten ere azken hamarkadan kontu publikoen iraunkortasunean eraginik handiena izan duten gaietako bati dagokionez: zorpetze publikoa. Ildo horretatik, ez da aurreikuspenik egiten austeritate gaizki ulertuari buruz edo arrazoigabeko zorpetzeen gaineko kontrolen bat ezartzeari buruz.
Laneko eremuari eta eremu ekonomikoari dagokienez, orokortasunez haratago, ez da lortzen argitasunez definitzea oinarrizko orientazio politiko batzuk, euskal instituzioen ekintza gidatuko dutenak. Une honetan, ezinbestekoa litzatekeenean adostasunetik ekitea euskal gizartea eta ekonomia aurrez aurre ipintzen dituzten oraingo eta etorkizuneko erronkei, uste dugu akats handia dela omisio hori.
Kontzertu Ekonomikoari dagokionez ere, euskal indar politikoen arteko ahobatezko adostasuna eragiten duen elementua izanik, aukera galdu da adostutako proposamen bat erabakitzeko hori indartze aldera estatu-mailan Ciudadanos alderdiaren eskutik jasotzen dituen eraso berri eta etengabeen aurrean.
Azkenik, ez dira islatzen garapen ekonomiko eta sozialerako helburuak, ahalbidetuko dutenak koherentzia ezartzea zerga- eta aurrekontu-politiken eta politika ekonomikoaren gainerakoarekin, besteak beste: lurraldeen arteko kohesioa eta solidaritatea, genero-berdintasuna, errenta eta aberastasuna modu ekitatiboan banatzea, enplegu nahikoa eta kalitatezkoa sortzea, ingurumen-iraunkortasuna, efizientzia eta demokrazia ekonomikoa produkzioaren, banaketaren eta kontsumorako irispidearen kudeaketan parte hartuz.
EP TALDEAK VII. ETA VIII. OINARRIEI AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
1. Aldez aurreko gogoetak
Batzuen jarrera maximalisten aurrean eta beste batzuen proposamen faltaren aurrean, Elkarrekin Podemosen aukera da mahai gainean jartzea alternatiba egingarri eta bideragarriak, gure autogobernua egungo lege-esparruaren barruan eguneratzeko, hain zuzen, orain dela urtebete, Eusko Legebiltzarrean adostu genuen bezala.
Ildo horretan, dokumentu honetan gure autogobernua egungo lege-esparruan nabarmen hobetzeko eta sakontzeko proposamena helarazten dugu zenbait arlotan: Euskadiko instituzioei eskumen sorta zabala aitortzea kanpo harremanetan eta EBrekiko harremanetan, edo estatutua aldatzeko sisteman bermeak sartzea, saiakera birzentralizatzaileen aurrean, eta Eusko Legebiltzarrak berriki hartutako akordioak egiteke dagoen eskumenak eskualdatzeko modura eramatea.
Arlo guztietan sartu dugu Elkarrekin Podemos ponentziaren barruan gidatu duen printzipio bat: berariaz lotzea autogobernua areagotzea Euskadiko herritarren bizitza-kalitatea hobetzearekin. Guretzat hori delako helburua, eta ez boterea pilatzea botereagatik edo desbideratze esklusibistak.
2. Egingo den estatutua aldatzeko sistema
Estatutuaren testuak nola jasoko duen bera aldatzeko mekanismoa aztertzean, nahitaezkoa da Konstituzioak horretarako mugatzen duen esparrua. Gure kasuari dagokionez, "estatutuak eraldatzeko, beraietan ezarritako prozedura bete beharko da, eta, edozein kasutan, nahitaezko gertatuko da Gorte Nagusiek lege organikoaren bidez eraldaketa onestea" (147.3 artikulua), eta "behin estatutuak sendetsi eta aldarrikatu ondoren, horiek aldarazteko, haietan ezarritako prozedurak bete beharko dira, eta referenduma egin beharko da, kasuan kasuko hauteskunde-zerrendetan jasotzen diren hautesleen artean" (152.2 artikulua).
Esparru hori aitorturik, gure proposamenak elementu hauek jasoko lituzke:
A. Aldatzeko prozesuari dagokionez, ibilbidea hau izango litzateke:
1. Aldatzeko proiektua, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoak onetsita.
2. Gorte Nagusiek lege organiko baten bide onestea.
3. Erreferenduma Euskadiko herritarren artean.
B. Eusko Legebiltzarrean onetsi baino lehenago, proiektuak honako hauen aldeko txostena izan beharko luke: eratuko den estatutu-bermeen kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, Emakunde eta eratuko den emakumeen eta gizonen arteko defentsa bulegoa eta Arartekoa, beste aholku-organo batzuen artean.
C. Berariaz baztertuko da lehenengo eta bigarren urratsetan Konstituzioaren aurkako aldez aurreko errekurtsoak aurkezteko aukera.
D. Bi aukera gehitzen dizkiogu estatutua aldatzeko ekimenari, egungo Gernikako Estatutuan ez daudenak. Beraz, ekimena Eusko Jaurlaritzatik eta Eusko Legebiltzarrak gehiengo soilez hartutako akordio batetik etortzeaz gain, honako hauetatik ere etorri ahal izango da:
- Euskadiko udal gehienak, lurralde historiko bakoitzeko erroldaren gehiena ordezkatuz. Osoko bilkurak onetsi beharko du erabakia udal bakoitzean.
- Erroldaren % 15en sinadura egiaztatuak, alegia, boto-eskubidea dutenena.
Egungo Gernikako Estatutuan onartzen da, 46.1 artikuluan, Gorte Nagusiek Estatutua aldatzeko ekimena hartu ahal izatea. Gure estatutu-proposamenean, behin onetsita, ezin izango da aldatu Gorte Nagusien edo Gobernu zentralaren ekimenez. Beste estatutu batzuen erreferentzia dago (Madrilekoa adibidez), zeinetan hori horrelakoa baita eta guztiz legezkoa baita.
E. Halaber, prozedura sinplifikatua aurreikusiko da zatikako aldaketak sartzeko, funtsezko arau horren mamian sartu ezean, hau da, herritarren eskubideen, botereen edo Estatuarekiko harremanen tituluetan.
Egingo den estatutuan jasoko ez diren eskumen-transferentzia berrien kasuan, bide hori aplikatuko da. Horren helburua da arlo horretan ezartzen diren politika publikoen norabide politikoa ziurtatzea, hau da, herritarren bizitza-kalitatea hobetzeko helburuak gure autogobernuaren zabalkunde bakoitzari lotzea.
3. Kanpo-harremanak eta EBrekiko harremana.
Elkarrekin Podemosek proposatzen du kapitulu bat sartzea estatutua berrian Euskadiko instituzioen kanpo harremanei eta EBrekiko harremanei buruz. Gure instituzio publikoek egiten duten gainerako politiketan bezala, arlo horretan ere Euskadiko herritarren interes orokorrari eta ondasun komunari lotutako helburu eta norabide sorta egon behar da. Are gehiago, gaur egun arlo ilunetako bat delako eta interes partikular eta alderdikoiak erraz sartzen direlako.
3.1 Kanpo-harremanak
Ildo horretan honako hau proposatzen dugu kanpo-politikaren arloan:
- Euskadiko instituzioen ahalmena aitortzen da gure proiekzioa kanpoan bultzatzeko eta Euskadiko gizarte osoaren interesak sustatzeko, giza eskubideei buruzko nazioarteko esparrua lehenetsita eta Estatuak arlo horretan duen eskumenarekiko errespetuarekin.
- Halaber, nazioarteko organismoetan parte hartzearen alde gaude Euskadiren interes eremuetan, Estatuaren ordezkaritzetan parte hartzearen alde eragiten dizkigun gaiak aztertzen direnean, aldez aurretik informazioa jasotzearen alde edo kanpoan bulegoak edukitzeko aukeraren alde.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak parte hartuko du EBko tratatuak aldatzeko negoziazioetan, Estatuak gaian dituen eskumenarekiko errespetuarekin, eta Estatuko ordezkaritzetan parte hartu ahal izango du EBko zuzenbidean berritasunak daudenean, gure erkidegoko eskumen esklusiboei eraginez gero. Halaber, Estatuan eskumena duten organoekin adostu liteke Eusko Jaurlaritzak Estatua ordezkatzea, modu koordinatuan beste erkidegoekin, horiek eskumena duten gaiei buruzko negoziazioetan, esate baterako, arrantza-politiketan.
Zehazki, proposatzen dugu testu berrian jaso dadila, Nazioarteko Tratatu eta Akordioen 25/2014 Legeko 7. artikuluak ahalbidetzen duen moduan, Euskadiko instituzioek eskubidea izatea nazioarteko tratatu eta akordioetan, bere eskumenen esparruari buruzkoak izanez gero.
- Eskumen horiek egikaritzea nazioarteko harreman justuak sustatzeari lotuko zaio, elkarrekiko errespetutik, bakea modu aktiboan sustatuko dutenak eta elkarren onurarako izango direnak. Halaber, lankidetza librean oinarrituko dira, elkartasunean, eta giza eskubideekiko, herriekiko eta ingurumenarekiko errespetuan.
- Beren-beregi adieraziko da kanpo-harremanen printzipioak izango direla, gainerako politiketan bezala, gardentasuna, gobernu irekia, kontu-ematea, ebaluazioa, eta herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea. Horretarako guztietarako, parte hartzeko arloko kontseilua sortuko da.
- Norabide politiko zuzena ziurtatze aldera, baita kanpo-harremanen kontrola eta fiskalizazioa, Eusko Legebiltzarrak arlo hori arautzeko lege bat onetsiko du, arestian aipatutako printzipioak Euskadiko instituzioen gida izango direla bermatzeko, eta baliabide publikoak efikazia, efizientzia eta gardentasun printzipioen arabera erabiliko direla, eta interes orokorrak lehenetsiko dela interes partikularren aurrean eta lobby-en ekintzaren aurrean.
- Halaber, beren-beregi jasoko da, egingo den estatutuan, Euskadiko gizartearen konpromisoa instituzioek urtero BPGren % 0,7 bideratu dezatela elkartasunera eta nazioarteko lankidetzara, hegoaldeko herri pobretuentzat.
- Gure eskumen-esparruan, Euskadiko instituzioek kanpo-ekintza diseinatuko dute euskal kultura eta euskara sustatzeko, helmuga turistiko gisa eta inbertsio jasangarrikoa, giza eskubideak defendatzen dituen eta erbestea, aterpea eta herri haurrideen elkartasuna ezagutu zituen herri memoriadun gisa, egun bultzatzen ari den Europa Gotorlekuaren proiektuaren aurkakoa. Horrela, kanpo harremanez arduratuko diren Euskadiko instituzioen organoek diasporaren kontzeptua berraztertuko eta eguneratuko dute, arrazoi ekonomikoak direla-medio azken urteetan erbestera jo duten Euskadiko milaka herritarrak kontuan izanda. Horregatik, laguntza eta asistentzia eskainiko dizkiete horien eskubideak babesteko eta itzultzeko eskubidea bermatzeko.
3.2 Europar Batasunarekiko harremanak
EBk etengabe eragiten digu, egunez egun, Euskadiko herritar eta instituzioei. Burujabetzakidetasuna, gehiengoaren aukera izateaz gain Euskadiko gizartean Estatuko gainerakoarekin dugun harremanari buruz, dagoeneko errealitatea da europar esparruan.
Hala ere, printzipio ona dena, lankidetzan aritzea helburu partekatuak dituzten ezberdinen artean, behin baino gehiagotan aitzakia bikaina da disfuntzio demokratikoetarako, kapital handiaren interesak ezartzeko eta ageriko balio-talka baterako gobernu batzuekin, giza eskubideen arloan, gutxiengoak errespetatzean edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.
Agerikoak dira Europa eraikitzeko proiektua jasaten ari den zailtasunak, ez soilik brexit-agatik, Europar Batasunaren hondoratzeagatik edo Mediterraneoan errefuxiatuak hartzeko politiken hitzez hitzeko hondoratzeagatik. Batez ere, arrazoia da Europako instituzioek hartu duten bidea: ekonomikoa eta merkatua lehenestea beste edozein gogoetaren gainetik.
Elkarrekin Podemosek bokazio europazale argia eta zabala dauka, estatuen eta herrien arteko lankidetzaren aldekoa, zalantzarik gabe, harreman baketsu, oparo eta solidarioak finkatzeko. Horrexegatik, Europa eraikitzeko beste eredu baten alde egiten dugu, zutabetzat hartuko duena, ekonomiaz gain, giza eskubideak horien zabalera osoan, eta kalitate altuko demokrazietan sakontzea, bai proiektuan parte hartzen dugun gizarteetan, bai instituzio europarretan.
Horrela, Europa eraikitzeko egungo eredu neoliberalaren aurrean, zeina, krisiaren aitzakiarekin, kezkagarria izateraino indartu baita azken hamarkadetan, guk proposatzen dugu estatutu berrian sartzea kapitulu bat, Euskadiko instituzioek Europako instituzioekin izan beharreko harremanetan gauzatuko ditugun eskumenei buruz, eta eskumen horiek gauzatzeko norabide argia.
Ildo horretan, honako hauen alde gaude:
A. Eskumen zerrenda luzea aitortzea Euskadiko instituzioei arlo horretan, beste erkidego batzuetako estatutuek egiten duten moduan. Horrela, erreferentzia nagusiak hauek izan litezke: garapen zabalagatik, Kataluniako Estatutua (184-192 artikuluak), eta, hurbiltasunagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legeak xedatutakoa (68. artikulua).
Horrela, Gobernu zentralarekiko lankidetza eta elkarlaneko esparru batean, estatutu berrian jaso beharko lirateke, besteak beste: ordezkaritza zuzena, informatua izatea, modu erabakigarrian parte hartzea Estatu gisa jarrerak finkatzeko Euskadiri eragiten dizkioten gaietan, Estatuko ordezkaritzetan parte hartzea, aitortza izatea Europako zuzenbidearen aplikazio, exekuzio eta garapenean, harremanak izatea Europako Legebiltzarrarekin, sarbidea izatea Europako justizia-organoetara, ordezkaritza iraunkorrak izatea edo Europako funtsak kudeatzea.
Hori eta gehiago oinarri hartuta, uste dugu tarte zabala dagoela, egungo lege-esparrua gainditu gabe, bermatzeko Euskadiko instituzioen parte-hartzea eta ahotsa izatea Euskadiko herritarrei eragiten dieten eta Europako esparruan erabakitzen diren gaietan.
B. Halaber, estatutu berriak bermatu behar du bere artikuluetan eskumen horiek helburu zehatz batekin gauzatuko direla: Euskadiko herritarren ondasun komuna gordetzea, modu gardenean, interes orokorra lehenetsita, lobby partikularren ekintzaren ordez, efikaziaz kudeatuz helburu horretara bideratuko diren baliabide ekonomikoak, eta herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea ahalbidetuz gai horretan.
Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen dugu printzipio horiek guztiak artikulu batean jasotzea, eta aurreikustea Eusko Legebiltzarraren lege batek arautuko dituela alderdi horiek guztiak.
C. Era berean, euskal euroeskualde bat sortzeko aukera ikusten dugunez –edo Europar Batasunaren Tratatuaren bilakaerak ahalbidetuko dituen beste egitura instituzional batzuk–, eta mugaz gaindiko akordioak eta politikak ezartzeko aukera, politika komunak jorratzeko eta finantzatzeko eta gizarte-ekimenen alde egiteko ekonomian, kulturan eta ingurumenean, uste dugu estatutuaren testu berriak aukera horiek ere propio aitortu eta jaso beharko dituela.
4. Azken xedapenak
Azken xedapenei dagokienez, proposatzen dugu eskubide historikoei buruzko egungo xedapen gehigarria mantentzea eta iragankor bat sartzea, gure estatutu-proposamenean aurreikusten ditugun eskumen berrian eskualdatzea gardena eta bizkorra izan dadin.
Eskubide historikoei dagokienez, gure jarrera argia da. Uste dugu gure autogobernuaren eta egitura instituzionalaren funtsa ez datzala eskubide historikoetan, baizik eta euskal herritarrek bere burua gobernatzeko eskubidea gauzatzeko orduan erakutsi duten borondatean eta gaitasunean. Hala eta guztiz ere, uste dugu horiek sartzea –ez gara kontra egongo– betiere egungo lege-esparruan eginez gero, positiboa izan daitekeela eta beste faktore bat izan daitekeela akordio anitzak eta zeharkakoak bultzatzeko, horrelakoak nahi baititugu.
Beste alde batetik, honelako xedapen iragankorra sartzea proposatzen dugu:
Estatutuan Euskadiko instituzioei esleitzen zaizkien eta oraindik ez dauzkaten eskumenak sei hileko epean eskualdatuko dira. Salbuespen moduan epea luzatu ahal izango da, bi aldeek hala adostuta, Eta lankidetzako organo politiko berrian negoziatuko dira, zeina iraunkorra izango baita eta modu paritarioan osatu baitute Gobernu zentraleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek.
Euskadiko instituzioen negoziazio-oinarria Eusko Legebiltzarraren akordio batetik abiatuko da, zeinak lehentasunak eta gai teknikoak finkatuko baititu. Negoziazioen eta horren ondoriozko akordioen berri emango diote lankidetzako organo politikoan ordezkaturik dauden bi gobernuek, aldizka, Eusko Legebiltzarrari.
EP TALDEAK GALDEKETA GAITZAILEARI AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
1. Aurretiazko gogoeta. Erantzukizunez jokatzeko eta bizikidetza zaintzeko deia
2. Autogobernua, itun bikoitz: barnekoa –euskal herritarren artekoa– eta Estatuaren gainerakoarekin egiten dena.
3. Herritarren ezinbesteko parte-hartzea: herritarrek itun plural bat balidatzea eta erreferenduma egitea.
4. Herritarren balidazioa vs. kontsulta gaitzailea: batzea vs. zatitzea.
4.1. Norentzat. Guk, denon onurarako.
4.2. Zertarako. Guk, itun plurala aztertzeko.
4.3. Nola. Guk, modu legal eta adostuan.
1. Aurretiazko gogoeta. Erantzukizunez jokatzeko eta bizikidetza zaintzeko deia
Autogobernua ez da soilik nola kudeatuko ditugun ekonomia, hezkuntza eta osasuna. Geure burua nola gobernatuko dugun ere bada. Alegia, nola biziko garen elkarrekin, nolako bizikidetza-arauak sortuko ditugun geuretzat. Zentzu horretan, argi dago ez garela ari lege arrunt bat eztabaidatzen, baizik eta gure gizartearen funtsezko araua.
Horrexegatik, eta ez delako kasualitatea 15 urtean Estatutua berritzeko bost saiakera egin izana (huts egin dutenak), eztabaida honi ekiteko orduan beharrezkoa da indar politiko guztiei erantzukizunez jokatzeko dei irmo, lasai eta argia egitea. Gehiegi baitago jokoan. Onartezina litzateke berriro porrot egitea, horrek etsipen handia sortuko bailuke.
Euskadin berreskuratu berri dugun bizikidetzak bi gauza behar ditu: alderdien maximalismoen edo norgehiagoken erruz arriskutan ez jartzea, eta bizikidetza finkatzeko aukera alferrik ez galtzea. Horretarako, adostasun zabal eta transbertsala jasotzen duen itun historikoa egin beharra dago.
Euskal gizartea plurala da. Berez da plurala; euskalduntasunaren ezaugarria da hori. Gizarte honek ez dio plurala izateari utzi nahi; aitzitik, pluraltasun hori berresten du aukera daukan bakoitzean. Gure gizarteak, azterketa zientifiko guztietan (UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak, CISek, Eusko Ikaskuntzak, Deustuko Unibertsitateak edo bestek eginak), beti erakusten du argazki berdintsua: ideologia ezberdinetako jendea gara, euskaldun sentitzeko modu ezberdinekin, elkarrekin bizi nahi dutenak, elkar onartzen dutenak eta, naturaltasun osoz, besteen identitate-sentimenduak zilegitzat jotzen dituztenak.
Honelako gizarte batek erantzukizunez jokatzeko eskatzen digu haren pluraltasuna kudeatzeko orduan; ez da alferrik tenkatu behar. Ez da sortu behar kalean existitzen ez den blokeen inguruko dinamikarik. Ezin da debaterik behartu, gure komunitateko kide nor den eta nor ez den eztabaidatzeko. Horretatik asko EAJk eta Bilduk –bakarrik– onetsi dutenaren filosofian aurki dezakegu. Horretatik asko dago EAJk eta Bilduk proposatzen duten kontsultan, herritarren iritzia jakiteko edo akordio politikoak berresteko egin beharrean, beste erakunde batzuekiko legitimitate-talka justifikatzeko egin nahi dutena. Elkarrekin Podemosen ustez, horixe da kontsulta gaitzailea egiteko proposamenaren atzean dagoena.
Eta planteamendu honen aurrean, erantzuna ez da, eta ezin daiteke izan, euskal herritarrei hitza ukatzea. Hitz egiten ez uztea. Aitzitik, hitza eman behar diegu, baina ez estrategia partzialetan erabiltzeko, baizik eta ziurtatzeko gure bizikidetzaren funtsezko araua akordio zabal, plural eta transbertsal baten fruitu dela, gure gizartea bera den moduan.
Ildo horretan, EAJ eta Bilduren kontsulta gaitzailearen aurrean, Elkarrekin Podemosek herritarren balidaziorako prozesua proposatzen du. Hau da, alderdien artean lortzen ditugun akordioak herritarrei aurkeztea. Euskal herritarrek esan dezatela akordio horiek behar bezain pluralak diren edo ez. Balidazio honek akordio zabal eta transbertsalak behar ditu; euskal herritarrak estrategia partzialetan edo konfrontazioetan erabiliak izatea galaraziko du, eta akordio plurala eta bizikidetza bultzatuko ditu.
Horrexegatik, Elkarrekin Podemosen proposamen argia egiten dugu: Eusko Legebiltzarrak Estatutu berriari buruz lortzen duen akordioa balidatzeko aukera eskaini nahi diegu euskal herritarrei, Gorte Nagusietara bidali baino lehen. Proposamen argia da, bai deialdiak bete behar dituen baldintzetan, bai legearen barruan eta Estatuarekin adostuta egingo delako, bai politikoki eraginkorra izateko (nahiz eta juridikoki loteslea ez izan) bete beharreko baldintzetan.
Baldintza horiei esker, deialdia egitean ez da haustura sozialik gertatuko eta herritarren artean ez da, proposamen bideraezinak egitearen ondorioz, etsipenik sortuko. Baldintza hauek, euskal gizartean, ezberdinen arteko ituna eskatzen dute; itun transbertsal eta zabala. Baldintza hauekin, euskal herritarrek eurek bermatuko dute gizartearen pluraltasuna ez dela inola ere arriskutan jarriko, ez dela inoiz bilatuko erdia gehi bateko gehiengorik, jokoan dagoena bizikidetza edo herri-proiektu konpartitu bat edukitzea baldin bada.
2. Autogobernua, itun bikoitz: barnekoa –euskal herritarren artekoa– eta Estatuaren gainerakoarekin egiten dena.
Gure autogobernua euskal herritarren eskubidea da, herritar guztiena, eta ez soilik batzuena (nazionalistena). Erkidego honetako kide guztiok geure burua gobernatzeko daukagun eskubidea da. Hori egiteko gaitasun kolektiboa dugula erakutsiz lortu genuen eskubide hori.
Eta geure burua gobernatzeko eskubidea gauzatzea itun bati zor zaio. Itun bikoitza: barrukoa eta kanpokoa. Barrukoa, geure erkidegoko kideen artean, herritar guztiok ez baitugu ideia bera, ez hori ulertzeko modu bera. Eta kanpokoa, gurekin bizi diren Estatuko gainerako herri, nazio, nazionalitate eta herritarrekin, autogobernua burujabetza partekatuen esparruan gauzatzen baitugu.
Itun honek barneko eta kanpoko eztabaida-prozesu sakon eta zintzo baten beharra dauka. Eztabaida hau ez dator bat maximalismoarekin ez aldebakartasunarekin, ezta ere, inondik inora ere, erantzuna beti EZETZA izatearekin, hau da, herritarrei iritzia emateko aukera ukatzearekin. Eztabaida honek pragmatismoa eta adostasun-guneak exijitzen ditu, nahitaez.
3. Herritarren ezinbesteko parte-hartzea: herritarrek itun plural bat balidatzea eta erreferenduma egitea.
XXI. mendean ez dago herritarren parte-hartze aktiborik gabe egin daitekeen jarduera politiko edo instituzionalik. Are gehiago, bizikidetza-arauak berriztatu nahi direnean. Eta parte-hartze hori iraunkorra izan behar da prozesu osoan zehar, ez bakarrik amaieran, prozesua amaitzeko berrespen bat balitz bezala. Zentzu horretan, autogobernua itun bikoitza dela esaten badugu, herritarrek gutxienez bi dimentsioak balidatzeko eta berresteko aukera izan behar dute.
Horregatik, Elkarrekin Podemosen proposamenak euskal herritarren parte-hartzean bi une aurreikusten ditu, ezaugarri eta ondorio ezberdinekin, erabakien xedearekin eta unearekin bat datozenak:
1 Barne-ituna berresteko erreferenduma, prozesuaren amaieran. Hau da, 1979. urtean Gernikako Estatutua behin betiko onesteko erabili zen prozedura bera. Erreferendum horrek izaera loteslea izango luke, eta Gorte Nagusietatik irteten den testuari buruzkoa izango litzateke.
2. Barne-itunaren balidazioa. Hau berria litzateke. Autogobernu-itunaren lehenengo fasearen balidazioa da, hau da, Gorte Nagusietara bidali aurretik egiten dena, izaera loteslerik gabe. Balidazio bat da; hots, Eusko Legebiltzarrak adostu duenari balioa, indarra eta irmotasuna ematen dizkion zerbait. Alderdi politikoek euskal herritarren izenean erabaki dutena aztertuko dute herritarrek hemen. Gainera, euskal gizartearen ezaugarrien araberako baldintzetan egingo dute.
Gurea bezain plurala den gizarte batek, bere bizikidetza-arauak aztertzen dituenean, adostutako prozedurak eta gehiengo indartuak behar ditu. Horregatik, ondokoa planteatzen dugu:
- Balidazio hori Gobernu Zentralari eskatuko dio Eusko Legebiltzarraren bi hereneko gehiengoak.
- Politikoki eraginkorra izan dadin, parte-hartzea azken bost hauteskunde autonomikoen batez besteko parte-hartzearen berdina edo handiagoa izan behar da, hau da, erroldaren % 60aren inguruan egon behar da.
- Eta aldeko gehiengo kualifikatua egon behar da.
Azaldu dugunez, gure proposamenaren zentzua argia da, alegia, herritarrei entzutea, eta balidazioaren baldintzak ere bai: bizikidetza ez dadila tenkatu erdia gehi bateko gehiengoekin. Formula honek eragotzi egiten du juridikoki bideraezinak diren edo transbertsalak ez diren proposamenak balidatzeko aurkeztea, baita Gorteetan izapidetzen denean Estatutu-proposamena eraldatzeko saioak egitea ere. Indar politiko guztiak ados egon beharko lirateke honetan.
4. Herritarren konbalidazioa vs. kontsulta gaitzailea: batzea vs. zatitzea
Oso antzekoak iruditu arren, Elkarrekin Podemosen herritarren konbalidaziorako proposamena eta EAJren eta Bilduren kontsulta gaitzailea herritarren kontsulta ulertzeko oso modu ezberdinak dira. Haien arteko ezberdintasuna ez datza kontsulta egitean, baizik eta kontsultaren helburuan eta zentzuan. Gure proposamenean, euskal herritarrak kontsultaren hartzaile dira, eta ez hirugarrenen abal edo gaitzaile; kontsultari erantzunez, herritarrek balidatzen dute akordioa inklusiboa dela, gizartearen pluraltasunaren neurrikoa; kontsulta ez da beste batzuen legitimitateen arteko talka baterako aitzakia; herritarrak aztertzaileak dira, ez aztergaia; modu legal eta adostuan egiten dute, eta ez gizarte-hausturaren klabean. Kontsulta ulertzeko bi modu bereizten dira, hortaz: batzea vs. zatitzea.
4.1. Norentzat. Guk, euskal herritarrentzat
Herritarren parte-hartzearen ikuspegitik, uste dugu nekez onar daitekeela herritarrei dei egitea hirugarren bat (ez dago oso argi nor) gaitzeko edo abalatzeko, hirugarren horrek gizarte oso baten izenean, baldintza ezezagunetan, negozia dezan.
Proposamen horren aurrean, guk alternatiba argi, erraz eta sendoa eskaintzen dugu: herritarrek euren izenean eta euren eskubideen alde jardun dezatela, euskal alderdien akordioa aztertuz eta balidatuz (edo ez balidatuz), eta hori egitean erabaki dezatela akordioa gizarte plural baten elkarbizitzarako bezain arduratsua den ala ez.
4.2. Zertarako. Guk, itun plurala bermatzeko.
Izenak berak, "kontsulta gaitzailea", helburua adierazten du: "Norbaiti negoziatu ahal izateko kapitala ematea". Hau da, herritarrei hirugarren baten estrategia abalatzera dei egiten zaie; kasu honetan, alderdi politikoen (edo, kasurik txarrenean, erakundeen) legitimitateen arteko talkan datza estrategia.
Ikuspegi horren ordez, guk proposatzen dugu euskal herritarrek euren ordezkari diren alderdien arteko akordioa balida dezatela, hau da, akordioa irmo bihur dezatela eta balioa eman diezaiotela. Eta hori egitea, ez geure artean edo beste erakunde batzuekin gatazka sortzeko xedez, baizik eta egiaztatzeko alderdiek adostutakoak Gorte Nagusietara bidaltzeko moduko babes soziala duen ala ez.
4.3. Nola. Guk, modu legal eta adostuan
Kontsulta-prozesu batean, izaera demokratikoa herritarrei dei egiteak ematen du, baina deialdi horretan herritar guztiek parte hartzeko deia egiten zaiela sentitzeak ere bai. Hau da, inork ez dezala pentsa kontsulta tresna partziala denik.
Guk, herritarren balidaziorako egiten dugun proposamenean, kontsulta gaitzailean ez bezala, modu legal eta itunduan egiten dugu deia, hau da, Eusko Legebiltzarraren bi herenek Gobernu Zentralari eskatuta. Beraz, egungo lege-esparrua aldatzen ez den artean, Konstituzio Auzitegiak Kataluniako Estatutuaz eman zuen 31/2010 Epaia ekarri behar dugu gogora, erkidegoek kontsultak eta erreferendumak deitzean dauden mugei buruz.
Gehiago irakurriElkarrizketak
Saioa hasi zure ekarpena egiteko
Teniendo en cuenta lo aportado en las bases I y II, me gustaría añadir que tanto este grupo como el grupo Socialistas Vascos parecen defender en materia social posturas no muy diferentes a las recogidas en las bases acordadas. Es decir, creo que es perfectamente posible un consenso en la mayoría de los títulos ya que el principio inspirador de todas las fuerzas es el de ahondar en el autogobierno y los derechos sociales, en cualquiera de sus vertientes. Resolviendo problemas de forma ( y algunos de fondo), podría generarse un gran consenso entorno a la actualización necesaria de la protección que merece la ciudadanía vasca. Es fundamental tratar de construir puentes y encontrar el punto de consenso entre fuerzas tan diversas y de perspectivas e ideologías muy variadas. Los derechos sociales, de la mujer y del medio ambiente tienen que ser el eje vertebrador de nuestra sociedad, algo que apoyan la mayoría de grupos. Por lo tanto, el estatuto debería redactarse alrededor de esa idea.
Euskal justizia errestauratiboa edo konponarazlea izango da. Eta ez da zigorrean bakarrik oinarrituko.