Euskal Sozialistak legebiltzar-taldearen iritziz, gure autogobernua eguneratzeko irekitako prozesua aukera on bat da eskura ditugun erremintak modernizatzeko, batez ere, horri esker herritarren bizitza hobetu eta gure erkidegoaren gizarte-kohesiorako borondatea sakondu ahal izango dugulako. Gure ustez, talde askok partekatzen duten borondate bat da, eta gauza askotan erabakiak aho batez hartzeko aukerak ere ikusten ditugu, baina hori ez da kontuan hartu gehiengoak adostu dituen oinarrien espirituan eta letran.

- Espirituan diogu, zeren eta, 79an erdietsitako adostasunak are gehiago zabaltzeko aukera dagoela ikusirik, Euskadin ditugun sentsibilitate eta identitate desberdinen arteko bizikidetza-itun gisa, nahiago izan baitute sentsibilitate nazionalista desberdinen artean gehiengoak osatzeko bideari heldu, horrelako beste testu batzuetan eskatzen den gehiengo kualifikatuaren mailara iristen ez diren arren.

(9. Eranskina, bigarren paragrafoa, Estatutua erreformatzeko eska daitezkeen gehiengoei buruz).

- Eta letran diogu, zeren eta, delako gehiengo horren asmo legitimoak beteko dituzten proposamen batzuk aurrera atera ahal izango diren arren, Konstituzioaren xedapenen aldebakarreko interpretazio bat eginda, gainditu egingo baitituzte Legebiltzar honi esleitutako gaitasunak.

(1. Eranskina, autogobernua eguneratzearen inguruko aldez aurreko gogoeta batzuk)

Alde horretatik, beharrezkoa da gogoratzea, Ganbera honetako Osoko Bilkurak 2017ko urtarrilaren 26an emandako aginduarekin bat etorriz, proposatzen den testu artikulatu horrek aipatu egin behar duela "Gernikako Estatutuaren erreforma ordenamendu juridikoa errespetatuz egingo dela" (11. Eranskina).

Eta autonomia-araubidea erdietsi zuen lehen erkidegoa Euskadi izan zenez eta oraindik eguneratu ez duen bakarra ere bera denez, beste estatutu batzuetako erreformekin loturik garatutako konstituzio-doktrina oso-osoa aztertu beharko da. Doktrina horretan, gizarte-errealitate berrietara eta Europako testuingurura egokitzeko aukera ezin zabalagoak topatzen ditugu, Konstituzioan eta lehen estatutuetan jorratu gabeak, eta doktrina horrek adierazten digunez, estatutuek duten muga bakarra Konstituzioaren funtsezko oinarriak aldatzeko modurik ez izatea da.

Doktrina hori kontuan izanik, Euskal Sozialistak taldeak hasiera-hasieratik adierazi zuen, baita lantaldean erregistratu diren agiri guzti-guztietan ere, Konstituzioaren erreforma batek aukera emango ligukeela gure eskumen-aukerak, hots, euskal instituzioek geure gain hartzea erabaki genuen erantzukizun horiek, luze eta zabal sakontzeko, horien interpretazioan izandako gatazkak bideratzeko modu berriak erabiliz, epaitegietara jo beharrik ez izateko, edo etengabe helegiteak jarri beharrik ez izateko, Konstituzio Auzitegia ez dadin bihurtu beste foro batzuetan zuzendu daitezkeen desberdintasunen epaile. Baina aukera horrek bere bidea egin bitartean, denok onartu behar dugu, egin daitezkeen aldaketa ugari horiek egitekotan, bere garaian adostu genituen arauak aldatu gabe egin behar direla. (1. eranskina)

Euskal Sozialistak taldearen iritziz, onetsitako oinarri horiek hitzaurretik bertatik definitutako printzipio zehatz batzuetan oinarrituta daude eta, bere garaian ohartarazi genuen moduan, printzipio horiek baldintzatu egiten zuten atzetik etor zitekeen guztia, eta izan ere, halaxe gertatzen da, printzipio horietan bermatuz egin daitekeen guztiaren segurtasun juridikoa zalantzan jarriz.

Oinarrien agiri horrek, lehen atal horretan, kontakizun nahasia eskaintzen du Euskal Herriaren errealitate sozial, historiko eta kulturalari buruz, euskal herriaren kontzeptuari buruz eta estatutu eguneratu batean xedatzen denak izan dezakeen lurralde-hedadurari buruz, eta beraz, ikuspegi juridiko batetik argitu beharra ekarriko luke horrek. Baina gainera, demokraziaren eta legezkotasunaren printzipioak elkarren aurka jartzen ditu, eta lehenengoa bigarrenaren –konstituzio-errealitatearen– interpretazio partikular baten gainetik lehenesten du, erabakitzeko eskubide deitu izan dena sendotu nahirik, eta, adierazten den eran adierazten dela ere, horren xedea da edozein gehiengok edozein unetan edozein eratako harremana finkatu ahal izatea Estatuaren gainerako lurraldearekin, Espainiako Konstituzioaren 1.2 eta 2 artikuluetan xedatutakoari jaramonik egin gabe.

  • Proposatutako oinarri horiek, beraz, beren 33. paragrafoan honelaxe diote berariaz: "Euskal autogobernuaren eguneratzean zilegitasunaren printzipioari erantzun behar zaio. Dena dela, zilegitasun-printzipioa errespetatzeak ezin dezake printzipio demokratikoa urratzea ekarri. Printzipio honek lehen mailako balore garrantzitsua eman behar dio euskal herritargoaren borondateari".
  • Eta 34.ean: "Horrenbestez, euskal herritarrek beren borondate kolektiboa erabakitzeko, adierazteko eta gauzatzeko eskubidea eta ahalmena aitortzea da xedea, beren borondatez erabakitako elkarbizitza-formulak erdietsi daitezen eta lortutako konpromiso horiek errespetatuak izango direla bermatuko duten mekanismoak finkatu daitezen".

Euskal Sozialistak taldeak itzulingururik gabe defendatzen du herritarrei eragiten dieten gaien inguruko erabakiak hartzean Euskadiko botere publiko bakoitzak berezkoak dituen gaitasunen esparruan parte hartu ahal izatea, baina horiek guztiak, jakina, horretarako itundutako formulen bitartez bideratu behar dira. Kontraesan hori gainditzeko, hitzaurrerako oinarri horiek adostu dituztenek lege aldetik zalantzak sortzen dituen euskarri bati heldu nahi izan diote Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren bidez, eta horrek, Konstituzioan bertan lurraldeen deszentralizazioaren inguruan aurreikusitakoa aldatzera ere bultzatu ditu, proposamenaren 37. paragrafoan ikus daitekeen moduan:

"Eskubide historiko hauen titularra Euskal Herria da eta bere nazio-nortasuna da aitortzen zaion errealitate juridiko eta instituzionala oinarritzen duena. Testu artikulatuak aurrera egin beharko du 1978ko Konstituzioak babesten eta errespetatzen dituen euskal eskubide historiko horiek eguneratzen, Gernikako Estatutuak eta Estatuko legeria arruntak jada gauzatua duten eguneratzea sendotuz eta herritarren ongizatea bermatzeko beharrezkoak diren eremu eta gai guztietara zuzenduz, gure autogobernua sakontzeko eta gotortzeko aukera emango duten mailetaraino hedatu dadin horren interpretazioa, eta Euskal Herriarentzat Konstituzioaren helduleku gisa balio izan dezan Estatuarekin aldebiko harreman-eredu berri bat finkatzeko, elkarrenganako errespetuan eta aitortzan oinarritua eta izaera konfederala izango duena".

Proposatutako oinarri horiek ez dute adierazten Euskadiko egungo errealitateak kontuan hartzen duela xedapen gehigarri hori, baina baita bigarren xedapen iragankorra ere, zeinak Konstituzioaren VIII. titulura bideratzen gaituen, eta beraz, ezin daiteke bat bestea gabe ulertu, lurralde-ereduaren aldaketarik gertatu ezean, eta horrek, edonola ere, sozialiston ikuspegitik, orientabide federalekoa izan beharko luke nahitaez (10. Eranskina).

Hitzaurrea hedadura horrekin justifikatzeko argudioen artean aipatu dutenez, eragin juridikorik ez duen zati bat da. Hala eta guztiz ere, Konstituzio Auzitegiak argi eta garbi esan duen moduan, hitzaurreek, arau-baliorik ez izan arren, badute balio juridikoa.

Horrelaxe gogoratzen da Kataluniako Estatutuarekin loturik aurkeztutako helegiteei buruzko oinarrietan (Konstituzio Auzitegiaren 31/2010 Epaia, ekainaren 28koa), non esaten baita legeen hitzaurreek eta zioen azalpenek, "nahiz eta juridikoki nahitaezko eraginik ez izan, eta beraz, zuzenbideko arauen berezko arau-baliorik ez izan, badutela juridikoki kualifikatutako balio bat arau horiek interpretatzeko jarraibide gisa. Horien hartzailea, horrenbestez, Zuzenbidearen interpretea da, jokabide bat betetzera behartua dagoena baino gehiago, zeren eta hitzaurreak, definizioz, ezin baitu horrelakorik ezarri".

Eta aipatutako Kataluniako Estatutuaren kasuan, Konstituzio Auzitegiak interpretatu du erkidego hori naziotzat jotzeak ez duela gerora begira eraginkortasun juridikorik, eta bertan agertzen diren beste era bateko definizioak, interpretazio politiko desberdinak izan ditzaketen arren, Zuzenbidearen ikuspegitik mugatuta geratzen dira, testu horretan bertan onartzen baita "Konstituzioarekin bat etorriz" gauzatzen dela autogobernua. Hala eta guztiz ere, aipamen hori ez da ageri Eusko Legebiltzarreko autogobernu-lantaldeak aipatzen dituen oinarrien artean.

Estatutua eguneratzeko oinarrien sostengu gisa Legebiltzarraren gehiengoak proposatu dituen euskarri horiek direla eta, atariko tituluan bertan, eta beraz, arau-balio osoarekin, alegia, interpretazio baten mende egon beharrik gabe, argi eta garbi adierazten da, beste edozein ohartarazpenen gainetik, "herri-borondatea dela erabaki politikoen muga bakarra, eta sentsibilitate eta ideia politiko guztiekiko errespetua eta babesa izango direla elkarbizitza demokratikoaren ardatzak", eta horrez gain, "legezkotasunaren printzipioa ez da muga izango printzipio demokratikoa zabaldu dadin, baizik eta euskal herritarren borondatearen adierazpide ordenatua egiteko bide egokia, eta proiektu politiko guztiak berdintasunezko baldintzetan gauzatu ahal izateko esparrua, betiere herritarren gehiengoaren babesa jasotzen badute" (Atariko tituluaren oinarriak, 2.0. Atariko tituluaren printzipio orokorrak, 2. paragrafoa).

Oinarri horietan helburutzat aldarrikatu arren, itundutako arau batzuen bidez bakarrik babestu daiteke aniztasuna eta gehiengo baten bidez bakarrik ezin daitezke arau horiek ordezkatu, horrek segurtasun juridikorik gabe utziko lukeelako aurrerantzean abiarazten den edozein prozedura, eta sentsibilitate desberdinen arteko edozein elkarbizitza-hitzarmenetan funtsezko auzi bat da Estatutuak nolakoa izan behar duen zehaztea.

Erabakitzeko eskubidea deitu izan dena berresten du jarraian titulu horrek, Konstituzioaren artikulu bati bakarrik egiten dio aipamena, Konstituzioaren gainerako aurreikuspenak alde batera utziz, eta lurralde-eredua berrantolatzen du, izaera "konfederalaren" arabera, Euskadik Espainiaren gainerakoarekin izan beharreko harremanak finkatzeko orduan.

Horri guztiari gai benetan kezkagarria gehitzen zaio, taldeen hasierako proposamenetan ere ez zegoena eta fase honetan jakinaren gaineko anbiguotasun batez txertatzen dena, eta hain zuzen ere, "Herritartasunaren eta nazionalitatearen" gaiari buruzko 2.8 kapitulua da. Itxura batean inolako ondoriorik izango ez balu bezala, administrazio arloko bizilagun guztiei aitortzen baitzaie herritartasuna, beren eskubideak babestuta dituztela, izaera hori "naziotasunarenetik" bereiziko duen lege bat aurreikusten da. Horrek, inolako zalantzarik gabe, Euskadin bizi direnen kategorizazio bat dakar, zerbitzu publiko guztiak edukitzeko eskubidea dutenen eta etorkizuneko testu horretan erabakitzen denaren artean.

Gure talde honek ezin du halako bereizketarik onartu, eta gainera, ez dago horrelakorik ez Konstituzioan eta ez beste inongo estatututan ere. Aldiz, Espainiako Konstituzioaren 11.3 artikuluan aurreikusia dago diasporako herritarren berezko eskubideak aitortu ahal izango direla baldin eta bertako kideek, beste erkidego batzuetan adierazitakoaren ildotik, Espainiako naziotasunari heltzen badiote, atzerrian bizi arren. Itundutako oinarrietan egiten den moduan, Euskadin bizi direnen eta Euskadiko "nazionalen" arteko bereizketa gisa interpretatu nahi izatea aurreikuspen hori, gizarte plural baten oinarriak eta demokraziaren beraren funtsa ahultzea izango litzateke, demokraziaren printzipio nagusia baita eskubideak eta betebeharrak denontzat berdinak izatea.

Hitzaurre eta atariko titulu hauek, nolabait ere, proposatutako gainerako tituluak gidatzen dituzte, eskumenak eta ahalmenak bere gain hartzeko gaitasuna mugagabea delakoan, eta horrek ahuldu egiten du autogobernua eguneratu ahal izateko gaitasun erreala, indarreko esparru juridikoaren barruan. Alde horretatik, adibide gisa aipa daitezke gizarte-segurantzaren sistema propioari buruzko aipamenak (ekonomia, finantza eta zerga arloko araubiderako oinarrien proposamena, 42. paragrafoa), edo botere judizial independente bati buruzkoak (“SJParen Botereak” oinarrien proposamena, 2.3 apartatua), eta Talde Sozialistak, jakina, baztertu egiten ditu horiek guztiak.

Gauzak horrela, lehen bi apartatu horiek eztabaidatuenak izan dira lantaldean, eta gainerakoak, aldiz, talde batzuen eta besteen azalpen huts modura landu dira, inolako proposameni buruzko balioespenik egin gabe, paragrafo kosmetikoren bat edo beste kenduta.

Horrexegatik, Euskal Sozialistak taldeak adituen taldeari eskatu nahi dio balioetsi ditzala, adierazitakoaz gain, arestian jorratutako gai horiek, hots: pertsonen eskubideak zabaldu ahal izatea (3. eta 7. eranskinak), eskumenak gizarte-errealitatera egokitzea (4. eranskina), eskumen horiek Euskadiko botere publikoen artean erakunde maila desberdinetara banatzea (5. eranskina), erakunde horien arteko barne-harremanak berrantolatzea zerbitzu publikoak eskaintzeko orduan eraginkorragoak eta baliagarriagoak izan daitezen (5. eranskina), zerga-arau mailako eskumenak Legebiltzarrari esleitzea (4., 5. eta 6. eranskinak), eta gizon eta emakume libre eta berdinen gizarte batean bizikidetza-itun berri bat erdiestea, sentsibilitate eta identitateen aniztasunean (1. eta 2. eranskinak).

Euskal Sozialistak taldeak testu artikulatu bideragarri eta baliagarri bat sustatu nahi du, indarrean dagoen Estatutuak baino adostasun zabalagoa eduki eta indarreko ordenamendu juridikoa errespetatuko duena, 2017ko urtarrilaren 26ko Legebiltzarraren aginduak ezartzen duen moduan.

Horri begira, ohar hauek aurkezten ditu boto partikular modura, baita horiekin batera doazen eranskinak ere, erregistratutako dokumentu horietatik gehientsuenak kontuan hartu ez diren arren, adituen taldeak balioetsi ditzan, eta horrez gain, arestian aipatutako gai horien inguruan gure desadostasuna agerrarazten dugu.

ERANSKINAK

1. ERANSKINA. ESTATUTU BERRIAREN OINARRIEN PROPOSAMENA

Aldez aurreko hausnarketa

Gure autogobernuaren eguneraketarako oinarriak adosteko orduan ditugun adostasun eta desadostasunen inguruan gainerako talde parlamentarioek egindako hausnarketak kontuan izanik, Euskal Sozialistak taldeak beharrezko ikusten du berriro azpimarratzea, 2017ko urtarrilaren 26ko Osoko Bilkuraren aginduak esaten duen moduan, lantzeko proposatzen den testu artikulatu horrek hauxe aipatu beharko duela: "Gernikako Estatutuaren erreforma, ordenamendu juridikoa errespetatuz".

Alde horretatik, uste dugu oinarrietan aurreikusi beharra dagoela konstituzioaren aldez aurreko erreforma batek eskainiko lituzkeen aukerei buruzko hausnarketa batzuk egon badaudela. Zeren eta, eskumenak argitu nahi baditugu, administrazioen arteko gatazkak konpontzearren auzitegietara jo beharra ekidingo duten leialtasun federaleko baliabide berriak eduki, erakunde juridiko arrunt gorena Auzitegi Gorena izan dadila proposatu edo eragiten diguten Europako erabakietan parte hartze handiagoa izan nahi badugu, ez da aski estatutuaren erreforma bidez egin nahi izatea, eta, horrenbestez, edozein testu artikulatu idatzi aurretik kontuan hartu beharko dira, eta beraz, aitortu beharko dugu indarreko konstituzio-ordenamendua eguneratzeko aukerari uko egin gabe gauzatu daitekeela edozein erreforma.

Edonola ere, autogobernua eguneratzeko prozesu hori aurrera eraman ez duen erkidego bakarra dugu Euskadi. Orain arte Estatutuarekin loturik egin den proposamen bakarra 2004. urtekoa da, Ibarretxe Plana izenez ezagutzen dena, eta proposamen horrek segurtasun juridikoaren oinarrizko baldintza hori apurtzen zuen, konstituzioaren erreforma estali bat zelako funtsean, eta hori kontuan hartu beharko da erredakzio berria egiten denean.

Euskal Sozialistak taldeak beharrezko ikusten du, halaber, eguneraketari ekiteko borondatearen adierazpide gisa, oinarri horietan abiapuntu gisa aitortzea esperientzia arrakastatsua izan zela identitate eta kultura nahiz egitasmo politiko desberdinen arteko 79ko bizikidetza-ituna, Gernikako Estatutuaren sorburu izan zena, eta aurrerabide-epealdi eta gizarte-kohesiorik handiena ahalbidetu zuela, Euskadi osatzen duten lurraldeen eta bertako herritarren arteko nahiz euskal herritarren eta Espainiako gainerakoen arteko hitzarmenari esker. Helburua, beraz, hitzarmen hori zabaltzea da, bai duela lau hamarraldiko hartan parte hartu ez zuten sentsibilitate politikoei eta bai esparru horren gerizpean hazi izan diren belaunaldi berriei ere, eta horrez gain, orduan aurreikusi ez ziren eskubide sozial berri batzuk gehitzea.

Zeren eta, egia esateko, ezaugarri komun ugari partekatu arren ordu arte elkarrengandik bereizita bizi izan ziren Euskadiko hiru lurraldeetako gizarteen eta erakundeen arteko hitzarmen bat izan baitzen Estatutua –eta da gaur egun oraindik ere–, erkidego politiko bat eraikitzeko eta, Autonomien Espainia horren barruan, elkarrekin etorkizunari ekiteko helburua zuena. Behin bakarrik heldu izan zaio antzeko esperientzia bati lehenago, 36ko Estatutuan, baina autogobernu hura denbora laburrekoa izan zen, eta gerra batek eragindako larritasunei erantzutea zen helburu bakarra.

Euskadiko lehen Gobernu hartako desberdinen arteko adostasunaren espiriturik onena bilduz, itun hirukoitz inplizitu nahiz esplizitu baten bidez eguneratu zen borondate hura 1979. urtean: batetik, identitate-sentsibilitate desberdinak zituzten euskal herritarren artean, eskubide eta betebehar berdinekin autogobernu bat partekatzeko; bestetik, ezaugarri historiko eta kulturalak partekatu bai baina ibilbide historiko bereiziak izan zituzten lurraldeen artean; eta azkenik, euskal herritarren eta espainiarren artean, mende askotako bizikidetza-proiektu komun bat luzatzen jarraitzeko. Estatutu haren gorputza legea zen, eta arima, berriz, ituna.

Bizikidetza-itun hau, hots, identitate eta egitasmo politiko ugari eta desberdinak biltzen dituen bizi-konpromiso zabal hau, egungo Estatutuaren funtsezko muina da, eta horrexek elikatu behar du, halaber, Estatutu berria. Euskal herritarrek libreki bere egin duten eta espainiar guztiek adostu duten erantzukizun eta elkartasunezko ariketa bat da Euskadiko autogobernuaren esperientzia, eta erantzukizun horren kudeaketari esker Ongizatearen Euskadi hau eraikitzera iritsi gara, zuzendu beharreko akats batzuk badituen arren.

Horren emaitza gisa esan dezakegu, lau hamarraldi hauetako esperientziak erakutsi duen moduan, autogobernuak izan behar duela erremintarik egokiena sozietate pluralen bizikidetza antolatzeko, horien ezaugarri bereizgarrien errespetua bermatzeko eta eskubide sozialek bermatzen dituzten zerbitzu publikoak kudeatzeko.

Eta helburu horiek erdiesteko, sozialistok defendatzen dugu edukiak bezain garrantzitsuak direla prozedurak, legezkotasuna, elkarrizketa eta adostasuna. Izan ere, gure iritziz, autogobernuaren esparru juridikoa hurrengo belaunaldientzat eguneratu nahi badugu, euskal herritarren arteko ituna, Euskadiko lurraldeen arteko ituna, eta Euskadiren eta Espainiaren gainerakoaren arteko ituna berritu behar dugu; alegia, Estatutuaren sorburu izan zen eta erkidego politiko gisa egituratu gintuen itun hirukoitz hura berritu behar dugu.

Labur esanda, erreformak oinarri hauek eduki beharko lituzke:

  • Konstituzioaren eta Estatutuaren legediek zehazten dituzten arau eta baldintzekin bat etorriz, beren eskubide eta interesei eragiten dieten erabaki politiko guztietan esku hartzeko eskubidea bermatu behar die euskal herritarrei.
  • Autogobernu horrek gizarte moderno, plural, berdintasunezko eta kohesionatu bat eraikitzeko eskubidea bermatu behar du, erabateko herritartasunean oinarritutako bizikidetza-itun baten bitartez. Espainia plural eta askotarikoaren barruan nola Europar Batasunean beren etorkizunaren erantzule izango diren gizon eta emakume libreek eratuko dute gizarte hori, Estatuko gainerako erkidegoekin solidaritate erreal eta eraginkor batean, eta demokraziaren balio gorenekin eta oinarrizko printzipioekin bat etorriz.

Estatutuaren testua berrantolatzeko elementuak

Gernikako Estatutua oso agiri laburra eta zuzena da, halako neurritaraino, ezen ez baitu hitzaurre azalpen-emailerik, erredakziogileen borondatearen ispilutzat har daitekeenik. Konstituzioan, aldiz, badago hitzaurre bat eta, esate baterako, baita 1979ko Kataluniako Estatutu garaikidean eta geroagoko beste batzuetan ere.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintzia edo herrialde historikoetako gizarteak une hartan abian jartzen ari ziren autogobernu partekatuaren oinarrizko printzipio instituzionalak ezartzeko idatzia dago, hain zuzen ere, Estatutuaren testua. 47 artikulu eta hamar xedapenetan barrena (xedapen gehigarri bat eta bederatzi iragankor) Autonomia Erkidegoaren izendapena, horren osaera, erakunde propioak, eskumenak, ekonomia-arauak, erreformarako prozedura eta autonomia-bideari ekiteko mekanismoak jasotzen dira. Asko gehiago ez.

a) Hutsuneak eta anbiguotasunak

Estatutuaren testuak hutsune eta anbiguotasun ugari ditu, demokraziaren eta autonomiaren hastapenezko une hartan bizi ziren baldintza politiko bereziak direla eta erraz ulertzeko modukoak. Hala, esaterako, ugariak dira esleipen zehaztugabeak eta interpretazio bikoitzak izan ditzaketenak, definitzen zailak diren beste amaierako argibide batzuez gain, hala nola "hala egokituz gero", edo "...ren kaltetan izan gabe".

Halaber, bertako artikuluetan eta, batez ere, xedapen iragankorretan hainbat aurreikuspen jasotzen dira, autogobernuaren prozesuan abian jartzeko pentsatuak, baina zaharkituta geratu dira horiek garatu dituen geroko legedian.

b) Azken 38 urteetako aldaketak gehitzea

Estatutuaren eguneraketa lantzeko orduan, ezinbestekoa zaigu azken 38 urte hauetan gertatu diren aldaketa garrantzitsuak kontuan hartzea, Euskadiren autogobernuak izan duen hedapenaz gain. Gaur egun, Europar Batasunean barneratuak gaude; moneta komun bat partekatzen dugu beste hogeita zazpi herrialderekin; Estatu zaharren ezaugarri izan den subiranotasunaren zati handi bat eta politika ugari beste erakunde batzuen mende daude orain, nola ekonomia arloko legeak hala defentsa edo mugak; ekoizpena, merkataritza eta finantza-transakzioak globalizatu egin dira.

Baina erakundeetan izandako aldaketa horiekin batera, garai hartan ezezagunak ziren erronka sozial berriak sortu dira, klima-aldaketa, biztanleriaren zahartzea edo migrazio-mugimenduak eragin dituztenak, eta horiek guztiek ondorio sakonak utzi dituzte. Horrez gain, gure bizimoduak ere azkartasun handiz eraldatu dira eta gure gizarteek ere gizarte-egituraketa bat jasan dute. Aldaketa horietan lehena, hain zuzen ere, gure erkidegoa gizon eta emakumeen artean erabateko berdintasunean eraikitzeko borondate argi eta garbia dugu, eta horrek berarekin dakar emakumeen eskubideak eraginkortasunez bermatzea eta gizarteak aurrera egin dezan ezinbesteko parte aktiboa direla aitortzea, eta horrenbestez, askatasun hori aurrera eramanez, familia-eredu berriak osatu dira, eta eredu berri horiek ekonomia, lan eta gizarte arloko harremanak egituratzeko modu berri batean islatuta geratu behar dute. Baina, atzerako bueltarik ez duten beste errealitate batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola Internet unibertsoak eragindako iraultza, harremanak eta komunikazioak egiteko moduetan eragin dituen aldaketa guztiekin.

Aldaketa horiek guztiek eraldatu egin dute herritarrek erakundeekin harremanak izateko modua, maila guztietan gobernantza-modu berri bat eskatu baitu horrek, herritarren parte-hartzea, gardentasuna eta kontu-ematea bermatuko duena.

c) Barne Konstituzioa

Orain azaldutako errealitate horietako batzuk Estatutuaren testuan barneratzeak ez luke eragin behar, gure iritziz, estatutu-testu zabal eta luzeegi bat edukitzea. Jada gaindituta dauden aginduak ezabatu izana orekatzeko, errealitate berriekin bat datozen eduki berriak gehitu daitezke, zailtasun handirik gabe, Estatutu berrituak hedadura zentzudun bat izan dezan.

Ez dugu ahaztu behar Euskadiko Barne Konstituzioa dela Estatutua, eta beraz, erraz ulertzeko moduko testua izan behar du herritarrentzat, eta funtsean, ondokoak jaso beharko ditu: autogobernuaren elementurik garrantzitsuenak, kanpora nahiz barrura begira duten esanahia, euskal herritarrentzat dakartzan eskubide eta betebeharrak, eta bertako erakundeen antolamendu eta funtzionamendua.

Edozein testu artikulatu idazteko orduan kontuan hartu beharrekoak iruditzen zaizkigun gai hauek guztiak abiapuntutzat harturik, Euskal Sozialistak taldeak proposatu nahi du, talde desberdinen artean hauteman diren eta egungo ordenamendu juridikoan leku bat betetzen duten adostasunekin bat, konstituzio edo estatutuen ohiko testu-egituren arabera antolatu dadila lantzen den zirriborro artikulatu hori.

A) HITZAURREA EDO ZIOEN AZALPENA

Egungo Estatutuak ez du zioen azalpenik edo hitzaurrerik, oinarrizko lege eta arauetan ohikoa izan arren. Testu artikulatuaren hasierako adierazpen hori aprobetxatu egin beharko litzateke egituratu nahi den erkidego politikoaren proiektuari ospe handiagoa emateko, Euskadiren autogobernuak dituen ezaugarri bereizleak eta Espainiarekin nahiz Europarekin partekatzen duen proiektuan legearen eta konstituzioaren arabera duen txertatzeko modua zehaztuz.

Alde horretatik, hitzaurrean zehaztuta geratuko lirateke euskal gizartean dauden identitate eta sentsibilitateen aniztasuna, naziotasun/nazio gisa duen identifikazioa (betiere, jurisprudentzia konstituzionalaren esparruan –Konstituzio Auzitegiaren 31/2010 Epaia, ekainaren 28koa–, eta halaber, Europako Kontseiluak erabakitakoaren barruan), gizon eta emakumeek berdintasunean osatua, indarrean dagoen eta are terrorismoaren erasoari aurre egin dion Estatutuaren itun politikoaren balioa, eta legez onartu eta garatu diren berezitasunen azalpena, hots: Konstituzioaren xedapen gehigarrietan eta Estatutuan jasotako eskubide historikoak, Ekonomia Ituna, euskara –hizkuntza koofizial gisa– eta Zuzenbide zibila.

Era berean, erkidego politiko gisa duen definizio horretan, argi eta garbi zehaztu beharko da subjektu politikoa eta testu horrek benetan zein lurralde-hedadura duen, indarreko legediarekin bat etorriz, baita hizkuntza, kultura eta/edo interes sozial eta ekonomiko berak dituzten eta europazaletasuna partekatzen duten beste erkidego eta erregio batzuekin harremanak izateko borondatea ere.

Gure azkenaldi honetako historiari buruzko aipamen bat gehitu beharko litzateke nahitaez, halaber, gure autonomia sendotzeko eta garatzeko fasearen erdi-erdian jasandako motibazio politikoko indarkeriari buruzko deskribapen erreal eta adostu bat eskainiko diguna. Etorkizun komun batera eramango gaituen aipamen bat, betiere biktimen memoria eta egia, betiko bakea eta bizikidetza berritu baten aniztasun demokratikoa oinarritzat dituena.

B) ATARIKO TITULUA. ESKUBIDEEN ETA BETEBEHARREN ERREGULAZIO BERRIA

Estatutua eguneratzeko prozesu hori, horren atariko tituluari dagokionez, egungo erredakzioan lauso samar geratu diren zenbait puntu argitzen ahalegintzeko aprobetxatu beharko litzateke.

Gogoratu beharra dago, Estatutuaren 9. artikuluak zehazten duen moduan, euskal erakundeek, beren eskumenen esparruan, "herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatu" behar dutela; "bizi- eta lan-baldintzen hobekuntzaren aldeko politika bultzatuko dutela bereziki"; "enplegua gehitzea eta ekonomiaren oreka sustatzeko neurri lagungarriak hartuko dituztela"; "gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dutela";  eta "Euskal Herriko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratuko dutela".

Estatutuaren alderdi sozialetan sakontzea izango litzateke helburua, euskal legeek gerora barneratu dituzten eskubideak berariaz aitortuz, hala nola gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzea, edo nahikoa baliabiderik ez dutenek diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratu ahal izatea, edota gardentasunarekin eta partaidetzarekin zerikusia dutenak. Baina, halaber, betebehar berezien zerrenda batekin osatu beharra dago kapitulu hori.

Alde horretatik, komenigarria litzateke:

  • Euskadiko erkidegoaren definizio semantiko zehatzago bat adostea, bertako herritarrek Espainiako eta Europako esparruaren barruan bizitzeko borondatean oinarritutako bizikidetza-proiektu gisa harturik.
  • Euskararen estatusa eta Euskadiko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea zehaztu beharko litzateke, 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legeaz geroztik alor honetan egindako aurrerapenak barneratuz.
  • Euskal herritarrek dituzten eskubide eta betebeharren erregulazio berri eta zabal bat finkatu beharko da, herritarren eta Erkidegoko herri-aginteen arteko harremanen gutuna arautuko duena. Alde horretatik, egungo Estatutuak eskubide horiei buruz egiten dituen egungo aipamen orokorrak alde batera utzirik, argi eta garbi definitu beharko lirateke osasunerako, hezkuntzarako, gizarte-babeserako, etxebizitzarako, ingurumenerako, gizon-emakumeen arteko erabateko berdintasunerako, gardentasunerako eta baliabide publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubideak.

C) ESKUMENEN DEFINIZIOA ESTATUAREKIN LOTURIK

Abiapuntutzat harturik Konstituzio Auzitegiak doktrina gisa behin baino gehiagotan ezarri duela autonomia-estatutu batek ezin duela baldintzatu Estatuari esleitutako eskumenak gauzatu ahal izatea, eta kontuan izanik hori Konstituzioaren aldez aurreko erreforma baten bidez bakarrik egin litekeela, aukera hauek bakarrik dauzkagu:

  • Titulu honen barruan barneratzea Ogasunari eta Ondareari buruzko eskumenak eta horiek kontzertuaren bidez arautu ahal izatea, egungo Estatutuan aparteko titulu batean dauden arren.
  • Estatutuaren erredakzioan dauden anbiguotasunak argitu behar dira ("hala egokituz gero", "....ren kaltetan izan gabe" eta antzeko adierazpenak, interpretazio-gatazkak eragin ditzaketelako).
  • Europar Batasunarekin dituen harremanen inguruan kapitulu berri bat aztertu behar da, konstituzioaren egungo mugen barruan, EBko politika komunitarioan esku hartzeko mekanismoak hobeto definituko dituena, eta bereziki, Euskadik eskumen esklusiboak dituen alorretan, eta halaber, malgutasun handiagoa Autonomia Erkidegoaren kanpo-ekintzetan.
  • Estatuko Gobernuarekin harremanak izateko mekanismoei buruzko atal berezi bat barneratu beharko da. Horren bitartez, Euskadik eskumen esklusibo berezi bat duen gaietan (Ekonomia Ituna, Segurtasuna-Polizia eta abar) aldebikotasunaren printzipioa aplikatzea bermatuko litzateke, eta horrez gain, partekatzen dituzten eskumenetan elkarrekin parte hartu ahal izatea lankidetza-mekanismo federalen bitartez (Senatuan nagusiki).

D) EAE-KO BOTEREAK

Titulu honi dagokionez, taldeek ez dute inolako proposamen garrantzitsurik egin, Botere Judizialari buruzko aipamen batzuk izan ezik, eta horiek berrikuspen konstituzionalaren baldintzapean daude. Hala eta guztiz ere, estatutuaren erreforma aprobetxatu egin liteke gardentasunarekin, partaidetzarekin eta berdintasunarekin loturiko betebehar instituzionaletan sakontzeko, aurreko tituluan horrekin loturik aitortzen diren eskubideak direla eta.

E) HARREMANAK ESPAINIAKO ETA EUROPAKO GAINERAKO ERKIDEGO ETA ERREGIOEKIN

Ekonomia, gizarte edo kultura alorrean nolako harremanak eduki nahi ditugun argitu behar da, betiere egungo ordenamendu konstituzionalak ahalbidetzen duenaren barruan eta Estatutu honek bereziki aipatzen dituen erkidego eta erregioek hartzen dituzten erabakiak erabat errespetatuz, baita horrekin loturik dauden lege-aurreikuspenei lotuz ere. Alde horretatik, gure iritziz

--Nafarroarekin loturik, lantzen den testuak ezin zorrotzago errespetatu beharko ditu nafarrek hartzen dituzten erabakiak, Euskadirekin proiektu partekatu bat osatzeko aukera gaituta eduki arren inoiz ez baitute halakorik erabili nahi izan, ezta lehen aldiz beren historian presidente abertzale batek gobernatu dituenean ere. Lehendik badago lankidetza-organo iraunkor baten aurreikuspena, eta izan ere, gauzatzera iritsi ziren, baina hala eta guztiz ere, ezin izan zaio horri eutsi, inongo lege-eragozpenekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik; dena den, horrek ez du eragotzi Akitaniako euro-erregioaren bidez elkarlanean aritzea, ezta osasun, hezkuntza, euskara edo hedabideen alorrean lankidetza-hitzarmen batzuk izenpetzea ere.

--Iparraldearekin loturik, kontuan izanik historia, hizkuntza eta sozio-ekonomia arloan Euskadiko herritarrekin partekatu ditzaketen loturak abiapuntutzat harturik mankomunitate bat egituratu dela historian lehen aldiz, errealitate hori aurreikusi daiteke betiere bi aldeen partetik lankidetza-formula iraunkorrak ezartzeko borondatea edukiz gero, Akitaniako euro-erregioarentzat lehendik daudenen kaltetan izan gabe.

--Europarekin loturik, berriz, EBko kide izateko borondatea adierazi nahi dugu, Estatuko eta Europako erakundeekin batera erabakiak hartzeko eremua partekatu, eta mekanismo batzuk antolatu, eragiten diguten Europako erabakiak hartzen direnean euskal erakundeek dituzten eskumenen arabera beren presentzia eta eragiteko gaitasuna bermatuta eduki dezaten.

F) BARNE-HARREMANAK HERRIALDE HISTORIKOEN ARTEAN ETA HORIEK EAE-REKIN

Kontuan izanik aurreko legegintzaldian Arbitraje Batzordeak gehiengoz erabaki zuela Lurralde Historikoen egungo legea aldatzekotan beharrezkoa zela estatutuaren erreforma, sozialistok uste dugu Estatutuaren erreforma hori aprobetxatu egin beharko litzatekeela, halaber, erakundeen antolamendu berri bat finkatzeko, Autonomia Erkidegoaren barrura begira autogobernua hobetzeko, irizpide sozialekin eta eraginkortasun-irizpideekin, eskubideen eta betebeharren berdintasunean aurrera egiteko, lurraldean eta gizartean kohesio handiagoa erdiesteko eta kudeaketa publiko gardenago eta eraginkorrago bat lortzeko. Horretarako, eta Estatuarekin loturik proposatzen den moduan, titulu honek erakunde-esparru bakoitzaren eskumenak argitu beharko lituzke eta lankidetzarako formulak eta organoak finkatu.

Bereziki uste dugu, gainerako sistema demokratiko modernoetan bezala, zergen gaia funtsezko elementuetako bat dela horren funtzionamenduan. Zerga-sistema, horrelakoetan, politika publikoak finantzatzeko beharrezkoak diren baliabideak erakundeei eskaintzeaz gain, berdintasunezko tratamendu baten berme da herritarrentzat, eta birbanaketa eta elkartasunerako ezinbesteko baliabide. Hori dela eta, fiskalitatearen inguruan hartzen diren erabakiek ahalik eta gardentasunik eta kontrol demokratikorik zorrotzena eduki behar dute. Horregatik, Ekonomia Itunaren Legeak lurralde historikoei esleitzen dien eremuan, zerga-sistema araubidez antolatzeko ahalmena Eusko Legebiltzarrari esleitzea da komenigarriena.

Estatutuaren testuak, halaber, Euskadiko udalek beren autonomia politiko, organiko eta finantzariorako duten eskubidea jaso lezake berariaz, baita Eusko Legebiltzarrak gai jakin batzuetan oinarrizko legedia ezartzeko eskumenaren aitorpena ere. Udalak ezinbesteko osagai dira Euskadiko erakunde-egituran, herritarrek jotzen duten lehen atea direlako eta ezinbesteko eginkizuna betetzen dutelako zerbitzu publikoak eskaintzeko orduan, eta horrenbestez, Estatutuaren bidez bermatuta eduki behar dituzte eginkizun hori burutzeko baliabideak. Horren bidez, gai hau etorkizunean dena delakoaren interpretazioaren arabera gera dadila eragotzi nahi da, izan ere, autogobernuaren eta Estatuarekiko harremanaren garapenean oztopo handi samarra izan baita auzi hau.

G) ESTATUTUAREN ERREFORMA

Taldeek ez dutenez inolako ekarpenik egin horri begira, dagoen bezala mantenduko litzateke.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Taldeek ez dute honi buruz ere inolako eragozpenik jarri, eta beraz, bere horretan eutsiko zaio egungo erredakzioari.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Inork ez du alegazio zehatzik egin, baina, aldez aurreko gaietan aurreratu dugun moduan, logikoa da aurreikuspen bakar bat idaztea, Estatutu batetik bestera igarotzen den unearekin lotua. Horrenbestez, gaur egungo lehen xedapena oso-osorik birformulatuko da, eta zentzu osoa galduko dute bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak, seigarrenak, zazpigarrenak, zortzigarrenak eta bederatzigarrenak, dagoeneko gauzatuta baitaude. Baita bosgarrenak ere, zinez uste baitugu aipatzen duen transferentzia hori (Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoarena) jada gauzatua egongo dela Estatutu berria onesten den unean.

2. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEAREN KOORDINADORARI

Hitzaurrearen inguruko adostasunak

Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeak uste duenez, gure autogobernua eguneratzeko eztabaidan egin beharreko ekarpen bat hitzaurrea gehitzea da, gaur egungo Estatutuak ez baitu horrelakorik, egituratu nahi den komunitate politikoaren proiektuari ospe handiagoa emango diona eta, Euskadiren autogobernuak dituen berezitasunekin, Espainiarekin eta Europarekin partekatzen duen proiektuan legediaren eta konstituzioaren arabera egoki txertatuko dena.

Bi urte geroago ikus dezakegu gainerako talde guztiek ere partekatzen dutela hitzaurre horren beharra, edo inor ez dela horren aurka azaldu gutxienez, eta gainera, adostasunerako aukera zabalak topatzen ditugu erabaki beharreko definizioaren parte izango liratekeen ondorengo alderdien inguruan, hots:

  • Euskadi erkidego politiko gisa
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren borondatea
  • Aurrerapenaren eta gizarte-kohesioaren aldeko jarrera
  • Itun hori berritzeko eta eguneratzeko borondatea: 36ko Estatutua sorburutzat harturik, euskal herritarren ordezkaritzak lehen aldiz Euskadiko erkidego politikoa bideratuko zuen adostasuna erdietsi zuen, nahiz borondate hori diktadurak baliorik gabe utziko zuen; halere, 1979. urtean, berreskuratu egingo zuten, aurrerabide eta gizarte-kohesiorik handieneko epealdiari bide emanez, terrorismoak hori zapaltzeko ahalegina egin zuen arren
  • Gizon-emakumeen artean nahiz hiru lurraldeetako biztanleen artean eskubide eta betebeharren berdintasunari buruzko printzipioa.
  • Bizikidetza-itun honen bitartez bermatzen den identitate-aniztasunaren printzipioa.
  • Denok geure egiten dugun berezitasunaren printzipioa: Ekonomia Ituna, Euskara, Zuzenbide zibila
  • Legezkotasunaren eta europazaletasunaren printzipioa
  • Printzipio etikoa: autogobernua garatu zedila ahalbidetu zutenen oroimenean oinarriturik, bizikidetza-itun hori askatasun osoz berritzeko aukera topatzen dugu.
  • Zuzentasunaren eta argitasunaren printzipioa: autogobernua gauzatzen joan den berrogei urteetan hauteman ahal izan diren akatsak ekidin, epe horretan sortu izan diren errealitate berrietara testua egokituz eta harremanak egiteko baliabideak hobetuz, gure eskumenen esparruan betiere, gurekin lotura kulturalak eta sozialak partekatzen dituzten erkidegoekin (Nafarroarekin eta Iparraldearekin), Espainiaren gainerakoarekin eta Europarekin.

Gure iritziz, halaber, azkenaldi honetako historiari buruzko aipamen bat gehitu beharko litzateke nahitaez, gure autonomia sendotzeko eta garatzeko fasearen erdi-erdian jasandako motibazio politikoko indarkeriari buruzko deskribapen erreal eta adostu bat eskainiko diguna. Etorkizun komun batera eramango gaituen aipamen bat, betiere biktimen memoria eta egia, betiko bakea eta bizikidetza berritu baten aniztasun demokratikoa oinarritzat harturik.

3. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

ATARIKO TITULUAREKIN LOTURIK

Lantaldearen koordinadorak aurkeztutako sistematizazio-agirian bertan adierazita datorren moduan, atariko titulua "arau berriaren ataria da". "Horren izaera juridikoki loteslea da, testu artikulatuaren parte delako. Hitzaurrean azpimarratutako alderdi asko arau bilakaturik ager daitezke titulu honetan. Gai batzuk halabeharrez jaso beharrekoak izango dira, hala nola, subjektu politikoaren definizioa, hitzaurrean aurreikusitakoarekin bat etorriko dena, horren egituraketa eta bertako erakundeen egoitza. Baina era berean, identitate horren sinbolo edo ikurrak ere zehaztu beharko dira. Euskararen estatus juridikoa arautzeko tokia ere horixe da".

Euskal Sozialistak taldearen iritziz, eta ideia horrekin bat etorriz, atariko titulu honetan jasotzen den guztia lantaldearen erantzukizuna izango da, eta beraz, 2016ko urtarrilean gure proposamenak zehazten hasi ginenez geroztik talde guztiok azpimarratu izan dugun moduan, juridikoki bideragarria izan eta, horrenbestez, indarreko legeriarekin bat etorri behar du, zeren eta ezer ezin baitaiteke loteslea izan garatu ahal izateko biderik ez badu.

Horrela, subjektu politikoari dagokionez, arauaren barruan garatzen diren eskubide eta betebeharren eraginpean sentitzen den herritarren erkidego politikoa definitu beharko da, alegia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren multzoa. Atal honetan ez dago lekurik eremu horren barruan sartzen ez den beste eraginpeko lurralde bati buruzko inolako aipamenik egiteko. Nolanahi ere, eta indarreko Estatutuak egiten duen moduan, betiere konstituzioaren esparrua eta beste erkidego batzuei eman zaiena zorroztasunez errespetatuz, Nafarroak har lezakeen erabakiari buruzko aipamena egin daiteke, Konstituzioak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak aurreikusitako hitzetan.

  • Alde horretatik, eta Gernikako Estatutuaren egungo erredakzioan aurreikusitakoa hobetzearren, lankidetza-organoen eraketari buruz ezagutzen ditugun esperientziak eta beste batzuk kontuan izanik, ez dirudi oso egokia denik "eta era berean Nafarroak ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko partaide izateko eskubidea dute" formula errepikatzea. Hori horrela dela diogu, zeren eta, Foru Erkidegoak bere ahalmen hori gauzatu nahi izango balu, erkidego politiko berri bat izango genukeelako, eta ez litzateke xurgapen bat izango, eta beraz, hori arautuko duen testuaren erredakzio berri bat beharko litzateke.
  • Auzi horrek guztiak gai hau xedapen iragankor batera ekartzeko aukera aztertzera garamatza. Zinez, toki egokiagoa dirudi. Dena den, gai hori adituek aztertu dezaten utz liteke, eta horri begira, konstituzioaren aurreikuspen hori erabakitzeko formularik egokiena bilatu beharko lukete.

Iparraldeko mankomunitateari dagokionez, administrazio izaera soilik duen errealitate berri bat da, gurekin lotura berezi batzuk partekatzen dituzten lurralde batzuk bilduko dituena, baina beste Estatu batean kokatuak daude eta errealitate konstituzional bereizia dute. Atariko tituluan egin daitekeen aipamen horrek, alde horretatik, lotura hori modu iraunkor batez sendotzeko izan dezakegun borondatea jasoko luke, betiere erabakitzen diren mekanismoen bidez, haien errealitate politiko eta soziala errespetatuz eta ordenamendu juridikoaren barruan.

EH Bilduk Trebiñuko Konderriak egun hartzen duen lurraldearen aipamena egiten duela kontuan izanik, eta Ganbera honetan eta eragindako udaletan hura barneratzeko adostasuna ahobatezkoa denez gero, ondorengoa gehitu liteke: "baita Trebiñu eta Argantzungo herritarrak ere, horiek Euskadin txertatu daitezela legez antolatu daitekeenean". Nolanahi ere, egun indarrean dagoen Estatutuaren 8. artikuluan badago horrekin loturiko aurreikuspen bat, orokorragoa dena eta beste herrigune batzuei ere atea zabaltzen diena, eta hain zuzen ere, egokiagoa iruditzen zaigu sozialistoi.

Euskarari dagokionez, atariko titulu honetan jasota geratu behar du, egungo Estatutuak egiten duen bezalaxe, hizkuntza propioa denez gero, "gaztelaniarekin batera Euskadiko hizkuntza ofizialaren izaera edukiko duela", eta egun indarrean dagoen araudian jada aurreikusitako gainerako xehetasunak ere jasoko dira. Alde horretatik proposatzen dugu euskara atal berezi baten xede izan dadila, denok onartzen ditugun gainerako euskal berezitasunak ere bilduko lituzkeena, hala nola Ekonomia Ituna eta Zuzenbide zibila.

Era berean, titulu honetan jaso beharko lirateke erkidegoa identifikatzen duten sinboloak eta euskal herritarren nortasun politikoa.

Baina, nolanahi ere, sozialistok uste dugu benetan funtsezko ahalegin bat egin behar dugula euskal herritarren eskubideen eta betebeharren gutun hori zehazten, landu nahi dugun testu berri honen eraldaketarik handiena horretan egon litekeela uste baitugu eta horrek definituko baikaitu garbien gizarte-kohesioan aurrera egin nahi duen erkidego gisa; halaber, Estatutuaren gainerako tituluetan ere halaxe islatuta agertu beharko luke.

  • Egungo Estatutuak eskubide horiei buruz egiten dituen egungo aipamen orokorrak alde batera utzirik, argi eta garbi definitu beharko lirateke osasunerako, hezkuntzarako, gizarte-babeserako, etxebizitzarako, ingurumenerako, gizon-emakumeen arteko erabateko berdintasunerako, gardentasunerako eta baliabide publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubideak.
  • Horixe zen gure abiapuntuko planteamendua, eta beste talde batzuek ere, hala nola Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk, partekatzen ditugun beste batzuk gehitu dituzte, adibidez, eskubide horiek bermatuko dituen fiskalitate zuzen baterako eskubidea.
  • Jarraian, herritar horiek dituzten betebeharrak zehaztu beharko lirateke (botere publikoez aurrerago hitz egingo dugu, herritarrei buruzko kapitulu batean gaudelako), eta horrez gain, norberaren nahiz gainerakoen osasunarekiko errespetua, familia-erantzukizuna, norberaren partaidetza, ingurumenarekiko errespetua, norberaren zergekin ondasun komunean laguntzea...

Erredakzio berri honek blindaje benetan eraginkorra ahalbidetzen du, eta era horretan, Estatutua maila goragoko lege organikoa denez gero, eskubide horiek lege arrunten bidez eraldatzea ez da gobernuko gehiengoen mende geratzen, gehiengo horiek direnak direla ere.

Herritarren eskubideak eta betebeharrak ezarri ondoren, eta eskumenei dagokien tituluari ekin aurretik, gehitu egin beharko litzateke Euskadiko botere publiko guztiek obligazioa dutela eskubide horiek guztiak beren eskumenen eremuan bermatzeko.

4. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

ESKUMENEI DAGOKIENEZ

Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeak uste du Konstituzioaren erreforma federal batek erraztu egingo lukeela Euskadik erantzukizun batzuk bereganatzea, Espainiako gainerako lurraldeekiko solidaritate-berme guztiekin. Ganberaren gehiengo batek baztertu egiten duenez gure autogobernuaren eguneraketa egiteko erreforma horren zain geratzea, indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan gehiengoaren borondate horri erantzuteko ikusten ditugun aukerak azaltzen ditugu –gu ere bat gatoz proposamen horietan–, hots, eskumenen katalogoa zabaltzea eta Estatuko erakundeekin lankidetza-formulak hobetzea, ahal den neurrian Konstituzio Auzitegiarekin gatazkak gerta daitezen ekidinez.

Aldez aurreko auzi modura, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren alde bakarreko interpretazio bat egitea proposatzen dute beste talde batzuek, baina hori onartuz gero, hemen erabakitzen ditugun eskumen guztiak esklusibotasunez geureganatu ahal izatea ekarriko luke horrek ondorio logiko gisa. Horrek, jakina, Estatutuaren bitartez Konstituzioaren VIII. titulua aldatzea eragingo luke, eta hori, ontzat jotzen ez dugun gauza bat izateaz gain, jakin badakigu ez lukeela bideragarritasunik izango eta, horrenbestez, ez litzatekeela baliagarria izango herritarrentzat.

Aldiz, baliagarria izan daiteke, eta konstituzioaren barruan ezin egokiago txerta daiteke, eskumen horiek argitzea eta Estatutua indarrean egon den lau hamarraldietan izan duen aplikazioa gaur egungo gizarte-errealitatera egokitzea, gaurkoa ez baita 79an zegoen hura.

Argitze aldera, Euskal Sozialistak taldeak proposatzen du, eskumenen egungo katalogazioaren ordez, zehaztu daitezela gai horietako bakoitza eta administrazio bakoitzak horietan izango duen jarduera-eremua. Era horretan, errazagoa izango da eskumen bakoitza identifikatzea, arlo bakoitza garatzen denean.

Eskumenen katalogoa Konstituzioaren uztarririk gabe hedatzeari dagokionez, ondorengo aukera hauek azpimarratuko genituzke:

1. Europako errealitatea aitortzea. Eratu zenean, Espainia ez zen Europar Batasuneko partaide. Errealitate honek bete-betean eragiten die eskumen-maila guztiei, eta horren ondorioz, beste estatutu batzuetan, eta zehazkiago Kataluniakoan, eskumenen harreman-maila berri bat finkatzera bultzatu ditu, eta hala, 113. artikuluan honelaxe dio: “Generalitatearen erantzukizuna da Europar Batasunaren araudia garatzea, aplikatzea eta betearaztea, bere eskumenen eremuari eragiten dionean... ”.

2. Estatutuaren jatorrizko erredakzioan zerbait ahaztu edo akatsen bat egin zutela hautematea, eta Estatuak beretzat gorde ez eta erreklamatu genezakeen gairen bat egotea. Honen barruan sartuko litzateke “Estatutuaren titulartasunpeko artxibo, liburutegi eta museoen eskumen exekutiboa eta kudeaketa, horien kudeaketa Estatuak bere gain hartu ez duenean”, ahaztu izanagatik ez baitago gure Estatutuan, eta bai beste askotan (esate baterako, Kataluniako Estatutuan, 127-2 artikuluan).

3. Gai eta zerbitzu batzuk eskumen partekatu gisa barneratzea, baldin eta, Gobernuak 2017ko irailaren 19an onetsitako txostenaren arabera, Euskadik horrelakoak bere gain hartzeko konstituzio-eragozpenik ez dagoenean.

4. Praktikan garatu ditugun eskumen batzuk argitasun handiagoz garatzea, hala nola berdintasunarekin, etxebizitzarekin edo gizarte-babesarekin lotuak bereziki, axaletik bakarrik aipatu baitira egungo Estatutuan, eta beste autonomia-erkidego batzuetan, aldiz, gure parametroetara inondik ere iritsi ez diren arren, gai honetan askoz ere zehaztuagoak dituzte eskumen horiek beren azken estatutu-erreformetan. Horiek askoz hobeto blindatzeko modu bat izango litzateke, eta gizartean hedadura handia izango luke.

5. 1978 urteaz geroztik sortu diren eta, beraz, botere konstituziogileak kontuan hartzerik izan ez dituen errealitate berriak identifikatzea, Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko banaketa egiteari begira. "Errealitate berri" horiek Estatuaren edo autonomia-erkidegoen kudeaketan gehitu dira, eta tarteka, batzuen eta besteen eskumen-tituluen inguruko interpretazioa behartu dute, baina beste estatutu batzuetan materia esklusibotzat jaso ahal izan dira zenbait baldintzekin, Konstituzio Auzitegiaren erreparorik gabe. Estatutuaren erreformaren testuinguruan, "eskumenen birkokapen bat" ahalbidetuko luketen materia batzuk identifikatu genitzake. Horien artetik, hauek aipatuko ditugu:

a) Immigrazioa. Immigrazioa ez dago gai gisa jasoa Konstituzioan, eta horrexegatik, modu lausoan garatzera behartuak egon dira: alderdi batzuetan, Barne Ministeriotik, eta beste batzuetan gizarteratzearen eta gizarte-babesaren ikuspegitik. Gai hau beste estatutu batzuetan jasoa egoteaz gain, Andaluziakoan esaterako, aipatuko dugu Kataluniako Estatutuak, 138. artikuluan, "gai hau osotasun gisa" jorratzen duela, eta horri esker, osotasuneko tratamendu bat ematen zaio, eskumen esklusibo batzuk ere bilduz, hala nola pertsona horiei eskaintzen zaien lehen harrera, edo beste eskumen betearazle batzuk ere bai, hala nola lanerako baimenei buruzkoak, edo lan-kuotak arautzearren Estatuarekin partekatzen diren beste batzuk.

b) Generoarekin loturiko politikak / berdintasunaren sustapena. 78. urtean ez ziren jaso, ezta gure egungo Estatutuan ere, eta, aldiz, beste estatutu batzuetan hainbat eratara jaso izan dituzte, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluan "berdintasuna bermatuko duten oinarrizko baldintzak arautzeari" buruz egiten den aipamen orokorraren kaltetan izan gabe.

c) Demografia. Euskadik duen etorkizuneko erronka garrantzitsuenetako bat da, herritarren zahartze-prozesua eta biztanleria aktiboaren beherakada ikusirik; izan ere, Estatutua zehaztu zen garaian, ez zegoen horrelako arazorik eta ez zen horrelako gairik jorratu. Hala eta guztiz ere, azken urteetan sektoreko plan eta politika desberdinak garatu dira (lanekoak, lana eta familia uztartzekoak, talentu gazteak itzultzekoak, emantzipaziokoak), eta eskumenen ikuspuntutik birformulatu egin daitezke horiek guztiak.

d) Teknologia berriak. 1978. urtean existitu ere egiten ez zen errealitate honek gaur egun sekulako eragina du, eta gainera, herritarren berdintasunari eragiten dio, horrelakoen sarbidea bermatzen duen edo ez duen kontuan izanik, eta halaber, heziketaren eremuan, merkatua eraldatzen duten plataforma digitaletan, datuen lapurretan... Gai honekin loturiko eskumenak bere gain hartu dituzten estatutuak bat baino gehiago dira.

e) Klima-aldaketa. Etorkizuneko erronka honi aurre egiteko moduak eskumenen berrikuspen bat egitera behartzen gaitu, ingurumenaren tratamendu tradizional hutsa gaindituz, babesa eskaintzera soilik mugatzen baitira orain arte.

Testu artikulatua garatzeko xedez adituen batzordeari proposatu diezazkiokegun adibideak dira horiek, hots, gizartearen errealitate berrira egokituko den eskumenen birformulazio berri bat.

Halaber, pentsa daiteke titulu honek Ogasun eta ondarearen eskumenak ere bildu ditzakeela, Estatutuaren ondorengo Ekonomia Itunaren garapenak zerga arloko eskumen hau finkatzea ahalbidetu baitu, baita zerga-sistema Eusko Legebiltzarraren bidez arautzeko gaitasuna ere.

Aldebikotasunaren mekanismoei dagokienez, Euskal Sozialistak taldeak lankidetza eta partaidetzarako bi formula proposatzen ditu Euskadiren eskumenei eragiten dieten gaietan:

  • Aldebiko batzorde bat eratzea (Lankidetza Batzordea, Nafarroaren kasuan), beste estatutu batzuek ere egin duten moduan, Autonomia Erkidegoari eragiten dioten estatuko eskumenak gauzatzen parte hartu eta elkarlanean aritzeko, eta interes komuneko gaietan informazioa trukatzeko (Kataluniako Estatutuak zehazten duen moduan).
  • Erkidegoak izendatutako senatariekin talde berezi bat osatzea, Konstituzioan aurreikusitako legeak izapidetzen direnean horiek gainbegiratu ditzan eta euskal erakundeei jakinarazi diezaien izapidetze horrek bertako eskumenetan izan dezakeen eraginari buruz, gure autogobernua hobeto babestu ahal izateko.

5. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

EUSKAL BOTERE PUBLIKOEI DAGOKIENEZ

Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeak egiaztatu duenez, gainerako taldeek atal honetan egin dituzten proposamen garrantzitsuenak gure Erkidegoan Botere Judiziala berrikusteari buruzkoak izan dira, eta horretarako, boterearen muinari buruz edo indarrean ez dagoen konstituzio-errealitate bati buruz alderdi abertzaleek jada adostu dituzten printzipioetara jotzen dute (esaterako, 36ko Estatutuaren 3. artikuluari buruzko aipamenera).

Alde horretatik, berriro azpimarratzen dugu arlo honetan –aurreko guztietan bezalaxe– arakatu litekeen edozein aldaketak zorrotz bete beharko duela indarrean dagoen esparru juridikoa, 2017ko urtarrilaren 26ko Batzarrak lantaldea sortu zuenean agindu zuen moduan.

Legebiltzar honetan adosten duguna alda lezakeen konstituzioaren etorkizuneko berrikuspen federal bati uko egin gabe, Euskal Sozialistak taldearen iritziz, kontuan hartu beharreko lehen gauza euskal botere publikoen jarduerarako printzipio orokor bat ezartzea da, gardentasunean oinarritua, gobernantza-modu berri batean islatuko dena, Ganbera honetako beste talde batzuek ere jasoko dutena. Alde horretatik, gure ustez, testu artikulatu hori taxutzeko ardura hartzen duen adituen taldeak erabaki beharko luke zein den printzipio hori kapitulu honetan erabakitzen diren botere guztietan barneratzeko modurik onena, dela botere horietako bakoitzean edo dela denei eragingo dien printzipio orokor modura.

Era berean, eta zeharkako printzipio gisa, euskal botere publiko guztiek gizon eta emakumeen arteko erabateko berdintasunaren bermatzaile izateko nahitaezkotasuna islatuta eduki behar dute, bai beren zuzendaritza-organoetan eta bai beren jardueretan ere, eta horrekin bat gatoz talde guztiak. Adituek modu egokian bideratu behar duten beste auzi bat izango litzateke hori.

Eta botere publiko horiek guztiek kontuan hartu behar duten hirugarren printzipioa erabakiak hartzeko unean herritarrek duten parte-hartzearena da. Gai hori aurrerago ere azalduko dugu gure proposamenean, ekintza publikoa kontrolatzeko eta bultzatzeko mekanismoen barruan.

Euskal botere publikoak

Estatutu berriak adieraziko du euskal botere publikoak erkidegokoak, aldundietakoak eta udaletakoak izango direla, horietako bakoitza bere eskumenen esparruan.

- Erkidegokoei dagokienez, taldeek ez dute ekarpenik egingo botere legegileari eta botere betearazleari buruz, lehenago aipatutako printzipioez haratago (gardentasuna, berdintasuna eta parte-hartzea).

- Botere judizialari dagokionez, berriz, Estatuaren botere bat da, eta horrela aitortzen du egun indarrean dagoen Konstituzioak. Ezin daiteke beste era bateko interpretaziorik egin. Eta lege-errealitate horretatik abiatuta, eta Gernikako Estatutuan jada jasota dagoena geure eginez, bi berritasun proposatzen ditugu:

. Euskadiko Justizia Kontseilu bat sortzea, Justizia Administrazioaren gobernu-organo gisa eta, Botere Judizialaren Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat etorriz, adosten diren eginkizunak hari eskuordetu ahal izango dizkiona. Horrela aurreikusia dago, Konstituzio Auzitegiaren eragozpenik gabe eta xehetasun maila handiagoarekin edo txikiagoarekin (adituen batzordeak balioetsiko luke Estatutuak zehaztasunetan sartu behar ote duen edo geroagoko lege baten bidez garatu behar ote den), beren estatutuak berritu dituzten autonomia-erkidego guztietan: Valentziako Erkidegoa, Balear Uharteak, Gaztela eta León, Extremadura edo Aragoi. Baita Katalunian ere, baina Konstituzio Auzitegiak ezarritako mugekin, eta horiek ere kontuan hartu beharko lirateke gure Estatutua egituratzeko orduan.

. Konstituzioarekin bateragarri diren baldintzetan espetxe-tratamendurako sistema propio bat antolatzea, gai honi buruzko oinarrizko legedian Estatuak duen eskumenaren aurka joan gabe, espetxeen transferentzia betetzen den neurrian, Konstituzioaren 25. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz preso daudenak gizarteratzearren aplikagarri diren neurriak eraginkortasun handiagoarekin gauzatu daitezen.

- Foru-erakundeen botereei dagokienez, euskal botere publiko direla aitortu beharra dago Estatutuan.

- Udaletakoei dagokienez, berriz, eta beste talde batzuek proposatutakoarekin bat etorriz, horiek ere lehen mailako euskal botere publiko direla aitortu beharra dago Estatutuan. Gernikako egungo estatutuak duen hutsune bat da, eta, Euskal Sozialistak taldearen iritziz, argi eta garbi adierazi beharra dago euskal udalek autonomia politiko, organiko eta finantzariorako eskubidea dutela, eta horrez gain, Eusko Legebiltzarrak gai jakin batzuetan oinarrizko legedia finkatzeko eskumena duela ere aitortu beharra dago. Udalak ezinbesteko osagai dira Euskadiko erakunde-egituran, herritarrek jotzen duten lehen atea direlako eta ezinbesteko eginkizuna betetzen dutelako zerbitzu publikoak eskaintzeko orduan, eta horrenbestez, Estatutuaren bidez bermatuta eduki behar dituzte eginkizun hori burutzeko baliabideak. Gai hau etorkizunean dena delakoaren interpretazioaren arabera gera dadila eragotzi nahi da, izan ere, autogobernuaren eta Estatuarekiko harremanaren garapenean oztopo handi samarra izan baita auzi hau.

Euskal botere publikoen arteko harremanak

Gai  honen inguruan, titulu berezi batean ager zedila proposatu zuen Euskal Sozialistak taldeak, baina onartzen dugu botereei buruzko kapituluaren barruan jorratzeko proposamena, eta adituen batzordeak proposatu dezala bere iritziz zein den horretarako tokirik egokiena.

Edukiari dagokionez, talde batzuek diote lege baten bitartez arautu beharko litzatekeela, beste batzuek egokitzapen txikiren bat proposatzen dute, beste batzuek ez dute ezertxo ere aldatu nahi, eta beste batzuek, Euskal Sozialistak taldeak esaterako, uste dugu barne mailan berrantolatzeko eta eraginkortasun handiagoa izateko aukera baten aurrean gaudela.

Alde horretatik, gogorarazi nahi dugu gure taldeak joan den legegintzaldian lege-proposamen bat aurkeztu zuela Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakundeen barne-antolamenduari buruz, –horixe da maila arrunteko lege bat aldatzeko ohiko bidea, egun indarrean dagoen LHL kasu–. Nolanahi ere, Arbitraje Batzordeak gehiengoz adierazi zuen horrelako aldaketa batek estatutuaren berrikuspena eskatuko lukeela. Euskal Sozialistak taldea ez dator bat irizpide horrekin, baina uste dugu Estatutuaren erreforma aprobetxatu egin beharko litzatekeela, halaber, erakundeen antolamendu berri bat finkatzeko, Autonomia Erkidegoaren barrura begira autogobernua hobetzeko, irizpide sozialekin eta eraginkortasun-irizpideekin, eskubideen eta betebeharren berdintasunean aurrera egiteko, lurraldean eta gizartean kohesio handiagoa erdiesteko eta kudeaketa publiko gardenago eta eraginkorrago bat lortzeko. Horretarako, eta Estatuarekin loturik proposatzen den moduan, titulu honek erakunde-esparru bakoitzaren eskumenak argituko lituzke eta lankidetzarako formulak eta organoak finkatuko lituzke.

Bereziki, uste dugu, gainerako sistema demokratiko modernoetan bezala, zergen gaia funtsezko elementuetako bat dela horren funtzionamenduan. Zerga-sistema, horrelakoetan, politika publikoak finantzatzeko beharrezkoak diren baliabideak erakundeei eskaintzeaz gain, berdintasunezko tratamendu baten berme da herritarrentzat, eta birbanaketa eta elkartasunerako ezinbesteko baliabide. Hori dela eta, fiskalitatearen inguruan hartzen diren erabakiek ahalik eta gardentasunik eta kontrol demokratikorik zorrotzena eduki behar dute. Horregatik, Ekonomia Itunaren Legeak lurralde historikoei esleitzen dien eremuan zerga-sistema araubidez antolatzeko ahalmena Eusko Legebiltzarrari esleitzea da komenigarriena.

Gure aldetik planteamendu zuzen bat dagoenez gero, eranskin gisa bere garaian egindako proposamenaren testu osoa gehitzen dugu, testu artikulatua prestatzeko ardura hartzen duen adituen taldeak balioetsi dezan horietatik zein jaso behar diren Estatutuan eta zein garatu behar diren barne-antolamenduari buruzko lege berri batean.

Euskal botere publikoen kontrola

Beste talde batzuek proposatzen duten moduan, Euskal Sozialistak taldeak ere begi onez ikusten du euskal botere publiko guztien kontrol hori Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Arartekoaren erakundeari aitortzea Estatutuan, nahiz eta azken horren jarraipena ezbaian jarria izan den zenbait unetan eta sozialismoarentzat funtsezko pieza den herritarren eskubideak bermatzeko, betiere eskubide horiek bermatu behar dituzten botereen kontroletik. Kontrolerako bi erakunde horiek, edonola ere, botereei eragiten dieten gardentasun, berdintasun eta partaidetzaren printzipio berberen azpian definitu beharko dira.

Ekintza publikoa bultzatzeko herritarren partaidetza

Estatutu berriak, Konstituzioaren eta Estatutuaren legediek zehazten dituzten arau eta baldintzekin bat etorriz, beren eskubide eta interesei eragiten dieten erabaki politiko guztietan esku hartzeko eskubidea bermatu beharko die euskal herritarrei, betiere euskal botere publikoek dituzten eskumenen eremuan. Halaber, azkenaldi honetako ia estatutu guztietan jasota dagoen aurreikuspen bat da herritarrek gai publikoetan parte-hartzaile aktibo izateko duten borondate ekidinezinari erantzutea, eta gero, dagokion legearen bitartez arautu beharko da hori.

5.b. ERANSKINA. 2015EKO IRAILAREN 22AN ERREGISTRATUTAKO LEGE-PROPOSAMENA

EUSKO LEGEBILTZARREKO MAHAIARI

Idoia Mendia Cueva Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak, egun indarrean dagoen Ganberaren Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz, ohore handiz aurkeztu nahi du EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDEEN BARNE-ANTOLAMENDUARI BURUZKO LEGE-PROPOSAMEN HAU.

AURREKARIAK

  • Espainiako Konstituzioa
  • Euskal Autonomia Estatutua
  • 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko harremanei buruzkoa.

ZIOEN AZALPENA

Euskadiko Autonomia Erkidegoak, bere historia dela eta, erakunde-egitura konplexua eta benetan berezia du. Foru-tradizioa, erakundeei dagokienez, lurralde horietako bakoitzaren esparruan antolatua zegoen, eta geroago, probintzia gisa antolatu ziren.

Euskadiko Autonomia Estatutua 1979. urtean onetsi izana, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz, autonomia politikoaren araubide berriaren eta herrialdearen foru-tradizio bereizgarriaren arteko lotura bizirik mantentzeko borondatearen berrespena izan zen, marko historiko eraldatu batean izan arren. Horrela, foru-lurraldeak, aurrerantzean lurralde historiko izendatuko zirenak, Autonomia Estatutuan ezarritako Autonomia Erkidegoaren erakunde-antolamenduaren funtsezko egitura-elementu bilakatuko dira, eta horren barruan beren berezitasuna aitortuko zaie, baita bere gobernu-erakundeen antolamenduan autonomiaz jarduteko ahalmena ere. Horrekin loturik, Estatutuak oinarrizko eskumen batzuk aitortzen dizkie lurralde historikoei, erakundeen autonomia hori gauzatzearekin lotuak, eta Eusko Legebiltzarraren erabakiaren mende utziko du beste botere edo eskumen batzuk esleitzeko aukera, egoki jotzen dituen baldintzetan.

Eusko Legebiltzarra, horrenbestez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakundeen barne-egitura arautzeko eskumena duen erakundea da, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian zehaztuta datorren moduan, eta bertan, foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatu daitezela aldarrikatzen da eta, hala egokituz gero, foru-araubidearen eguneraketa horren testuinguruan eta Autonomia Estatutuarenean gauzatuko dela gaineratzen du, eta horrelaxe zehazten da, halaber, Autonomia Estatutuan.

Autonomia Estatutuan aurreikusitako sistema garatuz, Autonomia Estatutu osorako erakundeen eta bertako kondaira-lurraldeetako foruzko ihardutze-erakundeen harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak, Lurralde Historikoen Lege esan ohi zaiona, edo laburtuta esanda, LHL, eta bertan, lurralde historikoei esleitzen zaizkien eskumenak finkatzen dira, Autonomia Estatutuan aurreikusitakoarekin bat etorriz, baina baita Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta bertako lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanak ere, finantzen eremuan oso bereziki.

Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Eusko Legebiltzarrak LHL hori onetsi zuenetik. Horren onespenaren inguruko eztabaida eta horrekin loturiko beste arazo batzuk alde batera utzirik, denboraren poderioz eta urte horietan guztietan burututako erakunde-jardueraren ondorioz, euskal gizarteari eta bertako erakundeei eskaini dien esperientzia horrek aukera eman beharko luke Autonomia Erkidegoko erakundeen barne-antolamendua arautu eta eguneratuko duen lege berri bat onesteko, patxada handiagoz eta 1983an topatu zutena baino adostasun maila zabalago eta sendoago batez.

Lurralde historikoak erakunde gisa sendotu izana eta, bereziki, foru-aldundien eginkizuna sendotu izana azpimarratu beharreko gertaera garrantzitsua da. Halaber, eta xehetasun batzuk alde batera utziz, modu baketsuan onartu dira lurralde historikoek esku hartzeko eremu materialak. Horrexegatik, lurralde historikoen eskumenak gauzatzeko eremu materialari dagokionez, ez dago aldakuntza garrantzitsurik egin beharrik.

Edonola ere, badira zenbait gai Lurralde Historikoen Legean, nahitaez egungo errealitatera egokitu beharrekoak. Oso esanguratsua da, alde horretatik, LHLk lurralde historikoei araugintzaren arloan esleitzen zizkien ahalmenei buruzkoa, ez baitator bat eremu material horien errealitatearekin, hogeita hamar urtetik gorako esperientziak erakutsi duen moduan. Beharrezkoa da esperientziak erakutsi duen horretara egokitzea lege-araudia. Horrek ez du esan nahi lurralde historikoek garrantzi gutxiagoko aintzatespenik edukiko dutenik Autonomia Erkidegoaren erakunde-antolamenduaren barruan.

Zinez, lurralde historikoen araugintza-ahalmenak, ekonomia-itunaren sistema osatzen duten zergen testuinguruan, esan berri dugunaren salbuespen bat dira, Ekonomia Itunaren Legean aitortuta dauden ahalmenak diren neurrian, eta berezitasun hori halaxe aitortu izan da berariaz, horien konstituzionaltasunaren gaineko kontrola zuzenean Konstituzio Auzitegiari esleituz.

Beste hari bati helduz, hamarkada hauetako esperientziak agerian utzi du ez dagoela tresna egokirik gobernuen arteko lankidetzarako, eta sistema federalen eboluzioan –autonomia-erkidegoetako erakundeen barne-egiturak antzekotasun nabarmenak ditu horrekin– argi eta garbi geratzen ari da sekulako garrantzia duela norberaren eskumenak testuinguru harmoniatsu batean gauzatzeko orduan, aipatutakoak bezalako erakunde-antolamendu konplexuek eragin dezaketen ezegonkortasun-arriskua ekiditearren. Lege honen bitartez gobernuen arteko lankidetzarako tresna bertikalak –foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzarekin dituztenak– finkatu nahi dira erakundeen alorrean, eta halaber, gobernuen arteko lankidetza horizontala  sustatu –foru-aldundien artean–.

Lege honen bidez barneratzen den aldaketaren funtsezko elementu bat, hain zuzen ere, Ekonomia Ituna osatzen duten zergen kudeaketatik datozen finantza-baliabideen banaketa-sistemarekin loturik Eusko Legebiltzarrak bete beharreko eginkizunaren ingurukoa da. Lege honetan jasotako erregulazioarekin bat etorriz, Gobernuari dagokio Eusko Legebiltzarraren aurrean baliabideen banaketarako metodologiaren lege-proiektua aurkeztea eta foru-aldundi bakoitzak Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari eta udalen finantzaketa-fondoari egin beharreko ekarpena erabakitzea, eta Eusko Legebiltzarrari aitortzen zaio, halaber, Gobernuak aurkeztutako proiektuari zuzenketak egiteko ahalmena.

Gai honekin berarekin loturik, baina ikuspegi desberdin batetik, hamarraldi hauetan guztietan indarrean egon den sistemaren hutsunerik garrantzitsuenetako bat zuzendu nahi du lege honek, hots: Ekonomia Ituna osatzen duten zergetatik datozen finantza-baliabideen banaketan udalek eduki beharreko presentzia. Alde horretatik, finantza-baliabideen banaketan udalen finantzaketarako fondo bat sortu dadila finkatzen da, Autonomia Erkidegoko udalen finantzaketaren zatirik garrantzitsuena elikatuko duena, eta Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan udaletako ordezkariek esku hartzea aurreikusten da, bai Ekonomia Itunaren sistemako parte diren udal-zergen erregulazioari buruzko gaiak jorratzen dituztenean eta bai erakunde desberdinen –udalak barne– finantzaketari buruzko gaiak aztertzen dituztenean ere.

Azkenik, lurralde historiko desberdinen artean edo horietako bakoitzaren barruan egon daitezkeen aberastasun eta garapen ekonomikoaren desorekak gainditzeko xedea duen berdintze-fondo bat sortzea aurreikusten du legeak.

TESTU ARTIKULATUA

1. Artikulua.- Xedea

1.- Lege honen xedea Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakundeen barne-antolamendua arautzea da, bere Autonomia Estatutuan xedatutakoa garatuz.

2.- Euskadiko Autonomia Erkidegoko gobernuaren oinarrizko erakunde-egitura Autonomia Erkidegoko erakunde komunek, bere lurralde historikoetako foru-organoek eta horren barruan sartuta dauden udalek osatutakoa da.

2. Artikulua.- Helburuak

1.- Lege honen helburua, hain zuzen ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakunde bakoitzari dagozkion arloetan eskumen desberdinak finkatzea eta bakoitzaren eginkizunak arautzea da.

2.- Lege honen helburua da, halaber, Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeetako gobernu-instituzioen arteko harremanak (gobernuen arteko harremanak) arautzea da, baita bere lurraldearen barruan kokatuta dauden udalekin dituztenak ere.

3.- Azkenik, lege honen helburua da Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeen eta bertako udalen finantzaketa-sistema arautzea, Autonomia Erkidegoaren finantza-baliabideak horien artean banatzeko sistema finkatuz.

3. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunak

1.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunek Euskadiko Autonomia Erkidegoaren osotasunean, bertako erakundeetan eta bertako herritarrengan gauzatuko dute beren eskumena.

2. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunak hauek dira:

a) Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta bertako presidente edo lehendakaria, Autonomia Erkidegoko herritar guztien ordezkaritzarako eta gobernurako erakunde diren aldetik.

b) Arartekoaren erakundea, herritarren eskubide eta askatasunak defendatu eta babesteko Eusko Legebiltzarraren mandatari gisa, Euskadiko erakunde guztien jardueren gaineko eskumena duela.

c) Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Euskadiko erakundeak osatzen dituzten organoen eta sektore publiko osoaren ekonomia nahiz finantza arloko jarduerak fiskalizatuko dituen organo goren gisa.

3.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egitura, antolamendua eta funtzionamendua horietako bakoitza arautuko duten lege edo arau bereziek eta aplikagarri zaizkien Autonomia Erkidegoko gainerako legeek arautuko dituzte, Konstituzioan, Autonomia Estatutuan eta, hala egokituz gero, Estatuko legeetan xedatutakoa garatuz.

4. Artikulua.- Lurralde historikoetako erakundeak

1.- Batzar nagusiak eta foru-aldundia dira lurralde historikoetako foru-organoak, eta diputatu nagusiak, bertako buru gisa, eta foru-diputatuek osatuko dute foru-aldundia.

2.- Lurralde historiko bakoitzak bere araubide pribatua izango du, eta bere antolamendua edo autogobernurako erakunde pribatiboak berrezarri edo eguneratu ahal izango ditu.

3.- Lurralde historikoek beren autogobernu-erakunde pribatiboak antolatzeko gaitasuna lege honetan, Autonomia Erkidegoko legeetan eta, hala egokituz gero, aplikagarri zaizkion Estatuko legeetan xedatutakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

5. Artikulua.- Toki Administrazioko erakundeak

1.- Udalen eta gainerako toki-erakundeen antolamendua toki-araubidea arautzen duten Estatuko eta Autonomia Erkidegoko legeetan, bakoitzak bere eskumeneko eremuetan, erabakiko da.

2.- Udalei ere aplikatuko zaizkie lege honetako xedapenak, bereziki Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakunde desberdin artean finantza-baliabideak banatzearekin loturikoak.

LEHEN KAPITULUA

ESKUMEN-BANAKETA, AUTONOMIA-ERKIDEGOKO ERAKUNDEEN ARTEAN

6. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumenak

1.- Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, Euskadiko Autonomia Erkidegoari dagozkien eta lege honetan lurralde historikoei berariaz esleitu ez zaizkien eskumen guztiak Autonomia Erkidegoko erakunde komunenak izango dira.

2.- Eusko Legebiltzarrari dagokio botere legegilea gauzatzea, eta lege honetan lurralde historikoei eskumen batzuk esleitu izanak ez dio inolako mugarik eragingo.

7. Artikulua.- Lurralde historikoei eskumenak esleitzea arautzen duten printzipioak

1.- Lurralde historikoenak izango dira Autonomia Estatutuak eta lege honek berariaz esleitzen dizkieten eskumenak, baita horiek berariaz aldatzen dituztenak ere.

2.- Lurralde historikoenak izango dira, halaber, Ekonomia Itunaren Legean Estatuak esleitzen dizkien eskumenak.

3.- Lurralde historikoenak izan daitezke, era berean, Estatuko legeek berariaz esleitzen dizkieten eskumenak, baldin eta horrela xedatuko balute Autonomia Estatutuarekin bat etorriz Euskadiko Autonomia Erkidegoari ez dagozkion eremuetan.

4.- Lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz beren eskumenekoak diren gaietan, lurralde historikoen ardura izango da eginkizun administratiboak eta exekutiboak burutzea, baita, hala egokituz gero, Autonomia Erkidegoko legeak eta arauak garatzea ere.

5.- Gai jakin batean lurralde historikoei eskumena esleitzeak ez du inola ere eragingo Eusko Legebiltzarrari dagokion botere legegilea baztertzea edo mugatzea, Autonomia Estatutuarekin bat etorriz Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren arloetan.

8. Artikulua.- Lurralde historikoen eskumen esklusiboak

1.- Lurralde historikoek, Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, eskumen esklusiboa edukiko dute ondorengo arlo hauetan:

a) Autogobernurako erakundeen antolamendua, araubidea eta funtzionamendua

b) Bere aurrekontuen prestatzea eta onestea

c) Probintziaren mugak gainditzen ez dituzten udalaz gaindiko lurralde-mugapenak

d) Probintzietako eta udaletako ondasunen araubidea, bai jabari publikokoak direnetan eta bai ondarekoak edo propioak eta komunalak direnetan ere.

e) Udaletako hauteskunde-araubidea.

2.- Beren eskumen esklusiboak gauzatzerakoan, lurralde historikoek arauak erregulatzeko gaitasuna edukiko dute, baita administratzeko eta betearazteko ere, eta hori, kasu bakoitzean aplikagarri zaien Estatuko edota Autonomia Erkidegoko legerian xedatutakoarekin bat etorriz egingo dute.

9. Artikulua.- Lurralde historikoek arauak garatzeko, administratzeko eta betearazteko dituzten eskumenak.

1.- Autonomia Estatutuan aurreikusitakoa garatuz, lurralde historikoek ondorengo arloetan ere eskumena izango dute:

  1. Errepide eta bideetan, Autonomia Erkidegoaren interes orokorrekoak direla adierazi ezean.
  2. Mendiak, basoetako aprobetxamendu eta zerbitzuak, abelbideak eta larreak.
  3. Gune natural babestuak.
  4. Beste lurralde historiko batzuei eragiten ez dieten obra publikoak edo Eusko Jaurlaritzat interes orokorrekotzat jotzen ez dituenak. Aurrekoa hala izanik ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren interes orokorreko obra hidraulikotzat jotzen dira Eusko Legebiltzarraren Uren Legean horrela definituta datozenak. Uraren Euskal Agentziari dagokio interes orokorreko obra hidraulikoen proiekzioa, exekuzioa eta kudeaketa, baita lege horrek horrelako obrekin loturik agintzen dituen beste edozein eratako eginkizunak burutzea ere.
  5. Artxiboak, liburutegiak, museoak eta arte ederrekin loturiko erakundeak, erakunde komunek izaera bereko eta Autonomia Erkidegoaren interes orokorrerako beste erakunde batzuk sortu ahal izatearen kontra joan gabe.
  6. Artisautza.
  7. Arte, monumentu eta arkeologia arloko ondarea.
  8. Lurralde historikoko kultura-erakunde interesgarriak sortzea eta mantentzea.
  9. Landare-osasuna, nekazaritzaren erreforma eta garapena; nekazaritza ezagutaraztea, sustatzea eta gaitzea; mahastizaintza eta enologia; landare-ekoizpena, haziak eta mintegiko landareak izan ezik. Arlo honetan, Uraren Euskal Agentziaren ardura izango da hornidurarekin, saneamenduarekin, arazketarekin eta ureztaketarekin loturik Erkidegoko Uraren Legeak esleitzen dizkion eginkizunak burutzea, eta horren barruan sartzen da Eusko Jaurlaritzak onetsi beharreko dekretu-proposamena hari igortzea, ureztaketaren araubide juridikoa arautzeko, lege horretan ezarritako gutxieneko edukiarekin.
  10. Abeltzaintza eta animalien osasuna.
  11. Kontinenteko arrain-aberastasunaren aprobetxamendua eta aprobetxamendu zinegetikoa.
  12. Kontinenteko ur publikoen eta ubide naturalen, ibai-bazterren eta zorren polizia, eta hori Eusko Legebiltzarraren Uren Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz gauzatuko da.
  13. Kirola, eskola-kirola eta denontzako kirola sustatzea.
  14. Gizarte-zerbitzuak.
  15. Garapen komunitarioa, emakumea eta genero-berdintasuna sustatzeko politika, haur eta gazteei zuzendutako politika, hirugarren adinekoen politika.
  16. Aisialdia eta denbora librea.
  17. Babes zibila; suteen aurkako babesa.
  18. Hirigintza eta lurraldearen antolamendua.
  19. Jarduera nekagarriak, osasungaitzak, kaltegarriak eta arriskutsuak.
  20. Foru-aldundien mende dauden Foruzain, Minoi eta Mikeleteen Sail edo Kidegoen araubidea, ordezkaritza eta tradizionalei begira.

2.- Artikulu honen 1 zenbakian adierazitako arloetan, lurralde historikoek, bidezkoa denean, Autonomia Erkidegoan lege eta arauen indarra duten xedapenak garatzeko ahalmena beteko dute eta, edonola ere, horiek betearazteko eta administrazio arloan kudeatzeko eginkizunak ere bai.

3.- Lege honek lurralde historikoei eskumenak esleitzen badizkie, arlo hauetan udalei dagozkien eskumenen kontra joan gabe da, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko toki-araubidearen alorreko legeria orokorrarekin bat etorriz.

4.- Autonomia Erkidegoak, bere Legebiltzarraren lege baten bitartez eta bertan ezartzen diren baldintzekin bat etorriz, lurralde historikoetako foru-organoei eskualdatu edo eskuordetu ahal izango dizkie lege honek haiei esleitu ez dizkien eskumen batzuk, lege honen 7.5 artikuluan zehaztutako aurreikuspenarekin.

5.- Eusko Jaurlaritzak, bere ekimenez edo lurralde historikoetako foru-organoek hala eskatuta, foru-aldundiei eskuordetu ahal izango die, dagokion dekretuan ezartzen den hedadura eta iraupenarekin, bere eskumeneko zerbitzuak kudeatzea eta eskaintzea.

Nolanahi ere, Gobernuak beretzat gordeko ditu ondorengo ahalmenak:

a) Gauzatze-erregelamenduak xedatzea.

b) Jarraibideak finkatzea eta kudeaketa-programak prestatzea.

c) Kudeaketari buruzko informazioa jasotzea, eta hautemandako hutsegiteak zuzentzeko eskakizunak egitea.

6.- Foru-aldundiek estatistikak egin ahal izango dituzte, lege honetan haiei aitortu zaizkien eta Autonomia Erkidegoaren Estatistika Planean jasota ez dauden helburu eta eskumenei begira, haren legerian ezartzen diren arauak betez. Halaber, Autonomia Erkidegoaren Estatistika Planaren prestakuntzan aholku-izaeraz parte hartuko dute, interes orokorreko estatistikak bilduz, eta bere gain hartuko dituzte plan horretan jasotako estatistikak dagokien lurraldean egiteko lanak, bertan edo horiek garatzen dituzten urteko estatistika-programetan ezarritako baldintzetan.

10. Artikulua.- Lurralde historikoek udaletan esku hartzea

1.- Lurralde historikoek programak ezarri edo inbertsio-plan sektorialak onetsi ahal izango dituzte beren lurraldeko udaletan, lurralde osoaren eta bertako toki-erakundeen garapen orekatua bermatzearren.

2.- Halaber, lurralde historikoek udalei laguntzeko baliabide batzuk finkatu ahal izango dituzte udalen eskumeneko zerbitzuak eskaintzeko, beren autonomiaren aurka joan gabe, bereziki udal txikien kasuan edo legez esleituak dituzten zerbitzuak eskainiko direla bermatzeko zailtasunak dituzten udalen kasuan.

11. Artikulua.- Lurralde historikoen eta erakunde komunen arteko lankidetza, beren eskumeneko eremuetatik kanpo.

1.- Lurralde historikoek eta erakunde komunek, Estatutuan eta lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz, beren eskumenekoak ez diren arloetan esku hartu ahal izango dute, eskumena duen erakundearen ekintzak sustatuz eta haiekin elkarlanean arituz, baldin eta beren iritziz lurralde historikoaren edo Autonomia Erkidego osoaren interesekoa dela jotzen badute.

2.- Artikulu honek aipatu bezala, lurralde historikoek eta erakunde komunek esku hartzen dutenean, hori burutzeko eskumenaren titulartasuna duen erakundearekin bat etorriz bakarrik egin ahal izango da, betiere eskumenaren titulartasuna duen erakundearekin berariaz izenpetu den alde biko edo alde anitzeko lankidetza-hitzarmen edo -itunean zehazten diren baldintzetan.

12. Artikulua.- Lurralde historikoen zerga alorrean dituzten eskumenak

1.- Zerga alorrean, lurralde historikoek Ekonomia Itunaren Legeak esleitzen dizkien eskumenak eta ahalmenak izango dituzte, Euskadiko Autonomia Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Hori dela eta, aipatutako lege-xedapenetan ezarritako mugen barruan, lurralde historikoek beren lurraldeetako zerga-araubidea legeen bidez arautzeko gaitasuna izango dute, eta, oro har, Autonomia Erkidegoaren zerga-sistema barneratuko dute.

2.- Halaber, aurreko zenbakian aipatutako lege-xedapenekin bat etorriz, foru-aldundien ardura izango da Ekonomia Itunaren Legeak erabakitzen dituen zerga guztiak kudeatzea eta ordainaraztea.

3.- Halaber, eta lege-xedapen horiekin bat etorriz, lurralde historiko desberdinetako ogasunen eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren artean koordinazioa, zerga-harmonizazioa eta lankidetza bermatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkien legeak xedatzeko gaitasuna edukiko dute Autonomia Erkidegoko erakunde komunek.

4.- Ekonomia Itunaren Legean jasotako xedapenen ondorioz lurralde historikoei dagozkien eskumenak zerga-arlora mugatuta geratzen dira, Estatuaren Legearen izaerak eskatzen duen moduan, eta ezin dezake baldintzatu Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko eskumenen banaketa beste edozein eremutan.

13. Artikulua.- Zerga-harmonizazioa

1.- Lurralde historikoek, Ekonomia Itunaren Legeak arauak egiteko eta zerga-harmonizazioa bermatzeko esleitzen dien ahalmena gauzatuz, modu bateratuan erregulatuko dituzte zerga desberdinen funtsezko elementuak.

2.- Ekonomia Ituna osatzen duten zergen funtsezko elementuak modu harmoniatsuan arautzeko lurralde historikoek duten obligazioa egoki bete dadila zainduko du Eusko Jaurlaritzak.

3.- Edozein lurralde historikok Ekonomia Ituna osatzen duten zergaren bat erregulatzen duen araudia aldatzeari ekiten badio, Eusko Jaurlaritzak, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak gai horri buruz aldez aurretik azterketa egin ondoren, memoria bat landuko du, zergaren erregulazioaren aldaketa horrek zergen funtsezko elementuen erregulazio berdinari eragiten ote dion ikertzeko, horretara behartuta baitaude lurralde historikoak.

4.- Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrean aurkeztuko du aurreko zenbakiak aipatzen duen memoria, aipagai duen zerga erregulatzen duen araudiaren aldaketa ofizialki argitaratzen denetik hasi eta bi hilabete igaro baino lehen. Gobernuak, bere iritziz, zergaren erregulazioak bere funtsezko elementuen erregulazio berdina apurtzen duela jotzen badu, memoria horrekin batera, lurralde historiko desberdinen artean zerga-erregulazioaren harmonizazioa bermatzeko beharrezko neurriak jasoko dituen lege-proiektua gehituko du, lege honek eskatutako hitzetan. Eusko Legebiltzarrean lehentasunez izapidetuko da, eta ez da zuzenketak egiteko epea luzatzeko aukerarik egongo

5. Legebiltzarrak uste badu, Gobernuak duen iritziaren aurka, zergaren araudi horrek zergaren funtsezko elementuak urratzen dituela, Ganberak bidezkoa iruditzen zaion erabakia hartuko du, Erregelamenduarekin bat etorriz.

BIGARREN KAPITULUA

ERAKUNDE KOMUN, LURRALDE HISTORIKO ETA UDALETAKO GOBERNUEN ARTEKO LANKIDETZA

14. Artikulua.- Gobernuen arteko lankidetza

1.- Lege honek lurralde historikoei esleitzen dien eskumenaren eremuetan, bai foru-aldundietako gobernuen jarduera, oro har, eta bai dagokion alorrean eskumena duen foru-diputatu bakoitzarena ere, bereziki, gobernuen arteko lankidetzaren printzipioak gidatu behar du, eta Eusko Jaurlaritzarekin eta dagozkion sektore-arduradunekin koordinatuta eta lankidetzan jardungo dutela bermatuko du, beren eskumenen kudeaketa egokiago eta eraginkorrago bat erdiesteari begira. Legeek udalei eskumen batzuk esleitzen dizkieten eremuetan, bertako ordezkariek gobernuen arteko lankidetza-harreman horietan parte hartuko dute.

2.- Lurralde historikoei dagozkien eskumenen eremuetan, berriz, bai foru-aldundiak, oro har, eta bai foru-diputatuak ere, bereziki, bakoitzari dagozkion eskumen-eremuetan, elkarrekin koordinatuta eta lankidetzan arituko dira, beren eskumen-eremuetan gobernu-kudeaketa egokiago eta eraginkorrago bat erdiesteari begira.

3.- Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako arduradunen arteko koordinazioa eta lankidetza, baita beren artekoa ere, bereziki ezinbestekoa da batzar nagusiek zerga-alorrean duten ahalmen arau-emailea gauzatu ahal izateko, Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz, Autonomia Erkidegoko zerga direnen funtsezko elementuak modu harmoniatsuan erregulatuta egon daitezela bermatzeari begira.

4.- Era berean, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako arduradunen arteko koordinazioa eta lankidetza, baita beren artekoa ere, bereziki ezinbestekoa da Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz ordainarazteko ardura beren gain hartua duten zerga-kudeaketaren alorrean, zergen funtsezko elementuen erregulazio harmoniatsua antzeko zerga-kudeaketa baten bidez, zerga-presio berberaz eta zerga-iruzurraren aurkako jarduera eraginkor berarekin gauzatu dadila bermatzearren.

15. Artikulua.- Gobernuen arteko lankidetza bertikalerako organoak

1.- Lege honek lurralde historikoen eskumenari esleitzen dizkion eremuetan Foru-aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen artean gobernu arteko lankidetza-lanak burutzeari begira, haiei dagozkion politika publikoen sektore bakoitzean, lankidetza-kontseilu bat eratuko da, Eusko Jaurlaritzako dagokion saileko arduradun gorenek eta dagokion bileran aztertuko duten gaietan eskumena duen foru-aldundi bakoitzekoek osatua.

2.- Lankidetza-kontseilu horiek alde anitzeko kontseiluen forma hartu ahal izango dute, eragindako erakundeetako ordezkari guztiek parte hartzen dutela, edo, baita ere, alde biko kontseiluarena, aztertu beharreko gaiak lurralde historiko bati bakarrik eragiten diotenean.

3.- Gobernuen arteko lankidetza-kontseilu horiei dagozkien erakundeetako teknikariek lagunduko diete, eta komenigarritzat jotzen diren batzorde teknikoak osatu ahal izango dira horien barruan.

16. Artikulua.- Finantza Publikoen Euskal Kontseilua

1.- Zerga alorreko eskumenen eremuan Finantza Publikoen Euskal Kontseilua eratzen da, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko koordinazio eta lankidetzarako gobernu arteko lankidetza-organo gisa, Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz erkidegoak arautu beharreko zergen araugintza-proiektuen prestakuntzarekin loturik, horien funtsezko elementuak modu harmoniatsuan erregulatu daitezela bermatzeari begira.

2.- Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, halaber, Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz lurralde historikoetako foru-aldundiei dagozkien zergak ordainarazi eta kudeatzearen inguruko gaiak aztertuko ditu.

3.- Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak zerga alorreko lankidetza eta koordinazioa sustatuko du. Horri begira, zerga-kudeaketarekin loturiko jarduerak koordinatuko dituzte hiru lurralde historikoetan zerga-presio berbera bermatu dadin, benetan egindako zerga-bilketa lurralde bakoitzak dituen ezaugarri eta egoeren arabera bakoitzari dagokion zerga-bilketaren egozpena egokitu dakion, eta halaber, zerga-iruzurraren aurkako jarduerak modu koordinatuan egin daitezen, lurralde historiko desberdinetako egoeren artean desorekak egon daitezela ekiditearren. Horri begira, urtero, kontseiluak zerga-iruzurraren aurkako borroka-plan bat prestatuko du, eta Gobernuak Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko dio, eztabaidatu dadin eta Ganberak egoki ikusten dituen baldintzetan onetsi dadin.

4.- Finantza Publikoen Euskal Kontseilua bederatzi kidek osatuko dute: hiru Gobernuak izendatuko ditu, beste hiru foru-aldundiek –aldundi bakoitzak bat–, eta euskal udalen hiru ordezkari ere izango dira, ezarpen handieneko euskal udalen elkarteak izendatuak. Euskal udalen ordezkagarritasunaren aniztasun politikoa bermatzeari begira, Autonomia Erkidegoko udal-hauteskundeetan boto-kopuruari dagokionez ezarpen handiena lortu duten hiru indar politikoetako kideen esku geratu behar dute aipatutako izendapen horiek, eta edonola ere, zinegotzi hautetsien izaera eduki behar dute.

Udal-ordezkariak bertara joango dira, hitz egiteko bai baina botoa emateko eskubiderik gabe, zuzenean haiei eragiten ez dieten gaiak aztertzen dituztenean, eta eskubide osoko kide gisa jardungo dute, aldiz, Euskadiko Udal Legearen 106.2 eta 107. artikuluetan zehaztutakoa aztertzen dutenean eta, halaber, udalei edo beren ordezkaritzei zuzenean eragiten dieten gaiak jorratzen dituztenean, baita, edonola ere, toki-ogasunen zergen erregulazioarekin loturiko gaiak aztertzen dituztenean ere.

5.- Gobernuak bere ordezkarien artetik izendatzen duen kidea izango da kontseiluko buru. Eusko Jaurlaritzako karrerako edo enpleguko funtzionario publiko batek egingo ditu idazkari-lanak, baina ez du hitz egiteko edo botoa emateko eskubiderik izango kontseiluaren eztabaidetan.

6.- Kontseiluaren bileretarako deialdia egitea lehendakariaren ardura izango da, bere ekimenez, edo bestela, foru-aldundietako edozein ordezkarik hala eskatzen duenean, eta deialdian adierazten den tokian egingo dira bilerak. Udal mailako edozein ordezkarik hala eskatzen duenean ere bilera egingo du kontseiluak, hain intereseko gaiak jorratzeko.

7.- Kontseiluak bertako kideen gehiengo absolutuz hartuko ditu erabakiak, lege honek gehiengo kualifikatu bat eskatzen duen kasuetan izan ezik. Udal-ordezkariek hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin parte hartzen dutenean, erabakiak hartzeko ezinbestekoa izango da erabaki horiek gehiengo absolutuz onestea, betiere gehiengo horren barruan erakunde bakoitzetik ordezkari bana baldin badago gutxienez.

8.- Kontseiluak, horri begira, lege honek esleitu dizkion eginkizunak burutzeko beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza guztiak eskatu eta Euskadiko nahiz lurralde historikoetako Administrazioko edozein organotatik beharrezkoak diren datu guztiak jaso ahal izango ditu. Era berean, Euskadiko udaletatik eta ezarpen handieneko udalen elkartetik beharrezkotzat jotzen dituen datuak jaso eta aholkularitza eskatu ahal izango du kontseiluak. Aipatutako udal eta elkarte horiek behartuta daude datuak eta bestelako informazioa eskaintzera, Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako Administrazioarentzat aurreikusitako baldintza berdinetan.

9.- Lege honetan edo kontseiluak berak erabakitzen dituen barne-funtzionamendurako arauetan aurreikusita ez dauden gauza guztietan, eraketarako quorumari, eztabaidei eta erabakiak hartzeko moduari dagokionez, Administrazio Prozedurari buruzko Legean xedatutakoa bete beharko da.

10.- Lege honek aipagai dituen eginkizunak betetzeko, bai Gobernuak eta bai foru-aldundiek ere, urte bakoitzeko irailaren lehen hamabostaldian, Kontseiluaren esku jarriko dituzte ondorengo datuak:

a) Aurtengo eta hurrengo ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen aurrekontu eta aurreikuspenen zerrenda-egoera eguneratua.

b) Bere eskumenen eremuan, hurrengo ekitaldian egitea beharrezko ikusten dituen inbertsioen memoria xehakatua, kasu bakoitzean zenbaterainoko presa dagoen eta lehentasun-hurrenkera adieraziz.

c) Foru-aldundien iritziz, hurrengo ekitaldian Eusko Jaurlaritzak bere eskumenen eremuan egin beharko lituzkeen inbertsio-proiektu zehatzen inguruko iradokizunak, eta alderantziz.

d) Kontseiluak bere eginkizunak egoki burutzeko egoki ikusten duen beste edozein informazio.

11.- Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak urte bakoitzeko irailean aurreko apartatu horretan adierazitako daturen edo dokumenturen bat jasotzen ez badu, kontseiluak berak egingo du hurrengo ekitaldiari dagozkion datuen zenbatespen bat, uneko ekitaldirako onetsitako aurrekontuan oinarrituz, bidezkoa den zenbatekoan aldatuta, eta horretarako erreferentzia objektiboak hartuko ditu.

12.- Lege honen 23. artikuluan aurreikusitako ondorioei begira, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak, gobernuen arteko lankidetzarako organo gisa, erakunde bakoitzaren diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena finkatuko du, eta lurralde historiko bakoitzari eskatu ahal izango zaion zerga-bilketarako gaitasunaren zenbatespena ere egingo du, horietako bakoitzak izango duen zerga-presioa eta zerga-iruzurraren zenbatespenak kontuan izanik.

13.- Autonomia Erkidegoko udalen inguruko zenbatespenak eta udal-finantzaketarako fondoak bildu behar duen zenbatekoa zehazteari begira, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren bilkuretan udaletako ordezkariek ere parte hartuko dute, lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

17. Artikulua.- Gobernuen arteko lankidetza horizontala

1.- Foru-aldundiek elkarren arteko lankidetza sustatuko dute, Autonomia Estatutuarekin, Ekonomia Itunaren Legearekin eta lege honekin bat etorriz dagozkien eskumenak gauzatzen laguntzearren, eta bakoitzak dituen esperientziak besteekin trukatuko ditu, zerbitzuak kudeatu eta eskaintzeak herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagundu dezan eta baliabide publikoak egoki erabil daitezen.

2.- Foru-aldundi desberdinetako ordezkariek gobernu arteko lankidetzaren eginkizunak bete ahal izan ditzaten lege honek lurralde historikoei esleitzen dizkien eskumenen eremuan, foru-aldundi bakoitzeko departamentuan politika publikoetako sektore bakoitzeko arduradun goren direnek aldian behin bilerak egingo dituzte beren eskumenak gauzatzen elkarlanean jarduteko.

3.- Foru-aldundi bakoitzeko foru-ogasunaren arduradunek ere elkarlanean jardungo dute Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz autonomia mailako araugintza duten zergen funtsezko elementuak modu harmoniatsuan erregulatuta egon daitezela bermatzeko.

4.- Halaber, foru-aldundi bakoitzeko foru-ogasuneko arduradunek elkarrekin jardungo dute Ekonomia Itunaren Legearekin bat etorriz dagozkien zergen kudeaketa lurralde historiko desberdinetan modu harmoniatsuan gauzatu dadila bermatzeko, zerga-presio berbera, zergen kudeaketa egokia eta zerga-iruzurraren aurkako jarduera eraginkorra bermatu ahal izateko.

18. Artikulua.- Lurralde historikoek Autonomia Erkidegoko legeria betetzen dutela kontrolatzea

1.- Eusko Jaurlaritzaren ardura da lurralde historikoek Autonomia Erkidegoko legeak bete ditzatela kontrolatzea, lege honek bertako 9. artikuluarekin bat etorriz esleitzen dizkien eremu materialetan.

2.- Aurreko zenbakian zehaztutako kontrol-eginkizun horiei begira, Eusko Jaurlaritzak egoki iruditzen zaion informazioa eskatu ahal izango die dagokion lurralde historikoko agintaritza gorenei, Autonomia Erkidegoko legeria betetzearen inguruan, baldin eta hori bete edo gauzatzeari buruzko zalantzarik edo desadostasunik badu, eta azterketa egokiaren ondoren, hori zuzen betetzeko jarraibideak bidali diezazkieke.

3.- Aurreko zenbakian aipatutako lurralde historikoko agintaritzek uko egiten badiote informazio hori eskaintzeari edo Autonomia Erkidegoko legeria zuzen betetzeko Gobernuak igorritako jarraibideak betetzeari, Gobernuak beheragoko agintaritzei zuzendu ahal izango die errekerimendu hori.

4.- Aurreko zenbakian aipatutako jarraibideak igorri ondoren, Autonomia Erkidegoko legeria betetzearekin loturiko huts horiek zuzentzen ez badira, Eusko Legebiltzarrak, Gobernuak hala eskatuta eta horretarako xedatzen den prozedurarekin bat etorriz, lurralde historikoko agintaritzei jarraibide indibidualak igortzeko gaitasuna esleitu ahal izango dio hari.

HIRUGARREN KAPITULUA

EUSKADIKO OGASUN PUBLIKOAK ETA FINANTZA-BALIABIDEAK ERAKUNDE KOMUNEN, LURRALDE HISTORIKOEN ETA UDALEN ARTEAN BANATZEA

19. Artikulua.- Printzipio orokorrak

1.- Euskadiko Autonomia Erkidegoak, eta hori osatzen duten lurralde historiko eta udal bakoitzak, finantza eta aurrekontu alorreko autonomia edukiko dute Autonomia Estatutuaren testuinguruan dituzten eskumenak, lege honetan jasotako xedapenak eta aplikagarri zaizkien gainerako legeak gauzatzeko.

2.- Lurralde historikoen eta beren sektore publikoaren finantza-jarduera Euskadiko Ogasun Orokorrarekin koordinatuta gauzatuko da. Era berean, Euskadiko toki-ogasunek Euskadiko Ogasun Orokorrarekin eta lurralde historikoetako foru-ogasunekin modu koordinatuan, solidarioan eta erantzukizun partekatuz beteko dituzte beren esleipenak.

3.- Nolanahi ere, Autonomia Estatutuan eta lege honetan bertan jasotakoarekin bat etorriz, Ekonomia Itunean aitortutako botere arau-emailea betez foru-organo eskudunek ematen dituzten xedapenek modu bateratuan erregulatuko dituzte zerga desberdinen funtsezko elementuak.

4.- Autonomia Erkidegoak, bertako lurralde historikoek eta udalek urtero beren aurrekontuak prestatu eta onetsiko dituzte, beren jarduera publikoaren diru-sarrera eta gastu guztiak bilduz. Euskadiko Aurrekontu Orokorrak bertako Gobernuak prestatuko ditu eta Eusko Legebiltzarrak onetsiko ditu. Lurralde historiko bakoitzekoak dagokion foru-aldundiak prestatuko ditu eta batzar nagusiek onetsiko dituzte. Udal-entitate bakoitzarenak bertako lehendakariak egingo ditu eta Udal Batzarrak onetsiko ditu.

5.- Euskadiko foru-aldundiek eta udalek, baita horien organismo eta erakundeek ere, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek erabilitakoen antzeko irizpide homogeneoak aplikatuko dituzte aurrekontu-prozedurarekin eta kontabilitate publikoarekin loturik, Euskadiko sektore publiko osoa, informazio aldetik, bateratuta egon dadin erdiestearren.

20. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko eta bertako udaletako ogasun publikoak

1.- Autonomia Erkidegoko finantza-baliabideen artean ditugu Euskadiko Ogasun Nagusiaren baliabideak, dagozkion lurralde historikoetako foru-ogasunenak eta udal-erakundeen ogasunenak.

2.- Autonomia Erkidegoko erakunde bakoitzaren Ogasunak eta bere lurraldean kokatuta dauden udal-erakundeenak autonomia osoz kudeatuko dituzte bere baliabide propioak, eta aplikagarri zaien legeriari bakarrik egingo diote men.

3.- Erakunde bakoitzeko ogasunaren baliabide propio izango dira Ekonomia Ituna osatzen duten zergen kudeaketaren bidez erdietsitako baliabideen banaketatik datozenak, baita beste diru-iturri batzuetatik etor dakizkiekeenak ere.

4.- Autonomia Erkidegoko ogasun publikoek, baita udal-ogasunek ere, Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari buruzko legeek eta horiek garatzen dituzten arauek ezarritako aurrekontu eta kontabilitate publikoko xedapenak beteko dituzte, Euskadiko sektore publiko osoa bateratuta egon dadila bermatzearren.

21. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko ogasunen finantza-baliabideak eta bere lurraldean kokatuta dauden udalenak

1.- Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren finantza-baliabideak hauek dira:

  1. Ekonomia Ituna osatzen duten zergak kudeatuz erdiesten diren diru-sarreren banaketatik datozenak.
  2. Autonomia Erkidegoak, hala egokituz gero, ezarritako zerga propioetatik datozenak
  3. Hala egokituz gero, Lurralde Konpentsaziorako Funtsaren transferentziak
  4. Tasa eta prezio publikoetatik datozenak, eta halaber, hala egokituz gero, diru-zehapenetatik datozenak.
  5. Bere ondaretik datozen errendimenduak.
  6. Kreditu-eragiketen emaitza.
  7. Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan xedatutakoarekin bat etorriz ezar daitezkeen beste edozein eratako diru-sarrerak.

2.- Dagozkion lurralde historikoetako foru-ogasunen finantza-baliabideak hauek dira:

  1. Ekonomia Ituna osatzen duten zergak kudeatuz erdiesten diren diru-sarreren banaketatik datozenak.
  2. Bere ondaretik datozen errendimenduak.
  3. Tasa eta prezio publikoetatik datozenak.
  4. Kreditu-eragiketen emaitza, hala egokituz gero.
  5. Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan xedatutakoarekin bat etorriz ezar daitezkeen beste edozein eratako diru-sarrerak.

3.- Udaletako ogasunen finantza-baliabideak hauek dira:

  1. Ekonomia Ituna osatzen duten zergak kudeatuz erdiesten diren diru-sarreren banaketatik datozenak
  2. Udal-zergetatik datozenak
  3. Bere ondaretik datozen errendimenduak
  4. Tasa eta prezio publikoetatik datozenak
  5. Estatuaren edo beste erakunde batzuen transferentzietatik datozenak
  6. Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan xedatutakoarekin bat etorriz ezar daitezkeen beste edozein eratako diru-sarrerak.

22. Artikulua.- Ekonomia Ituna osatzen duten zergetatik datozen finantza-baliabideen banaketa-printzipioak

1.- Ekonomia-itunaren sistema osatzen duten zergetatik datozen finantza-baliabideak (zergak eta udal-tasak), lege arau-emailearekin bat etorriz horien kudeaketa dagozkion lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokienean, Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren, dagozkion lurralde historikoetako foru-ogasunen eta beren lurraldean kokatuta dauden udalen toki-ogasunen artean banatuko dira, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.- Aurreko zenbakian xedatutakoa hala izanik ere, Ekonomia Itunaren parte diren udal-zergetatik datozen baliabideak, horiek erregulatzea eta ordainaraztea foru-aldundiei dagokienean eta tokiko diru-sarreratzat jotzen direnean, banaketa honi begira egin beharreko zenbaketatik kanpo geratzen dira.

3.- Erakunde desberdinen artean finantza-baliabideen banaketa, artikulu honek aipatzen duen moduan, hurrenez hurren titular diren eskumenei dagozkien gastu-eskakizunei erreparatuz egingo da, horien guztien finantza-nahikotasunaren printzipioa bermatuz.

4.- Erakunde desberdinen artean finantza-baliabideak banatzean, artikulu honek aipatzen duen bezala, biztanle bakoitzeko gastua orekatua eta solidarioa izateko moduan jokatuko da, baina salbuespenezko egoera iragankorretan neurri bereziak hartu ahal izango dira.

5.- Euskadiko Autonomia Erkidegoko ogasunen diru-sarrerak, baldin eta Ekonomia Ituna osatzen duten zergetatik kanpo badago horien jatorria, salbuetsita egongo dira lege honetan ezarritako banaketa-arauak aplikatu behar izatetik, eta ez dira kontuan hartuko ondorio horiei begira. Dagokion erakundeak erabakiko du haien xedea, komenigarritzat jotzen duen moduan, bere finantza-autonomia gauzatuz, bere eskumenak finantzatu ahal izan ditzan.

23. Artikulua.- Lurralde historikoen ekarpenak

1.- Lurralde historiko bakoitzeko foru-aldundiak Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta Euskadiko udalen aurrekontuen finantzaketarako egoki den diru-zenbatekoaren ekarpena egingo du, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Ekarpen hori Ekonomia Ituna osatzen duten zergak kudeatuz erdietsitako baliabideetatik etorriko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoak Estatuari ordaindu beharreko Kupoaren ekarpena bertatik deskontatu ondoren.

2.- Foru-aldundi bakoitzari dagokion ekarpenaren zenbatekoa zehazteko, lurralde historiko bakoitzaren errenta hartuko da kontuan, eta lurralde historiko bakoitzaren zerga-ahaleginaren eta Autonomia Erkidego osoko batez besteko zerga-ahaleginaren arteko erlazioa alderantziz modu proportzionalean zenbatetsiko da.

3.- Eusko Legebiltzarraren lege batek erabakiko du, ezartzen den denbora-epe bakoitzerako, baliabideak banatzeko eta foru-aldundi bakoitzari dagokion ekarpena zehazteko metodologia, artikulu honen 1. zenbakian adierazitako baldintzetan.

4.- Artikulu honek aipagai duen legeak erabakiko ditu udal-finantzaketarako fondoa osatuko duten baliabideak, eta Ekonomia Ituna osatzen duten zergetatik datozen baliabideak banatzean udalek izango duten parte-hartzearen koefizientea finkatuko du. Halaber, udalen artean banatzeko irizpideak finkatuko ditu, eta besteak beste, erabakitzen diren haztapen-koefizienteekin, udalerri bakoitzeko biztanleria, udal-zergen gaineko zerga-presioa eta egoki jotzen dituen gainerakoak agertuko dira, eta era horretan, fondoa osatzen duten baliabideak horien artean banatuko dira oso-osorik, legean ezarritako irizpideak zuzenean aplikatuz.

5.- Udalen finantzaketarako fondoa osatzen duten baliabideak dagokion lurralde historikoko udalen artean banatuko dituzte foru-aldundiek, artikulu honetan aipatzen den legean ezarritako irizpideak aplikatuz.

6.- Gobernuari dagokio Eusko Legebiltzarraren aurrean baliabideen banaketarako metodologiaren lege-proiektua aurkeztea eta foru-aldundi bakoitzak Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari eta udalen finantzaketa-fondoari egin beharreko ekarpena erabakitzea. Gobernuak aurkeztutako proiektuari zuzenketak egiteko ahalmen osoa izango du Eusko Legebiltzarrak, eta egoki iruditzen zaizkion baldintzetan onetsiko du legea, Ganberaren funtzionamendua erregulatzen duten arau-xedapenak aplikatuz.

7.- Urte bakoitzeko urriko lehen hamabost egun naturalen gehieneko epearen barruan, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak finkatuko ditu hurrengo ekitaldian Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari eta udalen finantzaketa-fondoari foru-aldundiek egin beharko dizkioten ekarpenak.

8.- Lege honen 26.3 artikuluak aipatzen duen legea onesten baldin bada, erabaki hori Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko zaio horren berri izan dezan, eta lege hori aplikatuz ondorioztatzen diren ekarpenetan oinarrituz prestatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak eta foru-aldundienak.

9.- Lege honen 26.3 artikuluak aipatzen duen legea ez badago, aurreko denbora-epeari dagokion legean ezarritako metodologia aplikatzen jarraituko dute behin-behinekoz, ekitaldiko epealdiari dagokion legea onesten denean egokitzapen batzuk egin beharko dituzten arren. Erabaki hori Eusko Legebiltzarrari jakinaraziko zaio horren berri izan dezan, eta lege hori aplikatuz ondorioztatzen diren ekarpenetan oinarrituz prestatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak eta foru-aldundienak.

10.- Euskadiko Aurrekontu Orokorrak luzatzeak, aldi berean, foru-aldundiek azken ekitaldian egitera behartuta egon diren ekarpenak luzatzea ekarriko du, zenbateko eta epemuga berdinekin, baina dena den, aurrekontu berriak onesten direnean, bertan jasotako ekarpenak sartuko dira indarrean, eta hala egokituz gero, aldeengatik egoki diren likidazioak egin ahal izango dira.

11.- Lurralde historikoen ekarpenak zehaztu ondoren, Autonomia Erkidegoak Estatutik eskumen edo zerbitzu berriak bere gain hartzen baldin baditu, eta dagokion kupoaren ekarpena eginez horiei eusten lagundu badute, Autonomia Estatutuaren 41.2.d) artikuluan xedatutakoarekin ba etorriz, urte horretan foru-aldundiek Euskadiko Ogasun Orokorrari egin beharreko ekarpenak Estatuari ordaindu beharreko kupoak izandako murrizpenaren pareko zenbatekoan gehituko dira.  Irizpide bera aplikatuko da eskumenak gauzatzearekin loturiko aldaketa hori alderantziz gertatzen bada.

12.- Lege honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Autonomia Erkidegotik lurralde historikoei edo horietakoren bati eskumenak edo zerbitzuak eskualdatzen zaizkienean, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onetsi ondoren erabaki bada transferentzia hori eraginkor bihurtzen den urtean, eskumenak edo zerbitzuak jasotzen dituen foru-aldundi bakoitzak ekitaldi horretan egin beharreko ekarpenen murrizpena finkatuko du, Aurrekontu Orokorretan lurralde bakoitzari izendatu zaizkion eta eskualdaketa eraginkor bihurtzen den datan erabiltzeko dauden kredituen zenbateko berean, aurrekontuetan sartu baina data horretan jaso ez diren gainerako tasa eta diru-sarrerak murriztuz, eskualdatutako eskumena edo zerbitzua gauzatzetik ondorioztatzen denaren arabera.

13.- Artikulu honen aurreko apartatuetan aipatu diren zerbitzu edo eskumenak eskualdatu izanaren ondorioz foru-aldundien ekarpenetan gertatzen den gehikuntza edo murrizpena proportzionalki banatuko da lege honen 24. artikuluan adierazitako epeetan, eskualdaketa horiek egin diren unean oraindik gauzatzeko zeuden ekarpenak ordaindu daitezen.

24. Artikulua.- Lurralde historikoen ekarpenen eraginkortasuna

1.- Lurralde historikoek egin behar dituzten ekarpenak sei epe berdinetan gauzatuko dira, urte bakoitzeko otsaileko, apirileko, ekaineko, uztaileko, urriko eta azaroko lehen hamabostaldiaren barruan.

2.- Euskadiko Ogasun Orokorrak diruzaintzako aurrerakin batzuk eskatu ahal izango dizkie foru-aldundiei, Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari eta udalen finantzaketa-fondoari foru-aldundi bakoitzak egin beharreko ekarpenetatik jaso beharreko baliabideen kontura. Aurrerakin horien helburua, hain zuzen ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorrak gauzatzeak eragindako ordainketa eta sarreren epemuga-aldeengatik sor litezkeen diruzaintzako desfaseak estaltzea izango da. Aurrerakin horiek itzuli egin beharko dira epemugara iristen direnean eta, edonola ere, eskatu izan diren aurrekontu-ekitaldia amaitzen denean. Arrazoi beragatik, foru-aldundiek Euskadiko Ogasun Orokorrari egin behar dizkioten ekarpenen ordainketan luzapen bat eskatu ahal izango diote, artikulu honen 1. apartatuan adierazten den moduan.

3.- Aurreko zenbakiak aipagai dituen aurrerakin eta luzapenek foru-aldundien ekarpenak erabakitzen dituen legean adierazten den interes-tasa sortuko dute.

4.- Indarreko Ekonomia Itunean ezarritako arauekin eta prozedurarekin bat etorriz, lurralde historiko bakoitzari dagozkion eta Autonomia Estatutuaren 41.2.d) artikuluan zehaztutako kupo orokorra osatzen duten Estatuarekiko kupoak zehaztu eta zenbatu ondoren, foru-aldundiek igorpen egokiak egin ondoren, Euskadiko Ogasun Orokorrak kupo orokor hori Estatuari aurreikusitako epeetan ordaintzeari ekingo dio, Gobernuak nahiz foru-aldundiren batek luzapenak eskatu ahal izango dituzten arren.

25. Artikulua.- Kreditu-eragiketak

1.- Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek kreditu-eragiketak itundu ahal izango dituzte urtebeteko edo hortik goragoko epe batez, horiek gauzatzen diren modua edozein izanik ere, bakoitzak dituen eskumenen eremuan beren inbertsio-gastuak finantzatzeko soil-soilik.

Halaber, urtebetetik beherako epea duten eragiketak egin ahal izango dituzte, diruzaintzako premia iragankorrei aurre egitearren.

2.- Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek kreditu-eragiketetan duten zorpetze-ahalmena indarreko legerian ezarritako mugetara egokituko da.

3.- Lurralde historikoek itundu nahi dituzten kreditu-eragiketak elkarrekin koordinatu eta harmonizatuko dira, baita Autonomia Erkidegoaren zorpetze-politikarekin ere, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren barruan.

4.- Lurralde historikoek Gobernuaren baimena beharko dute, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak proposatu ondoren, atzerrian kreditu-eragiketak itundu ahal izateko.

26. Artikulua.- Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagozkien fondo bereziak

1.- Lege honekin bat etorriz dagozkien eskumenak gauzatzeko beharrezkoak diren baliabideez gain, Autonomia Erkidegoko erakunde komunei beharrezko baliabideak esleituko zaizkie Autonomia Erkidegoaren egonkortasun politikoa eta ekonomikoa bermatuko duten neurriak hartu ahal izateko.

2.- Halaber, beren lurralde osoan errenta nahiz aberastasuna bai pertsonen eta bai lurraldeen artean birbanatzeko eskualde eta sektore mailako plangintza, sustapen eta garapen ekonomikoaren politikak burutzeko beharrezkoak diren baliabideak esleituko zaizkie erakunde komunei.

3.- Urte bakoitzari dagozkion lurralde arteko berdintze-fondoan barneratuta dauden baliabideak Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan barneratuko dira programa berezi gisa, eta lurraldeen artean ekonomia edo ongizate arloan dauden desorekak gainditzeko xedatuko dira, bai Autonomia Erkidegoko lurralde historiko desberdinen artean eta bai horietako bakoitzaren barrualdean ere.

27. Artikulua.- Udalen finantzaketa-fondoa

1.- Lurralde historikoen ekarpenetatik datozen finantza-baliabideekin udalen finantzaketa-fondo bat eratuko da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko udalen urteko aurrekontuak finantzatzeko xedea izango duena.

2.- Eusko Legebiltzarrak ezarriko ditu, legez, Autonomia Erkidegoko udalen artean udalen finantzaketa-fondoa osatuko duten baliabideak banatzeko irizpideak. Nolanahi ere, banaketa-irizpide horiek finkatzen dituenean, legeak udalei esleitzen dizkien eskumenak, horietako bakoitzaren biztanleria eta errenta, kokatuta dagoen lurralde historikoaren batez besteko errentarekin eta Autonomia Erkidegoarenarekin alderatuta, eta eskalako ekonomiak sustatuko ditu udal-zerbitzuak eskaintzeko orduan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Bakarra.- Azaroaren 25eko 27/1983 Legea indargabetzen duena

Indargabetuta geratzen da 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa, eta halaber, lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten edo kontraesanean dauden lege- eta arau-xedapen guztiak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena.- Erregelamenduz garatzea

Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren izaera orokorreko erregelamendu-xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.- Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako ordezkarien presentzia duten lankidetza, aholkularitza eta partaidetzarako kontseiluak berrikustea

1.- Lege hau argitaratzen den unetik aurrera, baina hori indarrean sartu aurretik, Gobernuko eta foru-aldundietako ordezkariek, kolektibo edo gizarte-erakundeetako beste pertsona adierazgarri batzuekin batera osatzen dituzten egungo lankidetza, aholkularitza eta partaidetzarako kontseiluen edo beste organo batzuen antolamendua aztertuko du Eusko Jaurlaritzak, horiek lege horretara egokitu daitezen.

2.- Xedapen honetako aurreko zenbakiak aipatzen duen egokitzapen horretarako beharrezkoa izango da argi eta garbi bereiztea, lege honek ezartzen duen moduan, batetik, gobernuen arteko lankidetzarako kontseiluak eta, bestetik, botere publikoen jarduera-eremu desberdinetan gizarte-interesak dituzten partaidetza-kontseiluak edo organoak.

3.- Xedapen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatu diren kontseilu edo organoen antolamendua aldatzea beharrezkoa denean, legez araututako kontseiluen kasuetan horretarako beharrezkoa den lege-ekimena gauzatuko du Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta horretarako beharrezkoak diren lege-arauak onetsiko ditu, horrelakoen sorrera edo erregulazioa erregelamendu-izaera duten araudien bitartez gauzatu denean.

Hirugarrena.- Zergapideen Elkaregokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen V. kapitulua aldatzea

Hirugarrena.- Zergapideen Elkaregokitasun, Erakidetasun eta Lankidetasunari buruzko maiatzaren 30eko 3/1989 Legearen V. kapitulua aldatzea

"16. Artikulua. Zerga Kidekaketarako Saila

1. Zerga-kidekaketarako saila sortzen da, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluaren barruan bertako sail tekniko gisa barneratuko dena, eta honela osatuta egongo da:

a) Eusko Jaurlaritzaren hiru ordezkari, Herri Ogasun eta Dirubideetarako sailburuak proposaturik dekretuz izendatuak, eta horietako batek lehendakari gisa jardungo du.

b) Foru-aldundi bakoitzeko ordezkari bana.

2. Zerga Kidekaketarako Sailak, bere lehenengo bileran erabakiko ditu jarraitu beharreko jardunbide-arauak. Betiere, erabakiak baliozkoak izateko, erabateko gehiengoa beharko da.

3. Eusko Jaurlaritzako Herri Ogasun eta Dirubideetarako Sailak emango dio Zerga-Kidekaketarako Sailari, aginduta dauzkan egitekoak betetzeko behar dezan teknika eta arduralaritza-mailako laguntza.

4.- Artikulu honetako lehen atalean xedatutakoa gorabehera, Zerga Koordinaziorako Atalean sartuko dira, botoarekin eta hitzarekin, lehendakariak hautatutako hiru udalerrietako ordezkariak, EAEko inplantazio handiko udalerrien (soilik tokiko zergei dagokienean, lege horretako 7. eta 11. artikuluekin xedatutakoaren arabera) elkarteak proposatutakoak. Euskal udalen ordezkagarritasunaren aniztasun politikoa bermatzeari begira, Autonomia Erkidegoko udal-hauteskundeetan boto-kopuruari dagokionez ezarpen handiena lortu duten hiru indar politikoetako kideen esku geratu behar dute aipatutako izendapen horiek, eta edonola ere, zinegotzi hautetsien izaera eduki behar dute. Kasu horietan, gehiengo osoaren bidez onetsiko lirateke hitzarmenak, betiere, gehiengo horrek eremu instituzional bakoitzeko ordezkari bat (autonomia erkidegoko ordezkaria, foru ordezkaria eta udal-ordezkaria) badu".

17. Artikulua.- Zerga Kidekaketarako Sailaren egitekoak

Zerga Kidekaketarako Sailaren egitekoak honako hauek dira:

a) Zerga-kudeaketan eraginkortasun hobea lortzeko xedez, foru-aldundiek zerga-agintepideak betetzean, horien arteko erakidetasuna eta lankidetasuna bultzatzea.

b) Lege honetako 11. atalak aipatzen duen txostena egitea.

c) Zerga-arloan Euskal Herriko Autonomi Elkarte osorako erakundeek edo kondaira-lurraldeetako foru-erakundeek eska diezazkioten txosten guztiak egitea.

d) Egindako kudeaketa edo ikuskaritzari buruzko argipideak emanez, euskal Herri Ogasuntzak egindako lanen osatutako txostena urtean-urtean argitaratzea.

e) Lege honek edo beste batzuek agintzen dizkioten beste guztiak".

Laugarrena.- Indarrean sartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu eta hurrengo aurrekontu-ekitaldian sartuko da indarrean, baina inola ere ez argitaratzen denetik hiru hilabete igaro baino lehen.

6. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

OGASUNAREKIN ETA ONDAREAREKIN LOTURIK

Euskal Sozialistak taldearen iritziz, titulu honek aurreko ekarpen guztietan aldarrikatu den bokazio sozialarekin koherentea izan behar du. Alde horretatik, eta beste taldeekin bat etorriz, uste du, botere publiko desberdinek diru-sarrerak erdiesteari dagokionez, aurrerakortasun, harmonizazio eta berdintasunaren printzipio orokorrean oinarritua egon behar duela, eta halaber, zerbitzu publikoak, aberastasunaren birbanaketa eta kalitateko enplegua sortuko duen garapen ekonomiko iraunkor eta arrakastatsua bermatzeko helburua eduki behar du.

Halaber, denak bat datoz, aho batez kasu honetan, gure ekonomia-itunaren sistemaren inguruan, eta hala, Estatutu berrian indartu egin beharko litzateke, 1979az geroztik gertatutakoa kontuan izanik:

  • Elkartasunezko eta aldebakarreko arriskuzko sistema itundu baten bidez berritu izan dute orain arte hori egiteko ardura duten bi erakundeek, hots, Espainiako eta Euskadiko administrazioek, itun mugagabe bihurtu arte.
  • Indartu egin da horien segurtasun juridikoa, jar litezkeen helegiteen aurrean.
  • Europako agintaritzek berariaz aitortutako egitura bat da.

Euskal Sozialistak taldearen iritziz, Ekonomia Ituna sendotu izanari ospe handiagoa emateko modurik onena ez litzateke Estatutuaren bitartez bakarrik izango, baizik eta gure berezitasuna berariaz aintzatetsiko duen konstituzioaren erreforma baten bitartez, baliabide publikoen banaketan ziurtasun, egonkortasun eta orekaren printzipioekin bat etorriz, eta, bestetik, finantza-autonomiaren, nahikotasunaren, erantzukizun partekatuaren, koordinazioaren, elkartasunaren eta lurralde arteko berdintasunaren printzipioekin bat etorriz.

Edonola ere, eta Ogasunaren eta ondarearen kapituluan zerga, finantza eta ekonomia arloko gaiak jorratzen direnez gero, beharrezkoa da gogoratzea Ekonomia Itunak zerga-gaiei bakarrik heltzen diela, eta horren araubidea ezin dela beste bi eremuetara estrapolatu, beste talde batzuek proposatu duten moduan, eta are gutxiago, aurrekontuko defizit eta egonkortasunaren printzipioak aplikatzeari buruzko aldebiko itun-formula batera, Konstituzioan berriro aldatu ahal izateaz gain, izan ere, horrelako gai bati Estatuak erantzun behar baitio, eta ez autonomia-erkidego batek, Europako erakundeen aurrean.

Autogobernuaren eguneraketari ere eman nahi zaion bultzada modernizatzaile honetan, eta itunaren printzipio orokorrak eta sendotzea abiapuntutzat harturik, eta Euskadiko botere publikoen eginkizunen barne-antolamenduari buruz egindako planteamenduei ere erreparatuz, Euskal Sozialistak taldeak egoki ikusten du orain aztertzen ari garen atal honetan Eusko Legebiltzarraren esku uztea zerga-arloko eskumena arau-emailea, erakunde horrek erabakitzen baitu denon baliabideen bitartez izandako aberastasunaren banaketaren gasturik handiena zertara xedatu, eta era horretan, finantza-ahalegin handiagoa eskatzen duten eskubide sozialak bermatzen ditu.

  • Proposatzen dugu adituen taldeak balioetsi dezala Legebiltzarra izatea Euskadiko ordezkaritza-organo politikorik gorena, zerga-sistemak duen esanahiarekin eta araugintza-ordena propioarekin, zeinak agintzen baitu legearen bitartez bakarrik ezar daitezkeela betebehar fiskalak eta Autonomia Erkidegoak beretzat gordetzen duela Eusko Legebiltzarrean lege-izaera duten arauak onesteko gaitasuna.
  • Proposatzen dugu, halaber, hamarraldi hauetako jarduna berrikusi dadila, eta oso bereziki azken krisialdikoa, lurralde historikoek zerga-arau horiek aldatzeari uko egiteak arriskuan jarri baitzuen zerbitzu publiko komunen iraupena, eta gainera, hainbat desegokitzapen eta desoreka ere eragin zituen.
  • Eta egoki da gogoraraztea, halaber, 1981. urteaz geroztik zerga-araugintzarako ahalmena esleitua duten organoek hori gauzatu izanak ez duela inolako eraginik Konstituzioan babestutako printzipioetan. Ez dago inolako legezkotasun-gatazkarik, Estatutuaren erreformak eskumen hori Legebiltzarra esleitzeagatik. Zeren eta, Konstituzio Auzitegiak ezarri duen moduan (76/1988 Konstituzio Auzitegiaren Epaia), Autonomia Estatutua, "horrela egituratutako Autonomia Erkidegoaren fundazio-araua, bai Erakunde Komunen fundazio-arau eta bai hiru Lurralde Historikoen autogobernu-ahalmena barneratzeko eta berregituratzeko (edo eguneratzeko) arau ere bilakatzen baita". Eta horrek esan nahi du Estatutua "Konstituzioak euskal naziotasunari aitortzen dion autonomia-eskubidearen adierazpide da, eta aldi berean, foru-araubidearen adierazpide eguneratua ere bai", Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian adierazitakoak babesten duela. Alegia, foru-araubidearen eguneraketa Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren testuinguruan bakarrik egin liteke, eta horrenbestez, bi eratako ondorioak izan ditzake: izaera autonomikoarekin bateraezinak diren eskubide historiko jakin batzuk "ezabatu behar izatea" eragin dezake, edo bestela, Autonomia Erkidegoari –subjektu berri gisa– bere antolamendu edo funtzionamendurako "ezinbestekoak diren" beste batzuk esleitu behar izatea ekar dezake (Konstituzio Auzitegiaren 76/1988 Epaia).
  • Halaxe gertatu zen, esaterako, naturaltasun eta zentzu guztiarekin, hezkuntza (irakaskuntza publikoa) edo poliziaren (Minoiak eta Mikeleteak) eskumenak Eusko Jaurlaritzari (Estatutuaren 16. eta 17. artikuluak) izendatu zitzaizkionean, historikoki foru-erakundeek bete izan dituzten arren. Hortaz, ez dago eragozpenik zerga alorrean araugintzaren eskumena Legebiltzarrari eskualdatzeko, inertzia politikoek eta hamarraldi hauetan sortutako interesek eragin ditzaketenez gain.

Titulu honek, eta halaber, udalaren botere publikoak Estatutuan duen aitorpenari buruz arestian proposatutakoarekin bat etorriz, berariaz jaso beharko luke toki-ogasunek baliabide, berdintasun, autonomia eta zerga-erantzukizunaren printzipioak betetzen dituztela. Horrexegatik, ezarri beharra dago erakunde komunek toki-erakundeei bermatu egin behar dietela haiek eskaintzen dituzten zerbitzuen finantzaketa, deszentralizazioaren, subsidiariotasunaren eta administrazio-sinplifikazioaren printzipioen bitartez.

7. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

EUSKAL HERRITARREN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREI DAGOKIENEZ

Euskal Sozialistak taldearen iritziz gure autogobernuaren erreformarako prozesu baten funtsezko helburuak gure Erkidegoaren bokazio soziala indartzea izan behar du, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren barruan posible da hori. Alde horretatik, bere iritziz, hitzaurrean behar hainbat nabarmenduta geratu beharko luke horrek, eta halaber, atariko tituluan jaso beharko litzateke, estatutuaren testu berri batek helburu hori ezarri behar baitu, bere garaian adierazi genuen moduan, bai 2016ko urtarrilean egindako ekarpenetan eta bai 2018ko otsailean eta 2018ko maiatzean egindakoetan ere. Horrela egin ezean, ondorio juridikoak dituen eta gainerako artikuluak gidatuko dituen lehen apartatu hori auzi sinbolikoei eta identitarioei zuzendua egongo litzateke bakar-bakarrik, eta ez da hori gure taldeak prozesu honetan duen helburua.

Edonola ere, eta adituen taldearen esku utziz atal honek izan beharko lukeen kokapenik egokiena, sozialiston ikuspegitik beharrezkoa da euskal herritarren eskubide eta betebeharren gutun bat zehaztea, egungo Estatutuak eskubide horiei buruz egiten dituen aipamen orokorren lausotasuna gainditu dadin.  Egun indarrean dagoen Estatutua garatuz finkatu diren eskubide horiek argi eta garbi definitu beharko lirateke, hots: osasunerako, hezkuntzarako, gizarte-babeserako, etxebizitzarako, ingurumenerako, gizon-emakumeen arteko erabateko berdintasunerako, gardentasunerako eta baliabide publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubideak, edo eskubide horiek bermatuko dituen fiskalitate zuzen baterako eskubidea.

Era berean, kontuan hartu beharko lirateke babestu beharreko errealitate berriak, hala nola kalitateko enplegua eta teknologia berrietarako sarbidea edukitzea, datu-babesa, mendekotasun-egoeren aurreko autonomia pertsonala, adineko nahiz adingabeentzako bermeak, familiak babestea, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babestea...

Euskal Sozialistak taldearen iritziz lantalde honek ez luke oinarrien testu hau eztabaidatzeko fase horretan sartu behar eskubide horiei buruzko azalpenen erredakzio luzeegi bat eginez, baizik eta Ganbera honetan hautematen dituenen zerrenda nominal bat helarazi beharko lioke adituen taldeari, autogobernua eguneratzeko lanetan gauzatzeko dauden faseetan gehitu daitekeenez gain.

Jarraian, herritar horiek dituzten betebeharrak zehaztu beharko lirateke, hots, norberaren nahiz gainerakoen osasunarekiko errespetua, berdintasunerakoa, familia-erantzukizuna, norberaren partaidetzarekikoa, ingurumenarekiko errespetua, norberaren zergekin ondasun komunean laguntzekoa...

Erredakzio berri honek blindaje benetan eraginkorra ahalbidetzen du, eta era horretan, Estatutua maila goragoko lege organikoa denez gero, eskubide horiek lege arrunten bidez eraldatzea ez da gobernuko gehiengoen mende geratzen, gehiengo horiek edonolakoak izanagatik ere.

Herritarren eskubideak eta betebeharrak ezarri ondoren, eta eskumenei dagokien tituluari ekin aurretik, gehitu egin beharko litzateke Euskadiko botere publiko guztiek obligazioa dutela eskubide horiek guztiak beren eskumenen eremuan bermatzeko.

8. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

EUROPAR BATASUNAREKIN DITUEN HARREMANEI DAGOKIENEZ

Euskal Sozialistak taldearen iritziz, gure autogobernua eguneratzeari ekiteko arrazoi garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere, horren izaera soziala sakontzeaz gain, Europako errealitatera egokitzea da, egungo Estatutua idatzi zen garaian ez zelako horrelakorik aurreikusi. Eta gure ustez, testu berriak Euskadi Europako partaide gisa proiektatu behar du, Estatu Sozialaren eta Zuzenbidezko Estatuaren printzipioen gainean eta herrien dibertsitatearen gainean eratutako nazioz gaindiko batasun gisa ulerturik.

Horregatik, gure autogobernuaren erreformak bere egingo luke Europako eremua eraikitzea ahalbidetu duen araua, hau da: Europar Batasunari tokiko, erregioko nahiz nazioko subiranotasuna lagatzea, ekonomia, finantza eta merkataritza alorrean gero eta globalizazio zabalagoko politika komunak partekatuz, gure bizitzen alderdi guztietan nazioz gaindiko erronkei aurre egin behar dien mundu batean, segurtasun eta babesaren arlotik hasi eta klima-aldaketaraino, justizia fiskaletik sare telematikoen antolaketaraino, nazioarteko merkataritzaren antolaketatik migrazio-mugimenduak mundu osoarentzat arautzeraino.

Europar Batasuna, era horretan, eskumenen banaketa horretan bosgarren erakunde-mailatzat eratuko da, subsidiariotasuna errespetatuko duen baina solidariotasunarekin bat etorriko den eredu federal bati jarraiki. Udalek, lurralde historikoek, Autonomia Erkidegoak, Estatuak eta Europar Batasunak erakunde-arkitektura bateragarri bat eratua dute erakunde horietako bakoitzean adierazitako borondate demokratiko eta identitateekin, betiere Zuzenbidezko Estatuaren printzipioekin eta Lisboako Itunaren 2. artikuluan jasotako funtsezko eskubideekin bat etorriz.

Alde horretatik, egoki iruditzen zaigu Euskadiren eta Estatuko Administrazioaren arteko harreman-markoa berregituratzea Espainiak Europako gaietan duen jarrera zehaztearren, bereziki eskumen esklusiboak ditugun gaietan eta Europar Batasunak esku hartzen duenetan. Euskadiko botere publikoek bere gain hartu dituzten erantzukizunezko eremuei eragiten dieten Europako gai horietan parte hartzea bermatzeko modurik onena konstituzioaren erreformaren bidez izango litzateke, bai Espainiaren borondatea osatzen laguntzeko eta bai Europar Batasunean hartzen diren erabakiak dagozkion lurraldeetan gauzatuko direla bermatzeko ere.

Itun berri hori erdiestea ezinezkoa den bitartean, gaur egun ditugun aukeren barruan, Euskal Sozialistak taldeak beharrezko ikusten du:

  • Estatutu berrian Europar Batasunarekin ditugun harremanei buruzko kapitulu berezi bat ireki, Europako erabaki politikoetan gehiago eta hobeto parte hartzeko borondate hori jasoko duena, konstituzioaren egungo mugen barruan, Euskadiko eztabaida demokratikoan Europa beti gogoan edukitzea, eta maila askotako gobernantza-sistema horren barruan gure eskumen-mailak defendatzea.
  • Euskadik, Estatuarekin bat etorriz, Kontseiluko organoetan parte har dezala jasotzea, Espainiaren ordezkaritzaren kide izanik parte-hartze hori beharrezkoa denean, baita Kontseiluaren eta Batzordearen aholkularitza-organoetan eta prestakuntza-organoetan ere, Euskadiren eskumenei eragiten dieten gaiak aztertzen dituztenean, Espainiaren ordezkari gisa doan ordezkaritza horren buru izateko aukera izanik.
  • EBko ordezkari iraunkorren izendapenean Euskadik parte hartu ahal izan dezala barneratzea.
  • Estatuak Europako erakundeetan parte hartzen duenean bere presentzia Euskadiren esku utzi ahal izan dezala aurreikustea, bakarka nahiz beste erkidego batzuekin partekatuta, autonomiaren eskumeneko exekuzio-gaietan.
  • Aurreikusitako erregioko organoetan parte hartu ahal izan dezagula aurreikustea (Erregioen Batzordea, Erregioetako Batzar Legegileen Batzordea), eta Estatu ez diren erakunde politikoentzat etorkizunean ireki daitezkeen gainerakoetan.

Horrekin batera, Estatutu berriak euroeskualdeetan parte hartzeko formula aitortuko du, gaur egun Akitaniarekin dagoen bezala, baita herritarrei zerbitzuak eskaintzeko orduan lankidetza hobea ahalbidetzen duten gainerakoetan ere, betiere erregio horietako bakoitzari eragiten dion estatuko marko juridikoa errespetatuz.

9. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

ESTATUTUAREN ERREFORMARI DAGOKIONEZ

Euskal Sozialistak legebiltzar-taldearen iritziz, Estatutuaren erreformarako aurreikusitako prozedurak indarrean jarraitzen du gaur egun, Konstituzio eta Estatutuen beste testu batzuetan horrelako aldaketak egiteko aurreikusitakoarekin alderatuta, Legebiltzarrak erreforma-proposamena –lege organiko gisa izapidetu dadin Gorteetara igorri aurretik– onesteko beharrezkoak diren gehiengoei dagokien atalean izan ezik.

Alde horretatik, proposamen hori gehiengo absolutuaren ordez gehiengo kualifikatu batez baliozkoa izatea proposatzen dugu, eta beraz, bi herenek edo hiru bostenek eta, gutxienez, hiru taldek babestu beharko dute, adituen taldearen iritziz egokiena den formulari jarraiki. Ez da formula bitxia, ez beste batzuekin alderatuta bakarrik, zeren eta, adostasun indartuen bidez aniztasuna babestu nahi denean, horrelakoetara jotzen baitugu Ganbera honetan, eta horixe da legebiltzarreko izendapenen mende dauden organoetarako ere proposatzen ari garena. Horrela egiten ari gara, esaterako, duela hogei urte baino lehenagotik, EITBko Administrazio Kontseiluan, eta horixe ari gara proposatzen zuzendaritza hautatzeko, Arartekoaren erakundearentzat, Kontuen Euskal Auzitegiarentzat..

10. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARREKO AUTOGOBERNU-LANTALDEARI

XEDAPEN GEHIGARRIEI ETA IRAGANKORREI DAGOKIENEZ

Euskal Sozialistak legebiltzar-taldearen iritziz, beste talderen batek ere dioen moduan, egokia da gaur egun xedapen gehigarri bakarrari hitzez hitz bere horretan eustea. Gure jarrera, alde horretatik, bat dator gainerako tituluetan egin ditugun oharrekin. Xedapen bakar horri eusteak indarrean dagoen ordenamendu juridikoa onartzea esan nahi du, edo etorkizunean egon litekeena, baldin eta egun proposatzen ari garen konstituzio-erreforma bezalako beste bat adosten bada. Aldiz, ez luke zentzurik izango xedapen hori defendatzeak, baldin eta Estatutu berriaren gainerako testuan Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren hedadurari buruzko alde bakarreko interpretazio bat egiten bada, Estatutu baten bitartez hura aldatzea izango bailitzateke hori.

Xedapen iragankorrei dagokienez, Euskal Sozialistak taldearen iritziz, eta beste talderen batek dioen moduan, aurreikuspen bat egon behar du Estatutu batetik bestera igaroko garen uneari dagokionez, adituen taldeak hobesten dituen epe eta baldintzetan. Aurreikuspen hori, edonola ere, ezin daiteke izan ezinezko gurari bat, hiru hilabeteren buruan eskumen guztiak eskualdatzea, esate baterako. Gogorarazi beharra dago Legebiltzar honek, egungo Estatutuan eskualdatzeko dauden transferentziei dagokienez, sei hilabeteko epe bat adostu duela eskualdaketen egutegi bat finkatzeko bakar-bakarrik, eta beraz, ezingo genuke ulertu, teknikoki ezinezkoa izateaz gain, horiek gauzatzeko epea erdia izatea.

11. ERANSKINA. EUSKO LEGEBILTZARRAREN OSOKO BILKURAK 2017KO URTARRILAREN 27AN HARTUTAKO ERABAKIA

Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, 2017ko urtarrilaren 26an egindako bilkuran, 1/2017 Legez Besteko Proposamena onetsi du, Euskadiko autogobernua eguneratzeko lantalde bat sortzeari buruz, ondorengo testu honen arabera:

"Eusko Legebiltzarrak berariazko lantalde parlamentario bat eratuko du bere baitan, euskal autogobernua eguneratzeko.

Aurreko legegintzaldian pilatutako esperientziatik eta dokumentaziotik abiatuta, eta desberdinen arteko ahalik eta adostasun zabalena bilatuz, lantalde horrek bere lanak egingo ditu formulazio ireki baina zehatz bat lortzeko, gure autogobernua erreformatzeko eta eguneratzeko oinarri eta printzipioei dagokienez. Oinarri eta printzipio horiekin bat, lantaldeak ezarri edo adostuko du formula edo prozedura egokiena testu artikulatuko zirriborro bat egiteko, Gernikako Estatutuaren erreforma bat garatuko duena, ordenamendu juridikoa errespetatuta.

Oinarri eta printzipio horiek formulatzearen helburua da autogobernuaren eguneraketa eta berrikuntza aukera gisa hartzea euskaldunen gehiengo zabal eta plural batek berriztu dezan egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko balioko dion itun politiko eta soziala. Autogobernua zentzu zabalean ulertuko da, eta hartan jasoko dira, besteak beste, eskubide sozial, ekonomiko edo kulturalen sendotzea eta areagotzea, belaunaldien arteko solidaritatea, Euskadiko barne-arkitektura instituzionalaren diseinua, edo erakundeen eta herritarren arteko harreman-modu berriak.

Halaber, lantalde horrek euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondate politikoa errespetatuko du".

Gehiago irakurri

Elkarrizketak

Oraindik ez dago ekarpenik
Bota lehenengoa!