Estatus politiko berrian, eskumenak subjektu politikoaren (1) eta Estatuaren arteko harreman-eredu berriaren arabera mugatuko dira. Harreman-eredu hori aldebikoa, berdinetik berdinerakoa, konfederala eta elkarrenganako errespetuan eta aintzatespenean oinarritua izango da.  Bizikidetza-estatus berri bat antolatuko da, berezia, munduan eta Europan XXI. mendean biziko ditugun egoera ekonomiko, sozial eta politikoek ekarriko dituzten antolamendu politiko berriei egokitua.

Eskumen-esparru berriak barne hartu behar ditu, batetik, dagokion lurraldean erabiliko dituen eskumenak; eta, bestetik, estatuan eta Europar Batasunean eta kanpoko edo nazioarteko jardunean erabakiak hartzeko ahalmen eta gaitasun jakin batzuk.

Eskumenei dagozkien hartzekoak berritzea

Euskal autogobernua eguneratzerakoan, gure eskumen-hartzekoak berritu eta euskal gizartearen egungo eskari eta premietara egokitu behar dira, euskal autogobernua mugatzen duten eskumen-oinarriak birplanteatuz. Ikuspegi berri horrek aukera hauek eskaini behar ditu:

a) Indarrean dagoen Gernikako Estatutuan aintzatetsita dagoen baina titular den subjektu politiko juridikoari oraindik eskualdatu ez zaion botere-espazioa berrestea, berehala eta benetan bere gain har dezan.

b) Aintzatetsita dagoen baina legeria organikoak, oinarrizko legeriak eta Konstituzio Auzitegiaren doktrina murriztaileak lazki murriztu duen botere publikoa berreskuratzea eta foru-esparru batean kokatzea, hiru ahultze-eremu horietatik babesteko.

c) Indarrean dagoen Estatutuan zehaztutako eskumenak gehitzea. Zehazki, eskumenen katalogoan subjektu politikoko herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak ziurtatzeko nahitaezkoak diren eskumenak sartzea.

Artikuluak bat etorriko dira euskal herritarren eskubide eta betebeharren katalogoarekin eta euskal autogobernuaren printzipio gidariekin (bizikidetza-ituneko printzipioak, itun sozialeko printzipioak eta emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren aldeko ituneko printzipioak). Gai horietako eskumen-ondarea sendotu beharra dago, euskal erakundeek euskal gizarteak eskatzen dituen politika publikoak lantzeko behar dituzten tresnak izan ditzaten eta, era horretan, herritarrek zerbitzu publiko gehiago eta hobeak eskura ditzaten eta erakundeen erabakietan gehiago eta hobeto parte hartzeko aukera izan dezaten.

Halaber, 1978. urtearen ondoren sortutako errealitate sozial berriak aintzat hartuko ditu: immigrazioa, teknologia berriak, biztanleriaren zahartzeak eta biztanleria aktiborik ezak eragindako premiak eta klima-aldaketak, genero-berdintasunak eta herritarrentzako arreta osoko zerbitzuek sortuko dituzten erronkak, besteak beste.

Gauzak horrela, estatus politiko berriak gure herrialdearen autogobernu politikoan atzemandako huts eta mugak gainditzeko balio behar du. Horren harira, batetik, subjektu politikoak (1) arlo material osoetan politika publikoak ezartzeko duen legegintza-ahalmena indartu behar da, Espainiako estatuko beste botere-esparru batzuen aldean asimetrikoki garatzeko aukera aintzatetsiz; eta bestetik, euskal administrazioak euskal lurraldeko ohiko administrazio gisa antolatu behar ditu, eskumenak esleitzeko barne-ereduaren eta Espainiako estatuarekin eskumenak banatzeko adostutako esparruaren arabera, arauak egikaritzeko ardura haiena baino izan ez dadin, arau horiek aditzera emateko eskumena zer instantziak duen kontuan hartu gabe. Gauzak horrela, Espainiako estatuari dagozkion araudi-esparruetan, egikaritzeko eskumena euskal erakundeek izango dute, "egikaritze-estatu" federalen ereduan bezala, Alemanian kasurako.

Eskumen-esparru berrituaren oinarri juridiko konstituzionala Espainiako Konstituzioaren 1. xedapen gehigarrian eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren xedapen gehigarri bakarrean aintzatetsitako eskubide historikoak sistematikoki eguneratzea eta zabaltzea izango da. Proposatutako estatuarekiko harreman-eredu berria dela eta, printzipio demokratikoa ere eskumen-hartzeko berriaren iturri izango da. Horretarako, funtsean legezkotasunaren printzipioa eta printzipio demokratikoa batuko dira. Dena den, testu artikulatua idatziko duen taldeak, hala badagokio, beste printzipio batzuk ere gehitu ditzake, eskumenen funtsa handitzeko, baldin eta subjektu politikoaren eta Espainiako estatuaren arteko aldebiko harreman-eskema berriarekin bat badatoz.

Harreman-esparru berriak subjektu politikoaren aldeko eskumeneko hondar-klausula bat izango du. Horretarako, interpretazio berri bat sustatuko da, nazio anitzeko ikuspegiarekin, eta, era horretan, Espainiako estatuak beretzat berariaz gorde gabeko erabaki publikoko gai eta arloak euskal botere-funtsean egongo dira. Hortaz, mekanismo juridiko egokia bilatu behar da; foru-araubide berezia aintzatestea, adibidez.

Testu artikulatuak, aldebiko harremana lantzeko, kontzertu politiko modukoren bat prestatuko du, hau da, eskumen-eremuaren segimendu eta tratamendu politiko eta instituzionalerako tresna edo erakunde bat. Esparru horrek subjektu politikoaren eta Espainiako estatuaren arteko harreman konfederala antolatuko du, eskumen-hartzeko esklusibo eta bereizia antolatzeko eredu bat, zeinak subjektu politikoa estatuaren esku-hartzerik gabe egituratzea eta eraginkor bihurtzea ziurtatuko duen.

Eskumenak zehaztea eta mugatzea

Eskumenen funts berrituak arlo hauetako berezko politika publikoak erabat lantzea ahalbidetu behar die euskal erakundeei: bizikidetza eta demokrazian sakontzea –herri-galdeketak eta erreferendumak arautzeko ahalmena barne–; gizarte-, lan- eta enplegu-politikak, Gizarte Segurantza barne; kultura-, kirol- eta hezkuntza-politikak; hizkuntza-politikak; politika sektorial ekonomiko eta finantzarioak; gizarte- eta osasun-politikak; emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak; garraio, telekomunikazio, ikerketa, teknologia berri, komunikazio, ingurumen, lurralde-antolamendu eta etxebizitzako berezko politikak; eta herritarren segurtasuneko eta babes zibileko politikak. Hori guztia gizarte-premiei erantzutea lehentasuntzat hartuta.

Eskumenen esparrua eta sistema berrantolatzeak eta eguneratzeak eskumen-eremu berriez arduratzea eta eskumenen kontzeptu jakin batzuen irismena zehaztea ekarriko du. Alde horretatik, garrantzi berezia izango du eskumen partekatuak benetan hartzeak eta behar bezala ziurtatzeak, hutsal ez daitezen edo funtsezko edukia gal ez dezaten eta harreman-eredu berrira egokitu daitezen.

SJPren eta Espainiako estatuaren arteko harreman konfederal eta berezia dela eta, estatuari zer gai eta eskumen dagozkion adostu beharra dago; gainerakoak SJPren eskumenekoak izango dira.

Euskal herritarrak euskal estatus politiko berrian, Espainiako Konstituzioan, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean ezarritako oinarrizko eskubideen titularrak izango dira; baita Espainiako estatuak sinatu eta berretsitako giza eskubideen gaineko nazioarteko itunetatik eratorritako eskubideena ere. Alde horretatik, euskal erakundeek aipaturiko ordenamendu juridiko horietan aintzatetsitako oinarrizko eskubideak arautzeko eta lantzeko ahalmen arauemaile eta betearazlea izango dute. Horretarako, estatuko araudi organikoaren eragin-ahalmena mugatuko da; hau da, estatuak “zuzenbidearen oinarrizko muina" bakarrik arautuko du, gutxieneko edukia adostuta, eta ez du euskal erakundeek arauak osatzea eta bermatzea eragotziko eta baldintzatuko.

Eskumenak handitzeko eremuak hiru multzo handitan banatu daitezke:

- Eskumenen lehen multzoa: Hemen sartuko dira ezaugarri bereizgarriak zaintzeko garrantzi berezia duten eskumen sektorial esklusiboak: hizkuntza, kirola eta euskal kultura; hezkuntza; osasuna; segurtasuna; enplegu publikoa; zuzenbide zibila; kontzertu ekonomikoaren araubidea; hiru euskal foru-erakundeen mailen berezko antolaketa instituzionala (bateratua, lurraldekoa eta udalerrikoa); eta Justizia Administrazioa (botereei eta ad intra antolaketa instituzionalari buruzko tituluan landuko da), berezko espetxe-politika barne.

Arlo horietan guztietan, kontzertu politikoaren birtualtasuna gauzatze aldera, funtsezko eskubideen oinarrizko muinaren edukia mugatzeko aldebiko ituna egingo da.

. Eskumenen bigarren multzoa: Euskal erakundeei dagokien lurralde-eremuko –jurisdikziopeko uretaraino hedatzen da– natura-baliabide eta azpiegituren jabari- edota ondare-titulartasuna aintzatetsiko die.

. Eskumenen hirugarren multzoa: Euskal botere publikoei lan-harremanetako eta gizarte-babes edo -segurantzako sistemekin zerikusia duten eskumen eta ahalmen esklusiboak emango dizkie. Testu artikulatuak, halaber, Espainiako estatuan kokaturiko sistemekiko lankidetza- eta elkartasun-mekanismoak jasoko ditu.

Halaber, euskal erakundeei kanpoko eta nazioarteko harremanetarako eskumen zabala eta Europako eta nazioarteko instituzio eta erakundeetan ordezkaritza-ahalmena aintzatetsi beharko dizkie. Eskumen-esparru hauetan, gutxienez, kanpo-proiekzioko jarduerak gauzatzeko aukera berariaz jasoko da: hizkuntza eta kultura; kirolak; gazteria; mugaz bestaldeko lankidetza; diaspora; kanpo-merkataritza; ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa; eta elkartasuna eta garapenerako lankidetza. Aintzatespen horren oinarria "in foro interno, in foro externo" eredua izango da, hau da: barne-eskumenak kanpoan ere erabili ahal izango dira. Proposamena da titulu bereizi batean lantzea; hala ere, eskumenen funtsa arautzen duen tituluan dagozkion aipamen eta erreferentziak jarriko dira.

Toki-araubidean eskumen berezia. Subjektu politikoari toki-araubidean eskumen berezia aintzatetsiko zaio, erro historiko sakonak dituelako. Horren harira, "ad intra" antolaketa instituzionala arautzen duen tituluan jaso eta aintzatetsiko da tokiko botereak euskal erakunde-sistemaren parte direla.

Ekonomia-, finantza- eta zerga-araubidea ere landuko du eta, alde horretatik, Kontzertu Ekonomikoa zaintzeko eta indartzeko eta haren berezitasunari eusteko apustu irmoagoa egingo du. Hauek dira hori lortzeko proposamenak:

  • Gernikako Estatutuaren 41. artikulua aldatzea; hau da, argi uztea kontzertu ekonomikoaren foru-sistema tradizionalak ekonomiaren arlo guztietan jardungo duela estatuarekiko harremanetan; finantza-, ekonomia- eta zerga-arloetan, hain zuzen ere.
  • Aurrekoarekin bat, testu artikulatuak ogasunaren berezko gaiak "itunpeko gai" moduan osatzen eta biltzen dituen araubide bat eratuko du. Era horretan, berezko euskal legeriak araubide juridikoko eta administrazio-prozedurako azpigaietarako esparrua prestatu eta zabaldu ahal izango du, kontratu publikoen legeria eta diru-laguntzen legeria orokorra barne.
  • Halaber, azpimarratuko da Kontzertu Ekonomikoa "unibertso itxi bat" dela, "estatuaren eskumenekoak baino ez diren zergak eta foru-eskumeneko zergak arautzen dituena, itunpekoak izan ala ez".
  • Testu artikulatuak berme juridiko eraginkorrak ezarriko ditu, ziurtatzeko estatuak behar den guztietan negoziatuko duela Kontzertu Ekonomikoko gai osoen gaineko bilakaera-hitzarmen bat, benetako aldebikotasuneko sistemak ezarriz.
  • Espainiako Konstituzioren 135. artikulua gure lurraldean aplikatzeko araubide bat prestatuko da, hala kontzertu ekonomikoko sistemarekin nola estatuarekiko harreman-esparru politiko berriarekin bat datorrena, estatus politiko berrian jasotako berezitasunean eta aldebikotasunean oinarritua.
  • Estatus politikoak baldintzatu gabeko eta erabateko eskumena eman behar dio subjektu politikoari bere kreditu eta zor publikoko politika egiteko.
  • Azkenik, herri-kontuak kontrolatzeko sistemaz ere euskal erakundeak arduratuko dira, zehazki Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

Estatuarekiko harremanen eredu berria: berdintasuna, aldebikotasuna eta ituna. Eskumenak blindatzeko mekanismoak

Proiektu politiko berrian jasotako estatuarekiko harremanen eredu berria "berezia" benetan aldebikoa eta konfederala denez, ezinbestekoa da, herri-administrazioen araubide juridikoari eta harremanen araubideari dagokionez (bereziki estatuarekiko harremanei dagokienez), Espainiako estatuarekin eremu bat antolatzea, proiektu berrian moldatutako aldebiko harremanaren izaera juridikoaren araberakoa.  Elkarrenganako errespetuaren eta erakunde arteko leialtasunaren kultura sakon eta zintzoaren oinarriak jarri behar dira, horiek izango baitira gure autogobernuaren euskarriak. Nahitaezkoa da, halaber, itunpeko eremu hori mugatzea, subjektu politikoaren mugaz bestaldeko harremanak eta Europako eta nazioarteko partaidetza errespeta daitezen.

Eskumenen sistema estatuarekiko lankidetzaren eredu berri batekin osatuko da. Eredu horrek bi alderdi izango ditu:

1) Subjektu politikoaren partaidetza Espainiako estatuko sistemako lankidetza aldeaniztunean. Arlo formalari, erakunde arteko leialtasunari eta lurralde-elkartasunari dagokionez, bere horretan geratuko da; baina, arlo materialean, eskumenen asimetria dela-eta arrazoirik badago, hartzen diren erabakietatik kanpo utziko da.

2) Euskal foru-berezitasunaren tratamendua, non estatuarekiko aldebiko lankidetza-eredua nagusituko den, euskal kontzertu politikoaren bitartez kudeatuta.

Estatuarekiko aldebiko harreman-sistema berri horrek berme-araubide edo -sistema bat ezarri beharra dakar. Esparru politiko berriak jasotzen eta antolatzen dituen berme-sistemak eta blindatze-mekanismoek bat etorri behar dute elkarrenganako errespetu eta aintzatespenean oinarrituriko estatuarekiko aldebiko harreman-eredu konfederalarekin, eta euskal autogobernua blindatu eta alde batek bere kasa aldatzea eragotziko dute.

Testu artikulatuak harreman konfederalen berezko jarduera-printzipioak izango ditu eta bi alderdiek men egingo diete printzipio horiei. Lankidetza, elkartasun eta gobernantza oneko printzipioek argituko dute itun politiko berria.

Halaber, estatuarekin eskumenen inguruan sortzen diren desadostasun eta gatazkak aldebikotasuna, akordioa eta ituna oinarri hartuta konpontzeko behar adina mekanismo jarriko dira. Betiere, prebentzio- eta lankidetza-prozedurek izango dute lehentasuna, auzi-prozedura eta prozedura judizialen aldean.

Prebentzio nuklearrerako mekanismoa Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistoa (aldebiko foro parekidea) izango da. Batzordeak, batetik, behar den lankidetza sustatuko du hala itunpeko gaietan nola hala dagokien gainerako gaietan bi alderdiek beren eskumenak zer kondiziotan erabiliko dituzten objektibatzeko eta adosteko; bestetik, aldebiko lankidetza eta lankidetza aldeaniztunaren eta estatuarekiko elkartasunaren errespetua gauzatzeko parametroak zehaztuko ditu; eta azkenik, subjektu politikoaren eta estatuaren artean eskumenen arloan sor daitekeen edozein gatazkan esku hartuko du, lehen auzialdian.

Kontzertu Politikoaren Batzorde Mistoaren zeregin nagusia harreman eta eremu sektorialetan estatuko zer zuzenbide aplikatu behar den aztertzea eta hitzartzea izango da, betiere subjektu politikoak itunpeko gaietan bere gain hartu dituen eskumenak aintzat hartuta. Arauak gure lurraldean indarrean jartzeko ezinbestekoa izango da aipaturiko Batzordeak adostea. Batzordea alderdietako batek eskatzen duenean bilduko da.

Arbitraje-foro bat –parekidea eta aldebikoa–  sortzea aurreikusiko da, eskumenen inguruko gatazkak autokonponbide-formulen bitartez konpondu ahal izateko.

Eremu jurisdikzionalari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak azken buruan esku hartuko du eta haren eredua eta funtzionamendua harreman-sistema berriak eskatzen dituen inpartzialtasuna eta objektibotasuna ziurtatzen dituzten parametroen arabera berrantolatu beharko dira eta, horretarako, sala parekide berezi bat sortuko da.

Testu politiko berria behin betiko onartu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean. Epe horretan, dagozkion baliabide eta zerbitzu publikoen eskualdatze bakar eta behin betikoa itundu eta burutuko da.

Gehiago irakurri

Elkarrizketak

  1. Ramón Varela Olalde

    Como única objeción, la naturaleza de las relaciones no debería ser considerada como "confederal". Hacer uso de ese concepto podría traer confusión, especialmente porque actualmente la confederalidad es inconstitucional. Sin embargo, para justificar esa misma postura solo hace falta recordar los Derechos Históricos. El estado ya permite una relación bilateral en lo que al Concierto Económico se refiere debido a su naturaleza foral, por lo tanto la relación de bilateralidad nace de la naturaleza foral de los territorios históricos vascos. La relación ha de ser la estrictamente marcada por la naturaleza foral del territorio.

  2. Ander Santisteban Trueba

    Las competencias de Euskadi deben ser todas las competencias que le corresponden a cualquier país europeao, Las competencias que le corresponden a Euskadi deben de ser la totalidad de las competencias que le corresponden a cualquier país europeo. A excepción de defensa y casa real que le corresponden al estado español.