PV-ETP TALDEAK AURKEZTUTAKO BOTO PARTIKULARRA
Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak, 2014ko otsailaren 20an eta 2017ko urtarrilaren 26an egindako bilkuretan, legez besteko proposamen bana onetsi zuen. Horien bidez, berariazko ponentzia parlamentario bat eratu zen, "euskal autogobernua eguneratzeko" helburuarekin.
Legez besteko proposamen horren testuak hau dakar: "desberdinen arteko ahalik eta adostasun zabalena bilatuz, ponentzia horrek bere lanak egingo ditu "formulazio ireki baina zehatz bat lortzeko, gure autogobernua erreformatzeko eta eguneratzeko oinarri eta printzipioei dagokienez. Oinarri eta printzipio horiekin bat, ponentziak ezarri edo adostuko du formula edo prozedura egokiena testu artikulatuko zirriborro bat egiteko, Gernikako Estatutuaren erreforma bat garatuko duena, ordenamendu juridikoa errespetatuz". Oinarri eta printzipio horien helburua autogobernua eguneratu eta berritzea da, zentzu zabal batean ulertuta. Horretarako, "hartan jasoko dira, besteak beste, eskubide sozial, ekonomiko edo kulturalen sendotzea eta areagotzea, belaunaldien arteko solidaritatea, Euskadiko barne-arkitektura instituzionalaren diseinua, edo erakundeen eta herritarren arteko harreman modu berriak".
Aurkeztutako oinarriak, Ponentziak 2018ko maiatzaren 22aren eta uztailaren 6aren artean onetsi zituenak, ikusita, Euskal Talde Parlamentario Popularrak uste du oinarriok ez dutela betetzen Ponentzia eratzean zeuden helburu edo xedeetako bat ere. Izan ere, orain frogatuko dugunez, indarrean dagoen ordenamendu juridikoa ez da errespetatu, eta erabakiak ez dira hartu "ahalik eta adostasun zabalena" bilatuz: bi talde parlamentariok baino ez dituzte babestu oinarrietan ageri diren alderdirik esanguratsuenak eta, beraz, funtsezko kontuetan adostasuna bilatzeari uko egin zaio behin eta berriro.
Horrela, EH Bilduren eta EAJren talde parlamentarioek euskal nazionalismoaren asmo tradizional eta ortodoxoenen bilduma eratu dute. Den-denak aipatzeko asmorik gabe, hona hemen haietako batzuk: "errealitate nazional" bat dagoela, autonomia-erkidegoa bera baino lehen ere existitzen zena, errealitate espainiarretik bereizia eta errealitate espainiarra ukatzen duena, eta bi estatutako zazpi lurralde barnean hartzen dituena, hiru "erabakigune politikotan" banatuak; euskal nazionalak [vascos nacionales] eta euskal herritarrak [vascos ciudadanos] bereiztea, eta subjektu juridiko eta politiko instituzional berri bat onartzea, Espainiako Estatuarekin benetako aldebiko harremanak, izaera konfederalekoak, izango dituena eta, aurreko guztia larria ez balitz, ordenamendu juridikoaren aurka ez balego eta euskal gizartearen pluraltasunari ez ikusia egingo ez balio, erabakitzeko eskubidea deritzonaren (autodeterminazio-eskubidearen eufemismoa baino ez denaren) titularra izango litzatekeena. Eta eskubide hori da, hain zuzen ere, estatus politiko berria edo "Euskal estatu autonomoa" edo "Euskal estatu-erkidegoa" edo "Euskal nazio-erkidegoa" sortzeko (horiek dira proposatutako izendapenetako batzuk) "oinarria eta bitartekoa".
Azaldutakoa ikusita, Euskal Talde Parlamentario Popularrak ondoko boto partikularra formulatzen du autogobernua eguneratzeko Ponentzian onetsi diren oinarrietan. Boto honen bidez, geure iritzia azaltzen dugu funtsezkotzat jotzen ditugun kontuen inguruan, EH Bildu eta Eusko Abertzaleak talde parlamentarion botoekin soilik onetsi direnak.
I.- PROPOSATU DEN ESTATUTU ERREFORMA: AURRETIAZ KONSTITUZIOAREN ERREFORMA EGIN BEHARRA
1.- Proposatutako oinarriek (Hitzaurreak eta Atariko Tituluak) Estatutua eguneratzea edo modernizatzea exijitzen dute, Espainiako Estatuarekin harreman mota berri bat dakarren ikuspegi juridiko-politiko baten pean, "estatus politiko berria" deritzona (hasieratik bertatik, "erreforma" egiteko borondatea bertan behera uzten da). Estatus horrek, eskumen-gatazkarik egotekotan, bere gain hartuko ditu "benetako aldebikotasunaren printzipiotik abiatzen diren interpretazio-bideak": euskal herriaren nazio-identitatea aitortu dadila nahi da, juridikoki bereizitako nazio-identitate gisa. Hartara, Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarrian eskubide historikoen eguneraketari buruz dagoen aurreikuspenari "ikuspegi berria" aplikatu nahi zaio, hura "EAEko herritarrek adierazten dituzten nahiekin" bateragarri izan arte garatuz.
2.- Tesi nazionalista tradizionalenei jarraiki, berrikuntza-premia honen arrazoia litzateke, zati batean behintzat, Gernikako 1979ko Estatutua ez dela guztiz garatu ia 40 urte indarrean egon ondoren, Espainiako hainbat gobernuk transferentzia-prozesuan egindako blokeoaren ondorioz eta oinarrizko legeria ustez modu hedakorrean erabiltzearen ondorioz. Gainera, Estatutuaren birtualtasuna edo potentzialtasunak mugatuta egon dira, Konstituzio Auzitegiak autonomiaren inguruan sortu duen doktrina ustez "birzentralizatzailearen" eta "higatzailearen" bidez.
Baieztapen horrek, harrigarria bada ere, ez ikusia egiten dio, nahita, "Gernikako Estatutuan jaso diren eta oraindik transferitu ez diren gaien eskualdatze-katalogoaren eguneratzea" deritzon txostenari, Eusko Jaurlaritzak 2017ko irailaren 22an egina. Txosten horrek ondokoa adierazten du:
a) Estatutuaren garapena dinamikoa da: "egiteke dauden transferentzien gauzapena ez da inoiz izan argazki estatikoa". "Estatuko araudian etengabe egiten diren aldaketek eta Konstituzio Auzitegiaren doktrinaren eboluzioak transferentzia-prozesua baldintzatzen dute, onerako eta txarrerako".
b) 1994tik 2011ra egindako eskualdatzeak 35 dira. Horietako batzuk "Zubia txostenean" aipatzen diren fitxa edo transferentzietako batzuk dira, eta beste batzuk "ez dira txosten horretan berariaz aipatzen" (Zubia txostena 1993an egin zen, eta azaldu zuen guztira 54 transferentzia zeudela eskualdatu gabe). Hain zuzen ere, txostenean sei transferentzia berri aipatzen dira, orain arte kontuan hartu ez diren gaietan, aurreko eskualdatzeen hedakuntza direnak.
c) Denboraldi horretan, garrantzi handiko transferentziak gauzatu dira, adibidez, Justizia Administrazioarentzako bitarteko material eta ekonomikoak eskualdatu dira, emakida-araubidean dauden autobideak zati batean eskualdatu dira, ikerketa eta garapen zientifiko eta teknikoaren eta berrikuntzaren alorreko funtzioak eskualdatu dira eta, berrikiago, Euskal Autonomia Erkidegoari zenbait funtzio eta zerbitzu eskualdatu zaizkio, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lan-heziketaren alorrean lan-arloko legeria betearaztearen arloan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egiten duena, baita Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak egiten duen ikuskapen-funtzio publikoari dagokiona ere.
3.- Espainiako Konstituzioak diseinatutako estatu autonomikoa eredu deszentralizatua da, aldeaniztasunean oinarritua. Aldebikotasuna kontu berezi edo apartekoetarako gordetzen da, esate baterako, Ekonomia Itunerako edo Nafarroako Hitzarmenerako. Planteatzen den erreforma Estatutuaren esparruan soilik aplikatuko balitz, zentzua izango luke aldebikotasunaz jarduteak. Baina, erreforma-proposamena planteatu den moduan, ikusten da ez direla soilik aldatu nahi estatutu-izaerako alderdiak, baizik eta Konstituzioari berari dagozkionak, estatuko oinarrizko araudiaren alorrekoak, eta are Europako Erkidegoko Zuzenbidearen eremukoak ere.
Egin nahi dena Konstituzioa erreformatzea edo estatu-izaerako legeak (organikoak nahiz arruntak) aldatzea baldin bada, ez da nahikoa estatutu-erreforma egitea; horren ordez, beste prozedura batzuk baliatu beharko lirateke, aldeaniztasunez. Mekanismo hori elkartasun-berme bat da, espainiar nazioaren batasunaren eta hura osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomiaren oinarrizko printzipioa ere badena. Ponentziak onetsitako erreforma-proposamenak Estatutuaren aldaketa batek izango lukeen aldebiko dimentsioa gainditzen du –Eusko Legebiltzarraren borondatea eta Diputatuen Kongresuaren borondatea–, "estatus politiko berria" proposatzen baitu, hau da, EAEaren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman mota berri bat; horrela, Konstituzioaren esparruari modu interesatuan ez ikusia egiten zaio, eta Espainian beste 16 autonomia- edo foru-erkidego daudela ahazten da.
4.- Lehenengo Xedapen Gehigarria Konstituzioaren arauetako bat da. Berezia da, hori ere egia da, eskubide historikoak "konstituzionalizatzen" dituen aldetik, Konstituzioak babestutako eta aitortutako terminoetan. "Eskubide historikoek" eraginkortasuna eta indarra dituzte Konstituzioan jasotzen direnez gero eta, hain zuzen ere, arauak zilegitasun konstituzionala aitortzen dielako.
5.- Autonomia-erkidegoak ere Estatua dira, eta autonomia-erkidego jakin bateko herritarrek ez dute subjektu politiko berezia osatzen, gainerako herritar espainiarretatik bereizita, guztiak batera espainiar herria baitira. Espainiar herria subiranotasun nazionalaren titularra da, zatitu ezin dena. Espainiar herria ez den subjektu politiko bat, subiranotasunaren baliokide den eskubide baten titularra, aintzatestea ezinezkoa da, indarrean dagoen Konstituzioa ez bada aldez aurretik erreformatzen. Ondorioz, "harreman berri" honi, "estatus berri" honi, izatekotan ere, Konstituzioaren erreformaren aldetik heldu beharko litzaioke, eta ez Estatutuaren erreformaren bidetik. Konstituzioaren eta legearen ikuspegitik, subiranotasunaren subjektu juridiko eta politiko bakarra espainiar herria da, bere osotasunean.
6.- Konstituzioa espainiar nazioaren batasunetik abiatzen da. Espainiar nazioak zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa osatzen du. Estatu horren botereek espainiar herriarengan dute sorburua, eta hari dagokio subiranotasun nazionala (Espainiako Konstituzioaren 1. eta 2. artikuluak). Defendatzen den "estatus berriak", haren irismenak, espainiar herritar guztiengan eragiten du, sortutako sistema birdefinitzea baitakar. Beraz, hura aplikatzeko modu bakarra Konstituzioaren berrikuspen formala egitea litzateke, bere 168. artikuluaren bidez: batetik, Gorte Nagusiek esku hartuko lukete, espainiar herriaren ordezkariak direnez gero (Espainiako Konstituzioaren 66.1 artikulua), eta bestetik subiranotasunaren titularrak berak esku hartuko luke, Gorte Nagusien erabakia berresteko nahitaezko erreferendumaren bitartez (Espainiako Konstituzioaren 168.3 artikulua).
Berriki, Konstituzio Auzitegiak, azaroaren 8ko 124/2017 Epaiaren bidez (Trantsizio juridikorako eta errepublika sortzeko irailaren 8ko 20/2017 Legearen aurkako errekurtsoa dela-eta emandakoa), berretsi zuen erreforma jakin batzuk egiteko modua Konstituzioa aldatzea dela: ezin da autonomia-erkidego baten estatus juridiko eta politikoa erreformatu baldin eta aurretik ez bada Konstituzioaren erreforma egiten. Aipatu ditugun bi talde parlamentarioek bakarrik (Ponentzian gehiengo soila osatzen dutenek) onetsi dituzten oinarrietan proposatzen diren hainbat ekimen aurrera ateratzeko, aldez aurretik Konstituzioaren erreforma egin beharko litzateke; hortaz, ezin dute ezkutatu Estatutuaren aldaketaren mozorroaren atzean.
Laburbilduz: Espainiako Estatuarekiko harremanerako proposatzen den esparru politiko berria, "aldebiko harreman berezi konfederala" dena eta estatutu-testu berrian sartuko liratekeen eskumen-eremuak areagotzen dituena, bideraezina litzateke aldez aurretik Konstituzioa aldatuko ez balitz. "Nahi" politikoak izatea ez da "eskubide" politikoak izatea.
II.-KONSTITUZIOA, AUTOGOBERNUAREN OINARRI
7.- Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarrian eskubide historikoak aintzat hartzen dira, baina horrek ez du esan nahi euskal autonomiaren funtsa Konstituzioa ez den zerbaitetan datzanik. Konstituzio Auzitegiak esanda dauka "foru-erkidego eta foru-lurraldeen eskubide historikoen ideia, Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarrian aipatzen dena, ezin daitekeela jo titulu autonomotzat eta hartatik ezin dela eratorri eskumen berezirik, xedapen gehigarriak argi eta garbi adierazten baitu foru-araubide horren eguneratze orokorra Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen esparruan egin behar dela". (Konstituzio Auzitegiaren 123/1984 Epaia, abenduaren 18koa, 3. Oinarri Juridikoa).
8.- Modu berean, Konstituzio Auzitegiaren 76/1988 Epaiak, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983 Legearen (LHLa esan ohi zaionaren) zenbait artikulu eta xedapen iragankorren aurka jarritako errekurtsoa ebatzi zuenak, ukatu egiten du eskubide historikoak eskumen-titulu autonomoa direnik: "Eskubide historikoen ideia ez da titulu autonomoa, eskumen bereziak sorraraz ditzakeena. Konstituzioak babestu eta errespetatzen duena ez da historikoki gauzatu diren ahal, ahalmen eta pribilegioen multzo edo taldea, lurralde-korporazioen eskubide subjektiboen forma hartzen dutenak eta beste hainbeste eskumenetan islatu ahal direnak, Historiak babestutako titulartasun edo gauzapenarekin. Espainiako Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren bigarren paragrafotik ondorioztatzen denez, bermatzen dena da foru-araubide bat dagoela, hots, lurralde-autogobernuko lurralde historiko bakoitzak bere araubidea duela; hau da, beraien "foraltasuna" bermatzen da, baina ez historikoki izan dituzten eskubide guzti-guztiak". Horrenbestez, ez da Historia, baizik eta botere konstituziogilea, eskubide historikoei balioa eta indarra ematen dizkiena: "Konstituzioa ez da Konstituzioaren aurretik eta gainetik dauden eskubide batzuk dauzkaten lurralde-erakunde historikoen arteko itun baten emaitza, baizik eta botere konstituziogilearen arau bat, bere eremuan indar lotesle orokorra duena, aurreko egoera "historikorik" kanpoan uzten ez duena. Ildo horretan, nola ez, eskubide historikoen eguneraketak Konstituzioaren printzipioen aurka dauden eskubideak baztertzea, edo ez onartzea, ekarriko du. Lehenengo Xedapen Gehigarritik baitatoz eskubide historikoen balioa eta indarra, eta ez beren legitimitate historikotik (3. Oinarri Juridikoa)". Auzitegiak, horrela, Konstituzioaren eta printzipio demokratikoaren nagusitasun arauemailea baieztatzen du, Konstituzioan aitortzen diren eskubide historikoen balioaren eta indarraren oinarri gisa: eskubideen aitorpena Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriak egiten du, eta ez ustezko legitimitate historiko batek.
Konstituzio Auzitegiak berriro adierazi edo berretsi du doktrina hau, berriki, Konstituzio Auzitegiaren azaroaren 8ko 124/2017 Epaian. Bertan azaltzen denez, autonomia-erkidego bat egoteak, "zuzenbidearen alorrean, Konstituzioan du jatorria, zehazki, Espainiako Konstituzioaren 1.2 artikuluan aldarrikatzen den subiranotasun nazionalean; subiranotasun hori baliatuz, haren titularrak, alegia, espainiar herriak, Konstituzio bat sortu zuen, espainiar nazioaren batasunean oinarritzen dena". Konstituzioa, beraz, ez da hura sortu aurretik eskubide historiko batzuk dauzkaten lurraldeen arteko akordioaren emaitza, baizik eta "botere konstituziogilearen arau bat, bere eremuan indar lotesle orokorra duena, aurreko egoera historikorik kanpoan utzi gabe (Konstituzio Auzitegiaren 90/2017 Epaiaren 6.a Oinarri Juridikoa eta bertan aipatutako jurisprudentzia)".
9.- Oinarrietako "Eskumenak" izeneko apartatuan, "Euskal autogobernuaren botere-funtsa", 11 eta 12. puntuetan, Espainiako Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren irakurketa eguneratzailea egiteko eskatzen da, Estatutuaren Xedapen Gehigarri Bakarra kontuan izanik. Baieztatzen da irakurketa hori printzipio demokratikoaren argitan egin beharko dela, "eskumen-hartzeko berriaren iturri" izango dela eta legezkotasunaren printzipioarekin batu beharko dena. Beste alde batetik, Atariko Tituluaren 2. zenbakian, ondokoa adierazten da argi eta garbi: "Legezkotasunaren printzipioa ez da printzipio demokratikoa hedatzeko oztopo izango; aitzitik, euskal herritarrek beren borondatea txukun adierazteko bide egokia eta proiektu politiko guztiak (…) berdintasunez gauzatzeko esparrua izango da". Legezkotasun-printzipioa eta printzipio demokratikoa koordinatzeko asmo nahasi honek pentsarazten du biak kontrajarrita egon litezkeela, baina hori aditzera ematean ez dira jabetzen legezkotasun-printzipioa, hain zuzen ere, printzipio demokratikoaren adierazpenetako bat dela; beraz, nekez egon litezke kontrajarrita: legezkotasunaren errespetuak ezin du inoiz ekarri printzipio demokratikoa urratzea. Lehenbiziko printzipio demokratikoa, lehenbiziko errekerimendu demokratikoa, ordenamendu juridikoa errespetatzea da, hau da, espainiar guztiok geure buruari eman diogun eta Euskadiko autogobernuaren oinarria den Konstituzioa errespetatzea.
III.- IDENTITATE NAZIONALA AINTZAT HARTZEA
10.- "Hitzaurrea" izeneko oinarrian (berriro esan behar dugu EH Bilduk eta EAJk soilik onetsi dutela), "euskal herriaren nortasun nazionala" aintzat har dadila eskatzen da, eskubide historikoen konstituzio-aitorpenaz egindako interpretazio interesatu eta okerraren ondorioz. Ondokoa baieztatzen da (15. zk.): "Euskal herria nazioa da herritarren gehiengoak hala aintzatesten eta identifikatzen duelako eta, gainera, zuzenbide konparatuan ezarritako parametro guztiak betetzen dituelako". Ez du esaten zein zuzenbide konparatuz ari den baieztapen hori egitean; bada, talde parlamentario honen aburuz, gaur egungo Espainiako Konstituzioaren esparruan ezin daiteke adierazi, terminoaren zentzu juridikoan, "euskal herria" "nazioa" denik. Arestian azaldutakoari jarraiki, horrek ez dauka lekurik gure Konstituzioaren testuan; halakorik egin ahal izateko bide bakarra Konstituzioa bera aldatzea litzateke, eta ez Estatutua.
Horrek guztiak, jakina, ez du ukatzen izaera kultural hutsa duten berezitasunak baieztatzeko eskubidea, adibidez, hizkuntza, kultura, edo ondare juridiko eta instituzionala, gure erkidegoak halakoak bai baitauzka, zalantzarik gabe. Talde independentistek, ordea, zentzugabekeria juridiko horren bidez, gure autonomia-erkidegoaren berezitasun edo ezaugarriak baliatuz horma bat eraiki nahi dute, euskaltasuna sentitu eta ulertzeko ditugun modu ezberdinak bereizteko. Ezaugarri edo berezitasun kultural eta historikoak gizarte edo giza talde guztietan gertatzen dira; ez da Euskal Autonomia Erkidegoari soilik dagokion zerbait. Horregatik, adibidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoa Araba edo Bizkaitik bereizten duten ezaugarriek lurralde horiek banantzea justifikatzen ez duten bezalaxe, ez du zentzurik EAE, esate baterako, Kantabriatik banantzeak. Berezitasunek ez dute zatitu behar, batu eta aberastu baizik.
11.- Onetsitako testuan aitortzen da ez direla herritar "guztiak", baizik eta "gehienak", beren identitate nazional bereizia berariaz aintzatestea nahi dutenak. Baieztapen hori aitzakia hartuta, independentistek "subjektu juridiko-politiko titularraren" kontzeptuari heltzen diote berriro. Subjektu hori "itun ekonomiko nahiz politiko batean oinarrituko litzateke, bai erkidegoaren barneko harremanak arautzeko, bai kanpo-harremanak (alegia, estatuarekiko eta Europar Batasunarekiko harremanak) arautzeko" (Euskal Autogobernua eguneratzeko oinarri eta printzipioen proposamena, 2018-02-07koa). Horrenbestez, betiere, euskal herritar batzuek "identitate nazional" berri bat aitortzea nahi izango dute, eta beste batzuek, ez. Burugabekeria politiko eta juridikoa, inondik ere.
12.- Proposatutako oinarriek adierazten dute Euskal Herriak, identitate propioa daukan herri horrek, "berezko ondare juridiko-instituzionala" duela. "Geografiari dagokionez, zazpi lurralde hartzen ditu, zeinak Europako bi estaturen barruan eta hiru erakunde-esparru bereizitan politikoki antolatuak dauden. Estatuak Espainiakoa eta Frantziakoa dira, eta erakunde-esparruak Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa, eta Iparraldeko Mankomunitateak kudeatzen duen lurraldea". Beste behin ere, dimentsio juridikoa, modu interesatuan, dimentsio kultural, etnografiko edo soziologikoarekin nahasten da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren funtsezko arau bat izango den testu arauemaile batean txertatu nahi da (berdin da Hitzaurrean nahiz Zioen Azalpenean izan, horiek ere balio juridikoa baitaukate), Espainiaren nahiz Frantziaren konstituzio-esparru juridikoa aldatu gabe.
13.- Nafarroari dagokionez –"Nafarroako Foru Komunitatea"–, jakina da bere autonomia definitzeko eta antolatzeko eskubidea gauzatu zuela, Konstituzioaren esparruaren babespean, eta prozesu hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoarekin burutu zela, Nafarroako Foru Komunitatearen oinarrizko arau instituzionala dena eta Estatuaren ikuspegitik 13/1982 Lege Organikoa dena. Lege horren 1. artikuluak hau dio: "Nafarroa foru erkidego bat da, araubide, autonomia eta erakunde berekiak dituena, banaezina, Espainiako Nazioaren barnean sartua eta solidarioa haren herri guztiekin". Nafarroa, gaur egun, foru-komunitate bat da, bera bakarrik, nafarren historiaren ondorio, eta nafarrek elkarrekin bizitzeko duten borondatearen emaitza. Nafarroa ez da Espainiaz besteko errealitate nazional baten atal.
Beste alde batetik, Estatutu berrian Nafarroako Foru Komunitateari buruz xedatu litekeena res inter alios acta bat litzateke; ez luke Nafarroan ez nafarrengan eraginik izango. Nafarroari buruzko kontuak "subjektu juridiko eta politikoen" onespena izan gabe arautu nahi izatea balio juridikorik gabeko esku-hartzea da, erkidego batek ere ez baitauka legegintzazko ahalmenik besteen gainean, eta Konstituzioaren aurkakoa izango litzateke argi eta garbi.
Nafarroak nortasun juridiko, politiko eta historiko handienetako bat du Espainiako erkidegoen artean. Haren "egitate bereizgarria", beste erkidego batzuetatik desberdintzen duena, ez da hizkuntza propioa, ez kultura jakin eta baztertzaile bat izatea (izan ere, Nafarroaren ageriko ezaugarri bat pluraltasuna eta aniztasuna dira, bere historian zehar kultura ezberdinak integratu baititu). Haren "egitate bereizlea" foraltasuna da, belaunaldi batetik bestera bizitasun handiz sentitua eta transmititua. Horixe da, hain zuzen ere, Nafarroa Espainiako Estatuan elkartasunez eta erabakitasunez txertatzen duena. Atariko Tituluari buruzko oinarri-proposamenaren 28. zenbakiak dakarren baieztapena, Nafarroari dagokionean, ezjakintasunaren ondorio edo, besterik gabe, faltsukeria baino ez da.
Nafarroaren foru-araubidea eta EAEan dauden lurralde historikoena oso ezberdinak dira jatorrian, edukian eta izaera juridikoan. Ez dago, eta ez da inoiz egon, EAEaren aurreko "errealitate nazionalik", zeinetan Nafarroa sartzen zen. Nafarroa soilik izango da euskal erkidego berriaren (ematen zaion izena ematen zaiola) kide baldin eta nafarrek, une jakin batean, beren nortasun juridiko eta politikoa urtzea eta beren historiaren norabidea aldatzea erabakitzen badute, baina ez "beti hala izan delako".
14.- Atariko Tituluari buruzko oinarriaren 29. zenbakian, Nafarroako Foru Komunitatearekin lotura politikoak ezartzeaz jarduten da, baita "Iparraldeko" "euskal lurraldeekin" ere. "Egitura edo organo instituzional iraunkor eta komunak" sortzeko aukera ere aipatzen da (hori bai, "funtsezkoa da lurralde-eremu bakoitzeko ordezkaritza-erakundeen erabakiak erabat errespetatzea", nola ez). Lotura horien helburua, besteak beste, "lurraldetasun irekiaren printzipioa eta politika bateratuko proiektu bat ezartzea" da. Gai honetan, gogorarazi behar dugu 1978ko Konstituzioak berariaz errefusatzen duela autonomia-erkidegoen federazioa (EKaren 145.1 artikulua) eta, zerbitzu propioak kudeatu edo emateko hitzarmenak salbu, erkidegoen arteko lankidetza-akordioek Gorte Nagusien baimena behar dutela (EKaren 145.2 artikulua).
IV.- AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA
15.- Hitzaurrearen oinarrian (5. apartatuan) eta Atariko Tituluaren oinarrian (2.1 apartatua), euskal lurraldeetako herritarrei subjektu juridiko eta politiko bat –orain "konstituziogile" deritzona– eratzeko "eskubide demokratikoa" (sic) aitortzen zaie. Oraingo honetan "EAEko herritarrak" esapidea erabiltzen da, eta ez "euskal herria"; nolanahi ere, "identitate nazionala" dute biek ala biek.
"Erabakitzeko eskubidea" esapidea esanahi ezberdinekin erabiltzen du nazionalismo independentistak, bai herri batek bere estatus juridiko eta politikoa erabakitzeko duen gaitasuna adierazteko, bai zuzenean erreferendum bat deitzeko eta independentziaren hautua berariaz proposatzeko. Nolanahi ere, "erabakitzeko eskubidea" oker deitu zaion horren funtsa –eta halaxe adierazten da Ibarretxe Planean eta Kataluniari buruzko zenbait agiri sezesionistatan– subjektu juridiko-politiko bat (kasu honetan, "euskal herria") existitzen delako sinesmenean datza. Herri horrek nazioa eratuko luke. Horrek esan nahi du herrien determinazio askerako ustezko eskubidea duela, 1966ko Eskubideen Nazioarteko Itunetan oinarrituta. Baina erabakitzeko eskubidea eufemismo hutsa da, autodeterminazio-eskubidea izendatzeko beste modu bat baino ez. Eta eskubide hori, Nazioarteko Zuzenbidean, kasu jakin batzuetarako bakarrik aintzat hartzen edo aurreikusten da; EAE eta, adibidez, Kataluniako erkidegoa, ez daude kasu horien artean.
16.- Konstituzio Auzitegiak, abenduaren 2ko 259/2015 Epaian, adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela aldez aurretik subiranoak ziren lurraldeen arteko ituna. Epaiak berresten du hautsi ezinezko lotura dagoela printzipio demokratikoaren eta Konstituzioaren erabateko nagusitasunaren artean, Konstituzioa botere konstituziogile subirano eta legitimoaren produktua baita, demokrazia-eredu pluralista ezartzen duena eta Konstituzioa erreformatzeko prozedura batzuk finkatzen dituena (Espainiako Konstituzioaren 167 eta 168. artikuluak), botere konstituziogileak Oinarrizko Araua berrikus eta alda dezan, hala nahi badu, are haren osotasunean ere (5. Oinarri Juridikoa).
17.- Proposatutako oinarrietan (Atariko Tituluari buruzko oinarriaren 2.1 apartatuko 6 eta 7. zenbakiak) erabakitzeko eskubidea sartzea lurraldearen zati baten sezesioa babestu eta bultzatzea baino ez da, eta Konstituzioaren kontzeptuarekin berarekin bateraezina da. Inongo estatu ez konstituziotan ez da beren suntsiketa errazten edo ekartzen duen mekanismorik aurreikusten, logikoa denez. Konstituzio batean autodeterminazio-eskubidea sartzeak konstituzioa arau iragankorra izatea ekarriko luke; konstituzio hori lurralde osoan eta estatuko biztanleria guztientzat indarrean egotea autodeterminazio-eskubidearen titularrek eskubide hori ez gauzatzearen baldintzaren pean geratuko litzateke. Denboran irauteko xedea berezkoa du Estatuaren ideiak. Beraz, ikuspegi kontzeptualetik, estatu batetik banantzeko asmoz autodeterminazio-eskubidea (sezesioa) gauzatzearen ondorioa ez da soilik estatua haustea, baizik eta Konstituzioa bera suntsitzea.
Konstituzio Auzitegiaren doktrina argia da: autodeterminazioa ez dago autonomia-erkidegoen autogobernuaren edukiaren barnean, autonomia ez baita subiranotasuna. Lurralde batek erabakitzeko eskubidea planteatzea, izatekotan, nahi politiko bat litzateke. Asmo hori bete ahal izateko, Konstituzioa erreformatu beharko litzateke aldez aurretik, eta legelariak Konstituzioaren likidazioa sustatu beharko luke.
18.- Nazio bat existitzen delako ideia, eta hura subiranotasun baten titulartasunari eta erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazio-eskubidea gauzatzeari lotuta dagoelako ideia ez doa soilik barneko esparru juridikoaren aurka, baizik eta Europakoaren eta nazioartekoaren aurka ere bai: nazioarteko zuzenbidearen esparruan, autodeterminazio-eskubidea, definituta dagoen eran, ezin zaie aplikatu EAEari ez Europako ia ezein lurralderi.
Jakina denez, estatuen lurralde-osotasuna errespetatzearen printzipioa nazioarteko ordena juridikoaren elementu nagusietako bat da. Eta halaxe ulertzen du Europar Batasuna eratzen duen zuzenbideak ere (horra hor, adibide gisa, independentistek Katalunian sustatu duten burugabekeria sezesionistaren aurrean izan den nazioarteko erantzuna).
Oinarrietan egiten den planteamenduarekin, "erabakitzeko eskubidea", nolabait, eskubide natural eta historikotzat eta printzipio demokratikoaren berezko ondoriotzat jotzen da; haren existentzia ukaezina omen da eta nazioarteko zuzenbidean omen du oinarria. Baina hori guztia errealitatea itxuraldatzearen emaitza baino ez da: ez dago erabakitzeko eskubide hori azaldutako baldintzetan jasotzen duen sistema demokratiko esanguratsurik.
"Erabakitzeko eskubidea" gauzatzea eta hasiera batean beharrezkoa den tresna, hots, erreferenduma (oinarriek "kontsulta gaitzailea" izenaz mozorrotzen dutena), erabiltzea betiere legez ezarritako esparruaren barruan egin beharreko zerbait da. Legezkotasuna da Europako Kontseiluko Veneziako Batzordeak exijitzen duen berme demokratikoko baldintza, hain zuzen ere, erreferendumaren gaian jokabide egokiak izateari buruzko txostenean; erreferendumaren aukera berariaz ukatzen da, Konstituzioaren edo legearen arabera egiten ez bada.
Auzitegi Gorenaren Zigor Arloak, 2018ko ekainaren 26ko autoan, hau adierazten du: "Hain zuzen ere, eskubide hori (boto-eskubideaz ari da) modu librean eta berme guztiekin gauzatzea sistema politiko demokratikoaren oinarrietako bat da. Baina, eta hau funtsezkoa da, demokrazia garatuen eremuan, boto-eskubidea ez da gauzatzen herritar talde batek nahi duenean, hau da, edozein unetan, edozein modutan eta edozein gaitan, baizik eta ordenamendu juridikoak ezartzen dituen une, modu eta gaietan. Hau da, legearekin bat etorriz. Espainia Europar Batasunaren barruan sobera homologatutako demokrazia da. Konstituzioa oso finkatuta dago eta haren aplikazioa normalizatuta dago. Are gehiago, esan dezakegu sistema bereziki eskuzabala dela, hura indargabetu nahi dutenen presentzia eta ekintza onartzen baititu bere barnean, Konstituzioa defendatzen dutenen aukera berberetan. Katalunian, eta Espainiako gainerakoan, hauteskundeak deitzen dira, Konstituzioak eta legeek ezarritako epeetan, eta berme guztiekin egiten dira. Emaitza ez da inola ere zalantzatan jartzen; beraz, herritarrek boto-eskubidea modu librean gauzatu dezakete. Eta legeak –arestian esan dugunez, gutxiengoen eskubideak ere bermatzen dituztenak– aldatu egin daitezke, ezarritako bideak erabiliz, eta gehiengoen eta gutxiengoen eskubide eta interesak kontuan hartuz. Ordea, herritar talde batek, gehiengoa izan edo ez, ugaria izan arren, ezin ditu legeok ondoriorik gabe utzi egitatezko bideetara joz edo legezko bideetatik kanpo arituz. Inguruabar horietan, ez da zilegi legeari egitatezko bideetatik eraso egitea eta hura indargabetu nahi izatea.
Beste alde batetik, Europar Batasunean ez da arraroa, baizik eta ohikoa, Espainiako Konstituzioaren kasuan gertatzen denez, konstituzio batek ez jasotzea lurralde nazionalaren zati bat, autonomia-erkidego bat eratzen duena, parlamentarien erdien gehi baten erabakiz gainerako lurraldetik bereizi ahal izateko aukera.
V.- ARTIKULAZIO INSTITUZIONALA ETA ESKUMENEN MUGAKETA
19.- Euskal Talde Parlamentario Popularrak defendatzen du eskumenen "barne-banaketa" berria egin dadila (EAEaren barnean, alegia), boterea EAEko gobernuaren, lurralde historikoen eta udalerrien artean banatuz, eskumenak argitzeko eta bikoiztasunak gainditzeko. Puntu honetara iritsita, bereziki deigarria da Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat gobernuk foru-aldundien kaltetan bultzatutako prozesu zentralizatzailea, foraltasuna eta haren berezitasuna murrizten dituena. Komeniko litzateke, bidezkoa balitz, besteak beste LHLaren erreforma sakona egitea, foru-aldundiei nahiz udalei eskumen-autonomia handiagoa eta baliabide gehiago emateko.
20.- Bestalde, EAEan Justizia Administrazioa antolatzeko eskumena geureganatzea proposatzen da (autoantolaketako ahalaren barnean), baita espetxe-politika propioa edukitzea ere. Euskal Kontseilu Judizial Nagusia sortu edo aintzat hartuko litzateke, baita Euskal Eskola Judiziala ere. Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiari esleituko litzaioke auziak modu arruntean burutzea, "botere judizialaren batasuna kaltetu gabe eta Auzitegi Gorenaren nagusitasuna kontuan izanik, Estatuak emandako legeriari buruzko doktrina bateratu baino ez duena egingo" Modu berean, talde nazionalistek erabaki dute "estatus politiko" berrian "Euskal Botere Judiziala" aintzat har dadila, eta gaur egungo eredu deszentralizatua gaindi dadila, “antolaketa eta oinarri judizialeko eredu berri bat” finkatzeko. Haren gailurra Justizia Auzitegi Nagusia litzateke.
Konstituzio Auzitegiak, 31/2010 Epaian, adierazi zuen autonomia-erkidego baten justizia-auzitegi nagusiaren eskumenak arautzen dituen legea Botere Judizialaren Lege Organikoa baino ezin daitekeela izan. Lege organiko horrekiko mendekotasuna nahitaezkoa da Justizia Administrazioaren eremuan edozein aldaketa egiteko, gure konstituzio-esparruarekin bat etorriko bada.
21.- Oinarrien proposamenak, modu berean, planteatzen du (Eskumenen eta Autogobernuaren Funtsaren oinarriaren 7 eta 11. zenbakiak) "Indarrean dagoen Estatutuan zehaztutako eskumenak gehitzea", "Espainiako Konstituzioaren 1. Xedapen Gehigarrian aintzatetsitako eskubide historikoak sistematikoki eguneratuz eta zabalduz", Espainiako Konstituzioaren 148 eta 149. artikuluen eraginkortasuna modulatzea ere ahalbidetuko lukeen modu batean. Gainera, hau baieztatzen da: "Proposatutako estatuarekiko harreman-eredu berria dela eta, printzipio demokratikoa ere eskumen-hartzeko berriaren iturri izango da".
Jarrera horrek ez dauka funtsik Konstituzioan ez konstituzio-jurisprudentzian. Izan ere, ezerk ezin du baldintzatu Konstituzioaren 148 eta 149. artikuluetan ezarritakoa. Oinarrien proposamenean hala nahi den arren, ez da existitzen Espainiako Konstituzioaren Lehenengo Xedapen Gehigarriaren eta EHAEaren Xedapen Gehigarri Bakarraren ustezko "nagusitasunik" aipatutako manuen gainetik, Nafarroaren eta EAEaren ekonomia- eta finantza-araubidearen salbuespen bakarrarekin. Inolako funts juridikorik gabe, "ekonomia-itunaren" kontzeptua nolabaiteko "itun politiko" batera zabaldu nahi da. Horrek, beste behin ere, lehertu egingo lituzke ordenamendu juridikoa eta Konstituzioaren aurreikuspenak (Espainiako Konstituzioaren VIII. Titulua eta, zehazki, eskumen-esparruari dagokionez, Espainiako Konstituzioaren 148, 149 eta 150. artikuluak bereziki), baita azken hamarkadetan lortutako kontsentsu politiko guzti-guztiak ere. Beste zentzugabekeria juridiko eta politiko bat.
22.- Ekonomia Itunari dagokionez, EHAEaren 41. artikulua aldatu nahi da (cfr. oinarrien apartatu beraren 26, 27, 28 eta 31. puntuak). Aldaketa horren bidez, orain arte Itunaren aplikazio-eremuaren barruan zegoena zabaldu nahi da; aurrerantzean gehiago zehaztu beharko da.
Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua EAEan modu berezi batean ("aldebikoan") aplikatzea proposatzen da. Hori, nolabait, jasota dago Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan. Hau dakar, hain zuzen ere, Hirugarren Azken Xedapeneko 2. apartatuan: "Lege honetan xedatutakoa EAEan aplikatzean, haren foru-araubidea dela bide, Ekonomia Itunaren Legean xedatutakoa aintzat hartuko da". Ondorioz, lege bietan xedatutakoa bete beharko da, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan konstituzionalizatuta dagoen aurrekontu-egonkortasunaren printzipioaren ondorioak zehazte aldera.
VI.- EUSKADIREN ORDEZKARITZA EUROPAKO ETA NAZIOARTEKO INSTITUZIO ETA ERAKUNDEETAN
23.- Estatuak nazioarteko harremanetan bakarreko eskumena daukan arren (Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikulua zena), autonomia-erkidegoek kanpo-ekintzako zenbait jarduera egiteko eskumena badute. Modu berean, zenbait negoziazioren berri jakiteko eskubidea daukate, baita espainiar ordezkaritzetako partaide izateko ere, baldin eta beraien eskumenetan eragina duten itunak negoziatzen ari badira: oro har, nazioarteko eremuari buruzko oinarrian jasotzen diren asmo guztiek Itunei eta bestelako nazioarteko akordioei buruzko azaroaren 27ko 25/2014 Legean xedatutakoa bete beharko dute.
Oinarri egokian sartutako asmoek arauketa-maila ezberdinak dituzte, eta denak ezin dira sartu balizko Estatutu berrian, haien arauketa Estatuaren Zuzenbideari edo Batasunaren Zuzenbideari dagokielako. Baina egia da, halaber, egungo EHAEak ez duela bere artikuluetan Europar Batasunaren aipamenik egiten. Horrenbestez, logikoa da orain alderdi hori eguneratzea, halaxe egin baitute beste erkidego batzuetako estatutuek, oinarrien dokumentuan adierazten diren aurreikuspenenen antzekoak txertatuz. Noski, kontu batzuek Estatutuaren esparrua gainditzen dute (adibidez, Ekonomia Ministroen Europako Kontseiluan zuzenean parte hartzea, "subjektu juridiko eta politiko titular" gisa). Beste batzuek bestelako erreforma batzuk beharko lituzkete, EAEko instituzioen eskumenetik eta gaitasun legegiletik haratago doazelako (esate baterako, hauteskundeen legeria orokorraren erreforma, "euskaldunek Europako Parlamentuan estatus politiko berrian jasotako SJPren eta Estatuaren arteko harreman-eredu berrira egokituko dela bermatzeko)".
24.- Estatu bateko eskualdeen edo lurralde-entitateen eraketa juridiko-politikoa estatu kide bakoitzari dagokio, eta ez Europar Batasunari. Eta, jakina denez, Europar Batasunaren oinarrizko printzipioetako bat estatu kideen lurralde-osotasuna errespetatzea da. Konstituzio-doktrinaren arabera, autonomia-erkidego bakoitzaren eskumenetan edo interesetan eragina duten Europar Batasunaren inguruko gaietan, erkidegoen parte-hartzea (erkidego bakoitzaren estatutuan aurreikusten dena) Estatuaren legeriak ezartzen dituen baldintza zehatzetan egingo da (cfr. Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 28ko 31/2010 Epaia, 122. Oinarri Juridikoa). Laburbilduz: estatu kideetako eskualdeek edo lurralde-entitateek Europar Batasunaren arazoetan duten parte hartzean edo harekin duten harremanean aldaketak egin ahal izateko, legean aldaketak egin behar dira (baliteke Konstituzioan ere aldaketak egin behar izatea). Aldaketa horiek, betiere, ezin dira alde bakarrekoak edo alde bikoak izan; izatekotan, alde askotakoak izango dira.
ONDORIOAK
Euskal autogobernua eguneratzeko Ponentzia parlamentarioa eratzean adierazitako helburuetako bi, zehazki, sortzen diren dokumentu eta testuetan "ezberdinen artean ahalik eta adostasun handiena" lortzea eta "ordenamendu juridikoa errespetatzea", erabateko porrota izan dira, dokumentu honetako boto partikularrean frogatu dugunez.
Puntu honetan, gutxienez aurretiazko gogoeta gisa, esan behar dugu Ponentzian ordezkatuta dauden talde independentistek ez dutela lan egin indarrean dagoen Gernikako Estatutua "erreformatzeko" (Legebiltzarraren mandatua hori zen arren). Aitzitik, oinarrien emaitzak erakusten duenez, helburu politikoa, hasiera-hasieratik, "estatus juridiko-politiko berria" deritzona ex-novo eratzea izan da, hau da, Euskadirentzat konstituzio nazionalista bat egitea. Ez gaude, beraz, Autonomia Estatutuaren erreforma baten aurrean. Autonomia likidatzearen eta figura instituzional zehaztugabe batekin ordezkatzearen arriskuaren aurrean gaude; aldaketa honen oinarria euskal herria subjektu subirano gisa aitortzea da, Espainiatik bereizteko eskubidearekin. Ez du garrantzirik asoziazioa bultzatzeak. Planteamendu subiranistak berak haustura dakar, sistema konstituzionalarekiko apurketa; ironikoa bada ere, sistemari bere suntsiketan parte hartzeko gonbidapena egiten zaio.
Ponentzian onetsitako oinarriak (edukiagatik eta irismen politikoagatik esanguratsuenak direnak) EAJren eta EH Bilduren botoekin soilik onetsi dira; haiei ez die axola handirik izan Euskadiz eta euskal herritarrez duten ikuspegi nazionalista eta identitario berezia besteei gailentzea. Gainera, bi talde hauek oinarriok onesten tematu dira, jakinik ere beren asmoak indarrean dagoen ordenamendu juridikotik kanpo daudela.
Talde nazionalistek uko egin diote, berariaz, ezberdinen arteko kontsentsua bilatzeari, honelako maila eta garrantzia dauzkan arau hau onesteko beharrezkoa izan beharko litzatekeena. Euskal gizartearen zati bat, nazionalista ez dena eta hala sentitzen ez dena, hemen integratzeari uko egin diote. Hori ez da txikikeria; geure buruari galdetu beharko genioke nola nahi duten talde nazionalistek, lehengai hauekin, testu artikuludun bat idazteko eskatuko zaien bost "legelari adituek" eginkizun hau ondo burutu dezatela, oinarrietan ezarritakoa betez, legea betez eta, gainera, Legebiltzarraren zati handi bat eta, beraz, euskal herritarren multzo handi bat (PSE, Elkarrekin Podemos eta Euskal Alderdi Popularra) baztertuz.
Modu berean, oinarriak idatzi baino lehen, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Ponentzia parlamentarioari eman zizkion eginbeharretako bat indarrean dagoen Gernikako Estatutuaren "estatutu-garapenaren ebaluazioa" egitea izan zen. Ponentzian oinarritutako agerraldien, agirien analisien eta eztabaiden ondoren, estatutuaren garapenaren ebaluazioa nagusiki positiboa izan zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko eta sozialarentzat onura objektiboak dituela ondorioztatu zen.
Talde independentistek (EAJk eta EH Bilduk) txikiagotu edo ezkutatu nahi izan duten arren, bidezkoa da Gernikako Estatutuaren funtzio egituratzailea aitortzea eta Euskadiren artikulazio politikoaren esparru gisa izan dituen lorpenak baloratzea, bertan legitimatzen eta jasotzen baitira gure eskubide historikoak, sistema konstituzionalaren barruan. Konstituzioa eta Estatutua baitira gure autogobernu-erakundeei buruzko erabakian euskal herritarren borondatea aipatzen duten lehenak, eta gure Ekonomia Ituna (baliabide publikoak hobeto kudeatzeko finantza-tresna nagusia) eta, finean, gure askatasunak, gure garapena eta gure bizikidetza bermatzen dituzten espazio juridikoak babesten eta bultzatzen dituztenak.
Gernikako Estatutua euskal herritarren arteko elkargunea da. Bizikidetza-esparru honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoak bere historia osoko garapen-, ongizate- eta autogobernu-mailarik handienak lortu ditu. Alderdi Parlamentario Popularrak Gernikako Estatutua indarrean dagoela aldarrikatzen du: ez bakarrik batzen gaituena jasotzeko duen gaitasunagatik, baizik eta euskal herritarren artean daukan babesarengatik ere bai. Azken Euskobarometroaren datuen arabera (2018ko uztaila), Euskadiko herritarren % 81a pozik dago Estatutuarekin. Babes hori, azken lau urtean –hau da, Ponentzia landu den denboran–, 27 puntu handitu da. Ez dirudi, beraz, Ponentziaren bidez herritarrak estatutu berri baten beharraz konbentzitu ahal izan dituztenik.
Gure autonomiaren garapenak azken hamarkadetan ondo funtzionatu du, eta lege-esparruetan beti ager daitezkeen interpretazio-arazoak ebatzi ahal izan ditu. Arazo horiek oso txikiak izan dira, dena den, nahiz eta batzuek esajeratzeko joera daukaten, ustezko ez-betetzeen txostenak baliatuz, beren helburua betetzeko xedez, alegia, herritar guztion artean diseinatu genuen sistemaren funtzionamendua etengabe auzitan jartzeko.
Estatutuak historian inoiz existitu ez den erkidego politiko bat sortu zuen. Biztanleria osoak babestu zuen, tolerantzian eta bakean elkarrekin bizitzeko itxaropen handia zekarrelako, euskal herritar guztiek lekua zeukaten Estatutua baitzen. Funtsezkoa da gogoratzea Estatutu honek euskal hautesleen % 90 baino gehiagoren babesa jaso zuela. Aldaketa-proposamen bat kontuan hartzeko, babes-maila berdina izan beharko litzateke, gutxienez.
Gure autonomiaren funtsezko osagaia den Gernikako Estatutuaren betetze baketsu, eraginkor eta leiala nahitaezko erreferentzia izan da, eta aurrerantzean ere izango da, Alderdi Popularrarentzat. Horixe baita herritarrek adierazitako borondatea, eta horrek ahalbidetu eta ahalbidetuko baitu geure autogobernua garatzea. Estatutuak, ondo kudeatuta badago, Euskadiren ongizatea eta hazkundea bermatzen ditu.
Zalantzarik gabe, gizalan oro bezala, Gernikako Estatutua hobetu egin daiteke. Baina bidezkoa da aitortzea, ia berrogei urteren ondoren, tresna malgua dela erakutsi duela. Malgutasun horri esker, erakundeak errealitate aldakorrari egokitu dizkiogu gure historia politikoan izan diren gertakari garrantzitsu guztietan zehar, esate baterako, Espainia 1985. urtean Europako Erkidegoan sartu zenekoan. Haren izaera irekia, esparru zabala izateko bokazioa, arau orokor eta argiekin, une bakoitzean politika publikoen garapena oztopatu edo galaraziko luketen mugetatik ihesi, haren bertute nabarmenetako batzuk izan dira.
Estatutuak funtzionatzen du, baita ondo funtzionatu ere. Beraz, ezin zaio berari leporatu froga-zama. Haren aurka daudenek eta likidatu nahi dutenek esan behar dute zein alderdi zehatzetan egiten duen Estatutuak kale, eta non datzan hobetzeko aukera. Ponentzian ez baita halakorik argitu. Beraz, ez da frogatu Estatutuaren alderdi zehatzik erreformatu beharra dagoenik.
Bukatzeko, talde independentistek (EAJk eta EH Bilduk) onetsitako oinarriek ez dute kontsentsurik ez transbertsaltasunik lortu beren onespenean, ordenamendu juridikotik kanpo daude, eta euskal herritarren artean zatiketa sortzen dute. Eta hori gutxi balitz, ospe eta sinesgarritasun handiko azterlan demoskopiko batek, Euskobarometroak, bere azken zenbakian, 2018ko maiatzaren 9tik 26ra bitartean egindako landa-lan bati buruzkoan, azaldu zuen hamar euskal herritarretik zortzik "guztiz balioduntzat" jotzen dutela Gernikako Estatutua beren "nahi politiko eta sozialak" asetzeko, eta hamar euskal herritarretik soilik hiruk adierazten dutela "independentzia lortzeko nahi handia" dutela.
Euskal nazionalismoak nora eraman nahi gaituen galdetu behar diogu geure buruari. Hau ote den planteatzen ari den berrikuspen sakonari heltzeko unea, eta horretarako inguruabar politiko eta sozial egokiak dauden. Erantzuna ezezko biribila da. Jarrerak erabat aldenduta daude: ehundu nahi den akordioa, transbertsala izango litzatekeena eta kontsentsu zabal bat jasoko lukeena, ez da inondik inora ikusten.
Euskal Autonomia Erkidegoak egonkortasun politikoa bizi du, eta egonkortasun hori ezinbestekoa da une honetan: krisi ekonomiko izugarri batetik irten gara, eta orain lehentasun nagusia orduan galdu ziren hazkunde-, enplegu- eta ongizate-mailak lehengoratzea eta sendotzea da, oraindik ere euskal familia askok krisiaren ondorioak pairatzen baitituzte. Ziurgabetasun-egoera batean sartzeak ekonomiaren susperraldia, erakundeen egonkortasuna eta bizikidetza kinka larrian jarriko lituzke.
Estatutuaren erreformaren itzalpean prozesu subiranista bat irekitzeak, autodeterminazio-eskubidearen babespean, euskal gizartea berriro zatituko luke eta bizikidetza nahastuko luke; gainera, ekonomikoki ondorio kaltegarriak biziko genituzke. Horrenbestez, alde bakarreko bideei uko egin behar zaie, eta konturatu behar gara autodeterminazio-eskubidea alde bakarreko bidea dela beti; ezinezkoa da estatu demokratiko batean itunak egitea, horrek herritarren gehiengoari bere eskubide politikoak ukatzea ekarriko lukeen neurrian.
Testuinguru politiko eta soziala, beraz, ez da egokia kontsentsu-bermerik izango ez lukeen edo aldebakarreko bideetara (adostu ezinezkoak) eramango gintuzkeen prozesu bati ekiteko.
Arestian adierazitakoa kontuan izanik, idazki honek, EAJk eta EH Bilduk onetsitako oinarriei Talde Parlamentario Popularrak ematen dien boto partikularra ez ezik, oinarri horiek atzera botatzeko eskaera formala izan nahi du, oinarriok indarrean dagoen legeriatik kanpo daudelako, Euskal Autonomia Erkidegoaren ikuspegi nazionalista eta independentista baino ez dutelako kontuan hartzen, eta euskal herritarrak, oro har, ziurgabetasun-prozesu batean eta konpondu ezinezko talka politiko batean murgilduko gintuzketelako.
Gehiago irakurriElkarrizketak
Saioa hasi zure ekarpena egiteko
Creo que la posición defendida por el grupo Popular Vasco interpreta los derechos históricos de forma muy restrictiva. Olvida la necesidad de actualizarlos a los tiempos y también la historia y condiciones de los fueros. Una interpretación más amplia e históricamente acorde podría facilitar un consenso absoluto.